Organistak

Antzina-antzinatik, gizakiak era guztietako tresnekin sortu izan du musika. Horien artean, organoak garrantzi berezia izan du. Organoa jotzen eta bertan musika konposatzen adituak direnei organista esaten zaie.

Nahiz eta talde ezberdinetan sailkatzea zaila izan, bi talde garbi daude: alde batetik, profesionalak direnak, eta ikasketa luzeen ondorez, organoa bikain jotzeaz gain, maisutasun handiz konposatzeko ere gai direnak. Gehienetan herri garrantzitsuenetako elizetan egiten dute lan.

Bestalde, musika ikasketa handirik izan gabe, bokazio eta dedikazio handiz, organoa funtsean behintzat jotzen ikasi dutenak, eta organista profesionalak iristen ez diren elizetan ospakizunei handitasuna ematen dietenak daude. Azken hauei buruz hitz egin nahi dugu guk.

Iraganean, organisten izendapena liskar askoren iturri izan da, nahiz eta beste lanbide batzuetan baino askoz ere gutxiago irabazten den. Hala ere, arazo gehien sortu izan dituena organisten soldaten finantzaketa izan da. Organista askok, lan hori besteren batekin batera egin behar izan du.

Azken hamarkadetan, egoerak asko egin du okerrera. Oraindik ere organista asko dago, adinekoak gehienak, soldata kaskar baten truke edo batzuetan, soldatarik gabe, lan egiten dutenak. Bokaziozko musikari horien etorkizuna oso iluna da.

Herri askotan, pertsona horiek, benetan maitatuak direnak, batez ere musika erakutsiz eta abesbatzak sortuz, herrian musika garatzea lortu dute.