Piroteknikariak

Hasiera batean, piroteknia orokorrean sua maneiatzeareari esan bazitzaion ere, berdin aplikatu zen bai atal militarrean baita dibertimendu efektuak lortzeko ere. Ondorioz, kultura gehienetan, eta batez ere asiar herrietan, su artifizialek garrantzi handia izan zuten.  Garai bakoitzeko testigantzen arabera, egiptoarrek, eta geroago greko eta erromatarrek, hainbat produktu nahastuta, su artifizialak egiten zituzten, eta hauek nahiko zabalduta zeuden gainera. Bolbora, aditu askok diotenez, 1044. urtean Wu Ching txinatarrak asmatu zuena, aurrerakuntza oso garrantzitsua izan zen pirotekniaren garapenean, eta garapen horrek gelditu gabe aurrera egin du, gaur egungo produktuetara iritsi arte.

Festarako piroteknia eta hori ekoizteko berariazko teknologiak arabiarrek ekarri zituzten Europako mendebaldera XVIII eta XIX. mende artean, eta harrez geroztik, su artifizialak, betiere ohiko gorabeherak izan arren, nahiko hedatuak egon dira gaur egun arte. Espainia ere ez zen salbuespen aizan, “ez zegoen bolborarik gabeko festa edo ospakizunik", eta batez ere Levante aldean errotu zen bereziki. Hala ere, Italia jotzen da piroteknia modernoaren sorlekutzat.

Maisu piroteknikariak fabrikatzaile enpiriko edo esperimentalak izaten ziren. Ez zuten ezagutza zientifikorik izaten, eta horrez gain, pertsona misteriotsutzat jotzen ziren. Izan ere, nahasketa arraroen bidez, efektu harrigarriak lortzen zituzten, bakarrik eta isolatuta bizi izaten ziren, eta gainera lanbideari buruzko jakintza beren ikastunei bakarrik transmititzen zieten. Ikastunek sekretua gordetzera behartuta zeuden, eta horrez gain, ezin zituzten nahasketen errezetak idatzi, kanpoko norbaiten eskuetan eror ez zitezen.  XIX. mende erdialdetik aurrera, kimika garatzen hasi zenean, piroteknia nahasketa bakoitzean zeuden sustantzia bakoitzaren funtzioa argitu zen, eta hori kolpe gogorra izan zen maisu piroteknikarientzat. Baina era berean, kimika ezagutzei esker, horren arriskutsua zen autokonbustioa ekidin eta prebentzio neurriak garatu ziren.

Antxon Agirre Sorondoren arabera, Euskal Herrian, 1596. urtean erabili ziren su artifizialak lehen aldiz, Iruñeko festetan. Handik aurrera zaindariaren jaietan edo pertsona ospetsuren bat bisitan joaten zenean erabiltzen ziren su artifizialak. Hori guztia udaletako kontu-liburuetan dago jasota. Felix Maria Goñik dokumentazio eta informazio ugari bildu du euskal piroteknikariei buruzko lan bat egiteko (1). Bertan ia hogeita hamar piroteknikari azaltzen dira, historia eta biografiari buruzko informazio ugarirekin. Aipatzekoa da, piroteknikari gehienak garai berean hasi zirela jardunean, XIX. mende bukaera aldera. Hasiera bateko artisauen ondorengo batzuk lanbidean jarraitzen dute gaur egun.

Pirotekniaren arteaPirotekniaren artea, Diderot eta D'Alamberten Entziklopediaren arabera, VXIII. mendearen azken herena.

 

(1) Fuegos artificiales en Euskalherria. Pirotecnia y pirotécnicos. Felix Maria Goñi. Bilboko Udala. Kultura eta Turismo saila. 1999.