Produkzio-prozesua

Kimika garatzen hasi zenean, su artifizialetako elementu erregarri asko beste elementu berriagoekin ordezkatu ziren. Baina hala ere, nahiz eta erritmo ezberdinetan izan, aldaketak etengabe gertatzen dira. Iraganean bezala, gaur egun oraindik material pirotekniko ugari erabiltzen da, konposizioa egiteko erabiltzen direnetik hasita, artifizioa egiteko beharrezkoak diren materialak eta ekoizpenean laguntzeko materialetaraino.

Artifizio piroteknikoen fabrikazioan, oraindik ere oinarrizkoa da produktu egokien  konposizioak (nahasketak) lortzeko gaitasuna izatea, horrela nahi diren formak edo helburuak lortzeko. Lan horrek dauka arrisku gehien ekoizpen-prozesu osoan, elementu oxidatzaile eta erregai asko nahasten baitira. Gogoan izan behar da, dibertimenturako erabiltzeaz gain, nekazaritzan (kazkabarra eta izotzaren aurka, uzta babesteko edo euria eginarazteko), antzokietan (bengala argiak) eta itsasoan seinale gisa ere erabiltzen direla artifizio piroteknikoak.

Hiru eztandako suzirian jaurtiketa metxa jartzenHiru eztandako suzirian jaurtiketa metxa jartzen (C.U. 03/2001).

Suziri hegalariak, potentzia handiko artifizioak, oso denbora gutxian altuera handira heltzen dira, eta lanbidean igoera-suziri misto esaten zaie. Tamaina askotakoak izan daitezke, eta oso garrantzitsuak dira festetarako piroteknian.  Horrelako suziriak arreta, kontu eta doitasun handiz egin behar zituen suzirigileak (suzirigilearen artea). Lehenbizi kanabera biltzen zen, batez ere ibai ertzetan. Kanabera onena urte hasieran mozten zuten, gero lantegira eramaten zuten, eta han nahi zen neurriko pusketan mozten zen. Jarraian, kanaberan alanbre edo iltze bat jartzen zen (gasak kanporatzeko tximinia edo almarra egiteko), gero, koilaratxo batekin lur buztintsu lehorra botatzen zitzaion gainetik, eta zotz batekin ondoz apaltzen zen. Gainontzeko kanabera tartea bolboraz betetzen zen, eta horrela lortzen zen kartutxoa. Gaur egun egurra, kartoia eta Kraff papera erabiltzen dira suziriak egiteko. Hiru eztandako suziri bat lortu nahi bada, paperezko pita bat jarri behar zaio kartutxoari, eta bertan pizkailu ugariz osatutako konposizio bat sartzen da, bakoitza bere metxarekin, horrela eztanda tartekatzeko.

Hurrengo eragiketa norabide-haga jartzea da. Haga hori kontrapisua da, suziria egoera bertikalean mantentzen du, eta zuzena eta arina izan behar da. Hagak egiteko era askotako materialak erabili izan dira, bestak beste, arnea, ihia, lezka, kanabera (argi artifizialarekin zuzendua) eta egurra. Suziriak eztanda egin ondoren, haga horiek ikusleen gainean erortzea oso arriskutsua denez, gero eta gutxiago erabiltzen dira. Azkenik, metxa jartzen da tximiniaren zuloan.

Suziriak jaurtitzeko kartutxoan bolbora eta arabiar goma nahasketa eta metxa jartzenSuziriak jaurtitzeko kartutxoan bolbora eta arabiar goma nahasketa (finkatzeko) eta metxa jartzen. (C.U 03/2001).

Txupinazoan erabiltzen diren bonbak egiteko antzeko fabrikazio prozesu bat jarraitzen da, baina pizkailu gehiago jartzen da konposizioan. Traka izeneko artifizioak egiteko, soka baten luzeran hainbat suziri jartzen dira, eta elkarren segidan egiten dute eztanda. Seguru aski, zezensuzkoa Euskal Herrian asmatutako piroteknia pieza da, eta gure artean oso zabalduta dago. Egurrezko eta harri-kartoizko egitura du, zezen itxurakoa, eta horren gainean su finko bat eta hainbat suziri-jaurtitzaile jartzen dira. Egitura hori egiteko hainbat langile behar dira.

Maisu piroteknikariek su artifizial mota pila bat egitea lortu dute, eta hori argi eta garbi ikus daiteke bai herrietako festetan jaurtitzen diren su-artifizialetan eta batez ere hiriburuetan egiten diren lehiaketa eta jaialdietan ere. Su-artifizialak egiteko prozesu jakin batzuk menderatu behar dira, eta kasu askotan, beste lanbidetako profesionalen laguntza ere behar izaten da, besteak beste, arotzena, lehen aipatu dugun bezala.

ErremintakGaur egun suziriak egiteko erabiltzen diren erremintak. Zotza (hobi barruan) bolbora eta txinparta estutzeko. Hortza, hobi barruan tximinia egin eta gasak irteten uzteko. Koilaratxoa, hobia bolboraz edo beste edozein nahasketaz betetzeko erabiltzen dena. Egurrezko mailua, hobiko karga eta zotza estutzeko. Koilaratxo txikia, lurra buztinarekin kargatzeko. (C.U 03/2001).