Patxi Osa Iciar eta Jose María Oliden Albizu, Zumaiarrak

Angel Osa Arrizabalagak gogoan du Patxi, bere aita (1892-1964), 1915ean gutxi gorabehera hondartzaile gisa hasi zela Zumaian. Hasieran egurrezko gabarra bat erabiltzen zuen, 7/8 tona hondar eramateko ahalmena zuena, eta gero 10 tona eramateko prestatu zuen —lanbidez arotza zen—, bidaia bakar batean Eusko Trenbideen bagoi bat bete ahal izateko. Garai hartan bazegoen beste hondartzaile zumaiar bat, Antonio Irigoyen, hain zuzen ere.

Orioko hondartzaileen antzera, horien lana hondarra jasotzea zen. Ondoren, haien txaneletan zamatu eta deskargatzeko lekuetara garraiatzen zuten.

Guda Zibila baino lehen, eta bukatu ondoren ere bai, ontzia Narrondo ibaian izaten zuten amarratua “estaketan”, ibaiaren hondoan sartutako zutoinen ondoan, gaur egungo María eta José ikastetxetik hurbil. “Gabarra marea erdian ur gainean zegoenean” arraun egiten zuten “Zubi-txikia” pasa arte, eta han kaian lotzen zuten ontzia, gaur egungo Aita Mari zinemaren parean. Marea behera zegoenean, “Santixo hondartzaraino” iristen zen, bokaleraino.

Eskuinean txapazko gabarraEskuinean txapazko gabarra, hura gidatzen zuen San Antonio txalupa motordunaren ondoan.

Ontzia atzealdetik gobernatzen zen 5 edo 6 metroko inguruko arraun bakar bat erabilita. Hondartzaileak, zutik, zingan eginez maneiatzen zuen, hau da, bi eskuez atzera-aurrerako mugimendu azkarrak eginez.

Gabarrak hondarrean hondoa jotzen zuenean, eskuz kargatzen zen palak erabilita. Zeregin horretarako ordubete inguru behar izaten zen. Hondartzaileek hondarra lehorra egotea nahi izaten zuten, era horretan gabarran pisu gehiago sartu eta bere edukiera osoa baliatu zitekeelako. Zenbaitetan, aldeko korrontea izan arte itxaron behar izaten zen, eta une horiek lo egiteko aprobetxatzen zituzten. Ura igotzen zenean hankak bustitzen zizkien eta esnatu egiten ziren. Orduan abiapuntura itzultzen ziren.

Deskargatzeko lana palekin egiten zen, kaira edo kamioira zuzenean. Arestian adierazi dugunez, lan horrek ahalegin handia eskatzen zuen. Treneko bagoiak ere kargatzen ziren, zenbaitetan tona bat inguruko edukierako kubeta batez hornitutako esku garabia erabilita.

Hondar-eskatzaile nagusienak eraikitzaileak ziren (etxebizitzak, betelanak, telefono-lineetarako zangak eta abar), baserritarrak (baratzeak, “ganaduen azpia egiteko” eta abar). Hondarraren erabileraren adibide gisa Antxon Aguire Sorondok aipatutakoa jar daiteke. Lasarteko zalditokia egiteko, 1916. urtean, 800 hondar bagoi behar izan ziren. Orduan Eusko Trenbideak ekarri zuen hondarra Debatik, garai hartan zalditokitik gertu igarotzen baitzen. Garraio lana 100 egunetan egin zen, garai hartarako errekorrezko denbora izan zena.

1938/1940. urteen inguruan 6,5 pezeta kobratzen ziren gabarra batek eramaten zuen hondar guztiarengatik. Hamabost urte geroago 100 pezeta kobratzera iritsi zen.

Ontzi motorduna hondar-xurgatzaileIrisari, ontzi motorduna hondar-xurgatzaile eta guzti, Mapilleko bueltan. Atzean Uriberri-txiki.

José María Oliden Albizu zumaiarrari (1935) familiatik zetorkion hondartzaile ogibidea, haren aitona, aita eta osabak hondartzaile izan ziren eta. Oso gaztea zela hasi zen etxekoei laguntzen, horiek erabiltzen zituzten 15 tona arteko egurrezko gabarretan lanean.

