PILOTAGINTZA GAUR EGUN

Eskuz egindako pilotak egiteko ez da inbertsio handirik behar materialari dagokionez, bai ordea trebetasun eta ardura handia.

Materialak errazak dira lortzen, eta ez dute oso kostu handirik ere; balio handiena prestatze lanak eskatzen duen denbora da, gutxi gorabehera bi ordu eta erdi baitira esku huskako pilota profesional baterako.

Lehen elementua pilotaren mamia da, kanika baten neurriko zur edo plastikozko bola txiki bat izan ohi dena bera. Antzina ezpel zurezkoa izaten zen.

Esfera hori latexezko tira batzuez biltzen da, azalera osoa hartuz, behar dugun diametrora iritsi arte. Antzina, latexaren ordez kautxuzko tira edo zerrendak erabiltzen ziren. Pauso honen ondotik prestatua dugu jada kiskia, zenbaitek ‘potro’ ere deitua.

Ondoren artile naturalezko hari bat, artile birjinezko bat alegia, biltzen zaio kiskiari, betiere pilotaren biribiltasun edo esfera-formari eutsiz, nahi dugun diametroa daukagun arte.

Esferaren azken milimetroetarako, kotoizko hari bat erabiltzen da, artilea trinkotuta gera dadin. Azken geruza honi ematen zaion gogortasunaren araberakoa izango da pilotaren portaera, hots, izango duen botea edo irteera.

Segidan, txantiloi bat erabiliz ahuntz-larru onduzko bi pieza moztu behar dira, zortzi zenbakiaren forman, bolaren forrua egiteko. Larru horiek busti egin behar dira, bolari ongi egoki dakizkion, eta iltzetxo batzuekin lotzen zaizkio hari. Orduan larruak elkarri josten hasi behar da, argizari-hari bat erabiliz, eta guraizeekin ertzak mozten dira, hain zuzen akatsik gabe doituta gera daitezen. Forrua josteko lana oso garrantzitsua da, eta pilotaren fabrikazioko pauso delikatuena, honek erabateko biribiltasuna eduki behar du eta.

Joste lana amaiturik, pilota esfera-erdi formako molde batean jarri eta mailu batez jotzen da, azalera erregularra lortzen den arte.

Espezialitate eta kategoria bakoitzak, bai esku huskako pilotan bai erremintakoan, bere neurriak eta pisu zehatzak dauzka; horregatik, erabiltzen diren materialak ez dira beti berberak.