Prozesua

Txistuen fabrikazioa erabat artisau lana zen. Maila goragoko musika tresna bat behar zenean, gorputza egiteko Mauricio ebanoa (beltza) erabiltzen zuen, Madagaskarretik ekarrita, baina ohikoagoa zen ezpela erabiltzea. Bi egur horiek gogorrak dira, dentsitate handikoak eta egitura trinko eta homogeneoa dute. Horri esker, mozketa oso garbia eta, leundu ondoren, edertasun handiko piezak lortzen dira. Ezaugarri horiek guztiak garrantzitsuak dira oso, hezetasuna xurgatzea ekiditen baitute, eta, era berean, behin soinua afinatu ondoren, hori aldaketarik gabe mantentzea ahalbidetzen dute.

Produkzio prozesuari hasiera emateko tornuko platerean egur karratutxo landugabea lotu eta aurpegitu egiten zuen, ondoren erdiko zuloa zuzen egin ahal izateko. Zulo hori egiteko barauts etxe bat kokatzen zuen kontrapuntuan standard serieko tresna bat erabilita. Hori dela eta, ezin izaten zuen zuloa tornuan behin bakarrik jarrita bukatu, barautsa txistua bera baino motzagoa izaten zelako. Egur piezaren erdia zulatuta, plateretik askatu eta kontrako aldetik lotzen zuen berriro, eta, beste aldea aurpegitu ondoren, zuloa bukatzen zuen. Bi aldeek erabat zentrokideak izan behar zuten, horrela izan ezean, hau da zuloa desbideratuz gero, gutxi izanda ere, txistuaren soinua kaltetua gerta baitzitekeen. Merkatuan serie luzeko barautsak lortu zituenean, behin bakarrik lotuta hasi zen zuloak egiten.

Mekanizatuarekin jarraitzeko, pieza tornuan lantzeko puntuen artean eusten zuen, eta kanpoko aldeko diametroa leuntzen zuen, itxura konikoa emanez. Ondoren, mokorra, aurretik pieza nagusia egiteko erabilitako material berean egina, sartzen zuen, erdiko zuloa ixteko, eta, jarraian, ahokoa eta doitzeko erregelatxoa kokatzeko zatiak fresatzen zituen. Gero, zulagailu batez airea kanporatzeko zuloak egiten zituen.

Txistu

Edertzeko eta eusteko eraztunak altzairuzko xafla zerrenden bidez egiten zituen, eta beharrezko neurrira moztu, bildu eta soldatu egiten zituen. Ondoren, soldatze lanaren soberakinak limaz leuntzen zituen, eta sabel itxura ematen zien. Gero, leundu eta nikeleztatu egiten zituen.  Txistulariak eraztun hatza sartzeko duen eraztuna alanbrezkoa egiten zuen, eta gainerako lanetan eraztunekin erabilitako prozedura bera eramaten zuen.

Ahokoa eta mihia ere artisau lanak ziren oso. Ahokoa egiteko xafla behar zuen neurrira mozten zuen eta, bildu eta itxura egokia eman ondoren, soldatu, limatu, leundu eta nikeleztatu egiten zuen. Mihiari dagokionez, metalikoa hori ere, moztu eta limatu egiten zuen, forma egokia lortu arte.

Ahokoaren inguruan dagoen goiko aldeko ziria limaz prestatzen zen, gorputza fabrikatzeko erabilitako material bera erabilita. Ahokoa, kokatu ondoren kolaz itsasten zen, eta erabat lehortu arte besarkagailu batez lotzen zen. Ondoren, kanpoko aldea limaz konpontzen zen.

Ebano beltzez egindako txistuak ez ziren tindatu edo margotzen. Ezpelez egindakoak, berriz, hori-limoi kolore naturalean utz zitezkeen, baina arruntena izaten zen muntatu aurretik tindatzea edo beltzez margotzea.

Muntatzea eta batez ere soinua doitzea zailtasun handiko lanak izaten ziren, eta zeregin horietarako Patxikok gailu bat erabiltzen zuen, "diapasoia" izenekoa. Julen Zabaletak egindako marrazkian diapasoiaren egitura nolakoa zen ikus dezakegu.