Hondartzaileek jasotzen zuten ordain eskasa eta, batez ere, Gizarte-segurantzan alta eman gabeko laguntzaile bat kontratatzeak ekar zezakeen arriskua (bi hondartzaile joaten ziren) eta lan aukera berriak zirela eta, 1970. urtean jarduera aldatzea erabaki zuen. Erabili zuen azken ontzia txapazkoa zen eta xurgatzaile batez hornitua zegoen. Negozioan Etxabe anaiek jarraitu zuten, Xarrondo-bekoa baserrikoak, baina urtebete inguru beranduago ibaian itota hil ziren, lanean ari zirela.

Hondartzaile izateko beharrezkoa zen ibaia ongi ezagutzea, eta korronteak batez ere, zenbaitetan handiak eta aldakorrak izaten baitziren. Horretaz gain, eraman handiko pertsona izatea ere komeni zen. Batzuetan oso lo gutxi egiten zuten eta sarri hondartzan aldeko marearen zain egon behar izaten zuten.

GabarrakAlak eta gabarrak tradizionalki hainbat ondasun eta produktu garraiatzeko erabili ziren Oria ibaiaren ertzen artean.

Marea bakoitzeko bi bidaia egiten zituzten (egunero bi bidaia) Santixo-hondartzara, iraupen aldakorrekoak. Dena dela, ohikoena zen 10-15’ ematea harakoan, ordubete gabarra zamatzeko lanean eta 15-20’ inguru bueltakoan. Gauez lan egiten bazuten karburozko kriseilu batez laguntzen ziren. Zenbat eta marea handiagoa izan orduan eta hondar gehiago “sartzen zen” itsasadarrean, eta kasu horretan gabarra kargatu zezaketen uhaitzen kanpoaldeko ertzetik ibili eta itsasora atera gabe, oso arriskutsua baitzen, batez ere gabarra beteta itzultzen zirenean. Batzuetan, gabarrak Santixo-hondartzan hondoa jo eta gero hondarra bildu gabe bueltatzen ziren, itsasoaren egoera kaskartzeko arriskua zegoen eta.

Ahal bazuten, pertz batez hornitutako garabia erabiltzen zuten Zumaiako kaian hondarra deskargatzeko. Lan hori oso gogorra zen palaz egin behar zenean, hondarra zuzenean gabarratik kamioira deskargatuta. Horrelakoetan, kamioia gabarratik ahalik eta gertuen jartzen zen, arrapala jaitsi eta topea jartzen zitzaion. Hala eta guztiz ere, desnibela bi metrokoa edo handiagoa izaten zen. Batzuetan, Bedua eta Oikiaraino joaten ziren, baita Narrondora ere. 1970. urtearen inguruan hondarraren m3 80 pezetan saltzen zuten, eta prezioa 100 pezeta izan zitekeen Bedua edo Oikian entregatuz gero (ibaian gora, 4,5 kilometrora). Laguntzaileek prezio horien portzentaia bat kobratzen zuten.

Oso adierazgarria eta nabarmena da Antonio Oliden Egañaren (José Maríaren aita) egokitzeko gaitasuna (beste lan alternatiben faltagatik edo behartua). Argindarrarekin izan zuen istripu baten ondorioz ezkerreko eskua eta besaurrea galdu ondoren, hondartzaile gisa jarraitu zuen lanean. Arrauna besondoari lotzen zion larru bat erabiliz, eta horrek gabarra gobernatzen laguntzen zion.

Gaur egun, Oria ibaiaren bokaletik hondarra ateratzen da oraindik, baina lehen baino sistema mekanizatuagoak erabiltzen dira. Hondar eskaera handiena eraikuntzatik dator.

Harea-saltzaile donostiarrakHarea-saltzaile donostiarrak 1961ean, Urumearen bokalean lanean. Kutxa Fototeka.

 

Oharra: Javier Carballo Berazadik egindako ekarpenak oso baliagarriak izan dira lan hau egin ahal izateko.