Perratzaileak

Animalia potroan edo ferratzeko instalazioan kokatu ondoren, lehenbizi ferra zaharrak kendu behar zitzaizkion. Horretarako arraspa, mailua eta kurrikak erabiltzen zituzten. Lehenbizi iltzeen puntak tentetzen zituzten, horrela ferra altxa eta atera ahal izateko.

Jarraian, ferratzaileak  horretarako berariazko hortz lau bat erabiliz, animaliaren apo edo apatxak garbitu eta berdintzen zituen. Lan horretarako trebetasun eta eskarmentu handia behar ziren, oso garrantzitsua baitzen. Izan ere, lan hori behar bezala egiten ez bazen, ferra ez zen behar bezala ahokatzea lortzen.

Prozesuaren fase horretan, ferratzaileak adi ikuskatzen zituen apoak, infekzioren bat zegoen ikusteko. Antxon Agirre Sorondoren arabera (Albeitares y herradores lanean), “infekzioa bazuen, bisturia eta legra erabiliz ebakia egin eta odola atera behar zitzaion". Jarrian ur oxigenatua erabiliz desinfektatu eta veteril spray izeneko substantzia ematen zitzaion (iraganean agoarrasa erabiltzen zuten desinfektatzeko, eta gero ukendua ematen zitzaien).

Hori guztia egin ondoren, ferra berria jartzen zitzaion. Ferra apoaren tamaina berekoa izan behar zen. Horretarako, ferra animaliari probatu ondoren, ingude gainean jarri eta beharrezko kolpeak emanez tamaina zehatza ematen zitzaion. Ferrei behin-betiko tamaina eman ondoren, animaliari behin betiko kokatzen zitzaizkion. Horretarako piramide formako iltze bereziak erabiltzen zituzten, eta alboetatik ateratzen ziren puntak kurrikekin mozten zituzten. Azkenik, kurrikak edo hortzak erabiliz, apoen soberako aldea mozten zuten.