Perratzaileak

Usadioz, gizakiak animaliak erabili izan ditu pertsona eta gauzak garraiatzeko. Horregatik, zaldi, asto eta mandoen apoak eta idien nahiz behien orpatxak babestu behar ziren, horiek higatzea ekiditeko. Horretarako hainbat baliabide ezberdin erabili izan dira, baina seguru asko erabiliena ferra edo perra izan da. Tresna horiek, aurreko eta atzeko hanketara ondo lotuta, apoak baldintza onetan mantentzea laguntzen zuten.

Euskal Herrian, lan horretan aritzen zirenak ferratzaile edo perratzaileak ziren, eta askotan ferrak ere egiten zituzten artisauak ziren. Azken urteetan, eskariaren gainbeheraren ondorioz, ferratzaile kopurua nabarmen gutxitu da. Izan ere, nekazaritza lanak mekanizatu egin dira, eta gaur egun, idi probetan aritzen diren idiek bakarrik behar izaten dituzte artisau horien zerbitzuak. Horregatik, ez da harritzekoa gaur egun lan horretan aritzen diren artisauak nahiko zaharrak izatea. Denek gaztetan ikasi zuten lanbidea, eta erretiroa hartzen dutenean garai batean horren ezaguna zen perratzailearen irudia desagertu egingo da.

Perratzailleak(Argazkia Javier Carballo).

Lanbide horretan aritzeko animalien gaixotasun batzuk ekiditen eta sendatzen jakin behar zuten. Horrez gain, ondo ferratzen jakitea oso garrantzitsua zen. Hori guztia jasotzen du 1760an argitaratu zen Nueva práctica de herrar liburuak. Bertan honakoa adierazten da: "pentsa dezagun gizon batek animalia ez ferratzea erabakitzen duela, edota animalia ferratzen duela, ferra bat gehiegi estutzen diola, eta ferra hori ez diola inoiz askatzea. Jakina, animaliaren atzazalak handitzen doazen heinean, ferraren inguruan bira eta biragune askorekin haziko litzateke, ferrara gehiegi estutuz. Horrek min handia sorraraziko lioke animaliari". Gauza bera gertutako litzateke apo edo apatxak dituzten animaliekin: “animalia bat ez bada ondo ferratzen, ezingo du behar bezala ibili eta lan egin".