Pikatxoiak

Pikatxoiak forjatzeko Bizkaiko labe garaietako Siemens 3-4 altzairua erabiltzen zuten. Hori 2 eta 3 metro bitarteko luzera eta 50 eta 60 mm bitarteko sekzio karratuko barretan erosten zuten, fabrikatu nahi zen piezaren neurria nolakoa zen.

Barra horiek erabilgarriago izan zitezen, gutxi gorabehera 1 m luzerako zatitan mozten ziren; horretarako sutegian goritzen zituzten ia-ia kolore zuria hartzen zuten arte, berehala kurrikarekin helduz mailu hidraulikora eramaten zuten, eta beste langile batek taiel bat jartzen zion gainean. Berehala, mailua abian jartzen zen eta taiel gainera erortzen zen taiela bortizki kolpatuz; holako 4 edo 5 kolpe emanda, barra bi zatitan mozten zuten, eta zati horietako bakoitzean, jada hoztuta, beste zati batzuk markatzen zituzten, berriro zatitzeko eta zatiki horiekin pikatxoia egiteko. Pikatxoiak egiteko zati horien markak, lortu nahi zen pikatxoiaren pisukoak izateko moduan egiten ziren.

Barra horiek, jada 1 m ingurukoak eta 20-28 kg-koak izaten zirenak, sekzioa nolakoa izan, berriro sutegian sartzen ziren. Sutegian sartutako muturrak berriro forjarako tenperatura hartzen zuenenan, kurrikarekin helduta atera eta berriro mailu hidraulikora eramaten zen, hor kolpeka barra zapaldu, ijeztu eta estutu egiten zuten, kolpetik kolpera pieza desplazatuz eta biratuz harik eta ertz batean pikatxoiaren gutxi gorabeherako forma lortu arte, hau da, "ganga" lortu arte.

Forjariak lan hori eskuz egiten zuen, mailu azpian zegoen barra abilezia eta azkartasunez mugituz, kontuan izan behar baita mailua azkar mugitzen zela, ia 140 kolpe minutuko. Forjariak, inolako txantiloi eta neurtzeko tresnarik gabe, bere eskarmentu eta trebakuntzaz baliatuz, gutxi gorabehera ematen zion piezari pikatxoiaren itxura. Berehala eta oraindik mailuaren azpian zegoela, aldez aurretik barran egindako markatik mozten zuten, ertzari pikatxoi forma eman ondoren, taiela jarriz. Berriro labera, bereizitako zati hori goritu eta pikatxoiaren forma ematen zioten beste ertzean, hau da, lehenaren forma ematen zioten.

Era horretara, pikatxoi erdilandua lortzen zuten; batzuetan pikatxoi landu gabe horiek zeuden zeudenean saltzen zizkieten herrietako errementariei, horiek tokian tokiko ohiturak eta apetak kontuan izanik behin betiko forma eta akabera eman ziezaieten. Forjari eta laguntzaile batek, totxoa lantzen hasten zirenetik, 50 pikatxoi inguru fabrikatzen zuten egunean mailu hidraulikoa erabiliz.

Pikatxoia El Pobalen bertan amaitu nahi izaten zutenean, ohiz aurrean zehaztu diren operazioak egiten jarraitzen zuten baina labe txikiagoetan eta pieza ingude gainean eskuz kolpatuz.

Hori guztia burdinola nagusiari atxikitako lokal batean egiten zen; leku horretan lau sutegi zeuden eta sutegi bakoitzaren ondoan ingude bana. Ingude eta labe bakoitzean bi edo hiru langileko talde batek lan egiten zuen.

Pikatxoiari akabera emateko lana erdiko zuloa eginez hasten zen. Beraz pikatxoiaren erdian zulo bat egin behar izaten zitzaion bertan egurrezko kirtena sartzeko. Lehenbizi, piezaren erdialdea goritzen zuten beraiek zekiten kolorea lortu arte, eta forjari batek eskuz batez piezari kurrika batez heltzen zion eta beste eskuarekin puntzoi bat jartzen zuen zulatu nahi zen lekuan; hala zegoela, beste batek indarrez kolpatzen zuen mailuarekin puntzoi hori piezari zuloa egin arte. Behin lehen zuloa eginda, beste puntzoi bat sartzen zioten diametro handiagokoa, "saetilla" izenekoa, eta gero beste bat eta beste bat. Guztira, lau puntzoi erabiltzen zituzten lortu nahi zuten zuloa egin arte.

Ondoren, eta mazo batekin ingude gainean kolpatuz, leundu eta forma ematen zieten begi egin berriaren kanpoko aldeei. Forjari batek, adituenak, adierazten zuen zein zona nahi zuen leundu mailu batekin kolpatuz; lekua hala adierazi ondoren, besteak 4-5 kg-ko mailutzarrekin hasten zen kolpatzen lortu nahi zen leuntasuna eman arte. Prozesuak horrela jarraitzen zuen ertzak edo "ganga"k leunduz eta luzatuz, hau da, behin betiko forma emanez; horretarako, mailu berezi bat erabiltzen zuten, mutur zapal eta zabalekoa, materiala hobeto luzatu eta zapaltzeko. Pieza berriro berotu eta ingude gainean, bi olagizonen artean pikatxoiari punta ateratzen zioten alde batean, eta beste aldea zapalduz zorroztu egiten zuten, pikatxoiaren bi ertzak lortu arte.

Eginkizun hauetan ari zirela, pieza hoztu egiten zen eta orduan berriro sutegian sartu behar izaten zen labeko ikatz piztuen artean.

Ia behin betiko forma ematea lortzen zutenean, begitik burdinazko kirten bat, "el maneral" deitua, sartzen zioten pikatxoiari, horrekin ordura arte zuzenak ziren ertzak okertzeko. Pieza horrela zegoelarik, 200-300º C-ra, limatoi batekin ertzak zorrozten zizkioten, eta hala pieza erabat forjatutzat eta amaitutzat jotzen zen.

50etik 100 pieza inguru forjatzen zituztenean erremintak gozatzeko prozesua hasten zen, hau da, altzairuari gogortasun jakin bat ematen zioten higadura eta deformazioaren kontra. Lan horrek lanaldi erdia behar izaten zuen gutxi gorabehera. Pieza gozatzeko, labean sartzen zuten piezaren mutur bat kolore gorri-laranja lortu arte, eta berehala hoztu egiten zuten, kurrika batzuekin piezari heldu eta urez beteta zegoen ontzi batean erdira arte sartuz. Beste muturrarekin ere gauza bera egiten zuten, eta hala, piezari akabera eta gozatua eman ondoren, erreminta amaitutzat jotzen zen. Pieza gordinean lantzen hasten zirenetik eta gozatua amaitu arte, bi langilek 8 pikatxoi inguru egiten zituzten egunean.

PikatxoiaPikatxoia egiteko faseak (Julen Zabaletaren marrazkia).

pikatxoiak egiteko prozesuaJulen Zabaletak zehaztasunez erakusten du pikatxoiak egiteko prozesua.