Orgagileak

Aipatu berri dugun lehen gurdi motak egiten aritu zen artisau garrantzitsu bat Florentino Idigoras Elgoibartarra, Urkiola-Txiki izenaz ezaguna zena. Gizon hau 52 urtetan aritu zen jardunean, Txankakua zubi ondoan zuen lantegian. Lanbidea bere anaiarekin ikasi zuen, eta hura hil zenean, bere ordez hasi zen lanean. Balterran (Nafarroa), Litago familiak, eskualde hartan erabiltzen ziren gurdiak egin zituzten 1870etik aurrera eta duela gutxi arte

Bi kasuetan, hasiera batean lana eskuz egiten zen, zeioak, aizkorak, garlopak, eskuzko zerrak, laztabinak eta trintxak erabiliz. Geroago, prozesua mekanizatzen joan zen. Litago Anaiak, 1940 eta 1945 artean, zinta-zerrak, arrabotak, egur eta burdin zulagailuak,  lan-mahai mugikorra zuen zerra eta egurrezko hagunak kurbatzeko makina erabiltzen hasi ziren. Makina horiei guztiei ardatz eta polea bidezko transmisio sistema orokor bat eragiten zien. Elektrizitate-etenak ohikoak zirenez, Lister motor bat erosi behar izan zuten. Horrez gain, lantegian sutegi bat eta ingude bat ere bazituzten, egurrezko gurdia sendotzeko erabiltzen ziren burdinazko piezak egiteko.

Elgoibarko lantegi horretan, 1950 aldera zinta-zerra eta arrabota erabiltzen hasi ziren, baina fabrikazio prozesuak gehienbat eskuzkoa izaten jarraitu zuen.

Bi kasuetan, gurdiak egiteaz gain, lantegietan bestelako jarduerak ere egiten ziren. Idigorasek, gurdiez gain, teilatuetarako egiturak egin eta muntatzen zituen; eta Litiagotarren kasuan, orgak, lau gurpiletako gurdiak (8 tona arteko kargakoak), goldeak eta bestelako nekazaritza lanabesak egiten zituzten.

Orokorrean, arotzei, eta batez ere orgagileei, estimu handia izaten zitzaien usadioz, eta nahiko soldata ona irabazten zuten, antzeko indarra eta ezagutza behar zen lanbideetan irabazten zenarekin konparatuta.