Kontratuak

Beste jarduera askotan bezalaxe, ontzigintzan ere kontratuak oso ohikoak ziren, kasu honetan armadore eta ontziolako arotzen artekoak edo hainbat lanbide ikasteko kontratuak.

1574ko urtarrilaren 9an, Donostian, (OPAH 958 paper-sorta, 82 eta 82 v, 83 eta 83 v orriak.) Nicolás de Ayerdi eskribauaren aurrean bildu ziren MM de Arriola eta Gregorio de Amasorrain. Bertan hitzartu zuten “Hogeita hamaika besabeteko gila, hamazazpi besateko zabalera duen ontzia egitea, bitaraino hamaika besateko neurria duena, eta txabetaraino hiru besate eta laurden”.

Alderdi kontratugileen betebeharrak zehatz-mehatz zehazten dira. Besteak beste, Gregoriok ontziolara bertara “zureria, oholtza handiak eta txikiak, gila, txarrantxak eta mastak, baita bita, dibidieta, lua, habeak eta lan egiteko beharrezkoa den bestelako zureria guztia, Arriolak Gregorio jaunari ontziaren eraikuntzarako beharrezkoak diren materialen prezio oso ordaintzen dion arte: hirurehun dukat idatzi hau sinatzen zen egunean, beste hirurehun dukat ontziari gila jartzen zaion egunean. Ontzia San Migel egunerako bukatuta egon beharko da, ureztaratu ahal izateko". Horrez gain, “Arriola jaunak Gregorio de Amasorrain jaunari hirurehun dukat txanponetan eman eta ordaindu zizkion, zilarrezko errealetan eta urrezko ezkutuetan".

Halaber, hitzarmena bete zedin beste hainbat baldintza zehatz ezarri ziren.

 

Istinkatzen ikasteko kontratua

1575ean, Joan de Aierdi arotz-maisuak Joanes de Agirreren semea hartu zuen ikastun, eta horretarako kontratu bat sinatu zuten, alderdi bakoitzaren betebeharrak zehaztuz.

Agirreren semea arotz eta istinkatzaile ikastun bezela arituko zen bere maisuarekin hiru urtetan zehar. Lehen urte eta erdian erreal laurden eta erdiko soldata jasoko zuen, eta beste hemezortzi hilabetetan, erreal erdiko soldata.

Maisuak, ikastunari tresnak eta jantziak emateaz gain, egunero jaten eman behar zion, baita festa egunetan ere.

Ikastunak maisuaren esanak bete behar zituen, eta maisua zintzoa izan behar zen ikastunarekin, lanbidea behar bezala irakatsi behar zion, ikastaldiaren amaieran arotz-ofiziala izan zedin.

Ikastunak, ontzi bat berak bakarrik istinkatzen zuen momentuan, maisuak ikastunarekiko zuen konpromisoa amaitutzat joko zuen, eta ez zion soldatarik ordainduko.

Ikastuna gaixorik jartzen bazen edo etxetik kanpo egon bazen, galdutako lanegunak hiru urteko ikastaldia amaitu ondoren errekuperatuko beharko zituen.

Eta ikastunak maisuaren etxetik behi-betiko alde egiten bazuen, mutikoaren aitak eguneko erreal bat ordaindu behar zion maisuari, ikastaldiaren epea eta kontratua amaitu arte. Horrez gain, kasu horretan, maisuak etxeko lanen batean laguntzarik behar bazuen, mutikoak lagundu beharko zion, eta ordainetan otorduak bakarrik jasoko zituen.

 

Oharra: Lan hau egiteko Antxon Agirre Sorondoren hainbat lan eta argitalpen erabili dira, gai hau oso sakonki aztertu baitu.