El Pobal, burdingintzatik erremintagintzara

Gauza jakina bada ere, ez dago gaizki gogoraraztea burdinolek berebiziko garrantzia izan zutela gure Herria industrializatzeko bidean.

Hasiera batez haizeolak (airezko burdinolak) leku garaietan jartzen ziren. Horietan olagizonek egur-ikatz asko behar zuten labeetan jartzen zuten mea lantzeko; errekuntza haizeak berak eragiten zuen edota eskuz mugitutako hauspoz lortzen zuten. Eskuz mailukatzen zuten, halaber, lortutako burdin masa edo agoa, horri trinkotasuna eta forma emateko.

XIII. mende aldera berrikuntza handi bat gertatu zen haizeola edo agorroletan: zeharrolak sortu ziren, ibaietako uraz baliatzen ziren burdinolak. Uraz mugiarazten zuten gurpil bat (azelina) tarteko, olagizonen nekea arindu zuten eta lanaren errendimendua areagotu. Berriro XIX. mendearen erdialdera aurrerapauso bat eman zen. Gure herriko siderurgiak garai hartarako modernotzat jo daitekeen berrikuntza teknologikoa onartu zuen: labe garaiak (1).

Burdina ekoizteko prozedura desberdinen artean gertatu diren gainezartzeak oso garrantzitsuak izan dira. Ignacio Goenagak (2) 1882. urtean harridura erakusten zuen gertakizun horregatik, fabrikazio kostuetan ere alde handiak zeudelako, eta gehitzen zuen klase eta forma berdineko burdina gozoaren kintal metrikoaren prezioa, adibidez, burdina ijeztuarena eta bakoitzaren onura bulegoan, betiere mearen prezioa eta erregai begetal eta mineralarena kontuan izanik, honakoa da:

  • Ondo eratutako burdinola zaharretan: 30,50 pta.
  • Berritutako burdinoletan: 26,50 pta.
  • Tourangin prozedurako fabriketan: 20,45 pta.
  • Zeharkako prozedurako fabriketan (labe garaiak): 18,25 pta.

Esan daiteke haizeolak funtsezkoak izan zirela euskal siderurgiarako ia mila eta zortziehun urtetan; "zaharrola" hidraulikoak seiehun bat urtetan eta labe garaia nagusi izan dela azken ehun eta berrogeita hamar urtetan, nahiz eta XX. mendearen azken aldera hori ere gainbeherako bidean hasi altzairua lortzeko teknologia berrien eraginez, horiek txatarra erabiltzen baitute lehengaitzat burdin mearen ordez.

haizeolaOlagizonak haizeola baten lanean. Ricardo Barojaren koadroa.

Burdinoletan egindako burdinaren parte bat barratan esportatzen zen, eta beste bat produktu landuetarako erabiltzen zen. Eskuko erremintak, nekazarien lanabesak, burdineria eta iltzeak ziren batik bat produkzio horretako gai batzuk. Horiek egiteko, gutxienez XVIII. mendetik aurrera, ur indarrez mugitutako gabiak erabiltzen zituzten, ibaien alboetan egindako burdinoletan. Horietan batez ere totxoak luzatu egiten zituzten, ijeztu, hots, neurri komertzialetarako egokitu, eta bidenabar produktu erdilanduak egin. Baziren, berebat, sutegi txikiak herrietako lokaletan kokaturik; horietan burdina esku kolpez forjatzen zuten eta hainbat produktu egiten zituzten burdina ingude gainetan kolpatuz.

Urteetan zehar industria eta instalazio hidraulikoak merkatuko egoera aldakorretara egokituz joan ziren, bakoitzak espezialitate bat hartuz, adibidez, Oñati eta Otxandio, biak burdineria eta iltze ekoizpenean espezializatu garrantzitsuak.(3)

 

(1) Haizeolas. Ferrerías primitivas. Burdiñola. Legazpi, 1998.

(2) Estado actual y porvenir de la industria minero-metalúrgica de Vizcaya, Guipúzcoa, Navarra y Santander. Ignacio Goenaga, 1882. Colegio Oficial de Ingenieros Técnicos, Peritos y Facultativos de Minas de Bilbao, 1996.

(3) Sociedad y Vida Social Vasca en el siglo XVI. Mercaderes guipuzcoanos. José Antonio Azpiazu. Kutxa. Colección documentos. Donostia, 1990.