Paperezko orriekin liburuak zaharberritzea

Zaharberritze lanak gauza batzuk jakitea eskatzen du ekiten hasi aurretik: zaharberritu nahi den liburua egiterakoan erabilitako lehengaiak, gehigarriak eta tintak. Ezagupen horiek funtsezkoak dira narriaduraren arrazoiak jakiteko eta zaharberritze lanerako zein prozesu erabili erabakitzeko.

Paperezko euskarria duten liburu eta agiriak zaharberritzeko oinarrizko prozesuetan, zaharberritzaileak iraunarazte alderdiari (liburuak) begiratzen dio gehienbat, eta ez hainbeste alderdi estetikoari (grabatuak eta planoak, besteak beste).

Zaharberritzen hasi aurreko azterketak agiriaren xehetasun guztiak eman behar ditu, hau da, paper mota, tinta eta koadernaketa (azalak, joskera, bizkarra, guardak, burukoak, lazoak, eta abar) nolakoak diren, baita kontserbazio egoera zertan den ere. Azterketak zehaztu behar du, era berean, orri urraturik edo apurturik dagoen, hutsarterik dagoen, eta abar; azidotasuna ere neurtu behar du, onddoak dituen ikusi, orbanen izaera zehaztu, intsekturik duen edota aurretik beste inolako zaharberritzerik (ohiz enpirikoak) nozitu duen. Datu horiek guztiak jaso ondoren, argazkiak aterako dizkie zaharberritzaileak alderdi garrantzitsuenei: gainaldea eta azpialdea oro har; andeatutako beste edozein xehetasuni ere argazkiak aterako dizkio.

Prozesuarekin jarraituz, garbiketa “lehorra” egingo da edo “mekanikoa”, txispoi batekin gainean jasotako zikina garbitzeko, edota gehigarriak kentzeko; batzuetan beste erreminta batzuk erabili behar izaten dira, hala nola, espatula edo goma. Adabaki, zinta itsasgarri eta holakoek arazo bereziak sortarazten dituzte.

Liburua desmuntatzea edo deskoadernatzea abilezia berezia eskatzen duen eginkizuna da. Horretarako, era askotako erremintak erabiltzen dira liburuaren atal guztiak erabat askatu arte.

Liburu eta agirietan erabiltzen den paperak eta oro har kultur adierazpenetan erabiltzen den edozein materialek iraunkorrak izan behar dute. Material horientzat oso kaltegarria izaten da materialek berez izaten duten produktuen ondorioz sortutako azidotasuna. Hori dela eta, oso garrantzitsua da pH neurtzea pH neurgailu batekin. Beharrezkotzat jotzen bada, ohiz gertatzen den moduan, papera garbitzera jotzen da, betiere aldez aurretik tinten disolbagarritasun probak egin ondoren, hain zuzen azidoak kentzeko. Ondoren, berriro neurriak hartzen dira eta premiazkotzat jotzen bada, azidoa kentzen da etorkizunean babestuko duen erreserba alkalinoa jartzeko; operazio horien atzetik, berriro neurtu behar da pH-a, ea 7,5 eta 9 bitartean dagoen ikusteko.

Materialak mikroorganismoak baditu, desinfektatu egin behar da berariaz prestatutako produkturen batekin; eta horretarako garbitze edo azidoa kentzeko prozesuan sartzen dira.

Apurtuak eta urratuak konpontzeko, bide bat edo beste aukeratzen da zer lortu nahi den eta zer garrantzia duen. Lehenera itzultzeak ere sarri egiten dira, hots, jatorrizkoari falta zaion zatian txaplata txertatzen zaio, betiere zaharberritu nahi den materialaren antzeko ezaugarriak dituena. Operazio hori ere, gainontzeko konponketak bezala, lehorrean edo hezean egin daiteke.

Prozesuarekin jarraituz, papera indartu eta babesteko zereginetara jotzen da; material berriari itsasgarriren bat ematen zaio, garbitzerakoan galdu duen gogortasuna berrekuratzeko. Txertakuntzak zapaldu ondoren, moztu egiten dira paper soberakinak eta prentsan sartzen da, koadernoak edo dena delakoak tolestu eta muntatzeko.

Komeni da gauza zaharberritua erregistratzea, hau da, deskripzioari zaharberritzearen deskribapen bat gehitzea: nola jaso zen liburua, inguruabarrak eta zaharberritze prozesuak izan dituen xehetasun guztiak. Hori horrela egiten da, batez ere antzinako liburuetan, bitxietan edo balio historiko eta kulturalen bat dutenetan, edota halakoa izan daitekeen susmoren bat dagoenean.

Aurretik eta ondorenHenar Pesoren zaharberritzearen aurretik eta ondoren: gubilaz grabatua eta foxing orbanak (onddoak gehi burdina).

zaharberritutako liburu batHenar Pesok zaharberritutako liburu bat (Julen Zabaletaren argazkia 04/05).

 

Geure eskerrik beroenak Henar Pesori eskura jarri digun informazio baliagarri guztiagatik.