El Pobal burdinola

Bizirik irautearen eta garaian garaiko eskarietara egokitzearen eredurik nabarmena da El Pobal; noiz jarri zen abian ez badakigu ere, jakin badakigu azkena izan zela ixten Bizkaian. Tradizioak dioenez bertako sutegiko sugarrarekin piztu zuten Nuestra Señora del Carmengo labea abian jarri zuen zuzia, "Chacula"tik Barakaldoko Desiertora arte oinez eraman behar izan bazuten ere. Burdinolan ohikoak ziren jarduerak amaituta gero ere, bertako instalazioetan erremintak egiten jarraitu zuten.

El Pobal burdinolaren garapenean, gure Herriko beste askotan legez, lagungarri izan ziren, besteak beste, kalitate oneko mea edukitzea berton, hala nola baso baliabide ugari izatea. Burdinola hau Barbadun ibaiaren ertzean zegoen, Mayor (Mercadillo, Harluxeten) izena ere baduen ibaiaren ondoan, Muskizko udalerriaren barruan. Eraikina, izatez, tokiko nobleziaren jabetzakoa zen, errota eta eraikinean zegoen etxebizitzarekin bat. Burdinola, jabeek ustiatu zuten zuzenean zein beste batzuei alokatuz.

El PobalEl Pobal burdinolaren ikuspegia.

El Pobal eraikinaren jabetza askotan aldatu zen eskuz, Pedro Salazar Muñatonesen alargunak 3.000 dukatetan (1.122.000 marabedi) erosi zuen arte. Andre horrek ezin izan zionez zorrari aurre egin, enkante publikora (1) atera zen, eta Simón Orcajitasek egin zuenez eskaintzarik onena, berak hartu zuen esleipena. Horrek era berean Simón de la Cuadrari saldu zion 1696an, eta hala azken horren maiorazkoari atxiki zitzaion. Azken urteetan bi transakzio edo eskualdatze izan ditu. Bata, Manuel Ordoñez de Barraicua y Pérez de Table Villaríasko markesak Felipe Pérez eta Emilia Ibarrondo senar-emazteei egindakoa 1942ko maiatzaren 23an; salmenta horren agirian 81.000 pezeta ordaindu zirela adierazten bada ere, badirudi benetan ordaindutako kopuruak bikoiztu egin zuela zenbateko hori. Bestea, Bizkaiko Foru Aldundiak Pérez Ibarrondori egin dion desjabetzearen ondoriozkoa da; erakunde hori gaur egun birgaitze lan garrantzitsuak egiten ari da eraikinean.

El Pobal alokairuan izan dutenak ere ugari dira, besteak beste: Simón Cuadra (1685), aurreko lerroetan ere aipatua; Ibarra sendiak 1827an hartu zuen El Pobal, sozietate bat (Ibarra, Mier y Compañía) eratu eta ustiatzeko. Sozietate horrek, estatutuak aldatu ondoren, Guriezoko Nuestra Señora de la Merced  burdina fabrika jarri zuen abian. Pérez Ibarrondo sendiak ere alokairuan ustiatu zuen El Pobaleko burdinola erosi zuten arte.

urdinolaren barrualdeaBurdinolaren barrualdea. Aurrekoak forjako eginkizunetan ari dira. Barruan langile bat mailuaren abiadura kontrolatzen duen uraren pasabidea zaintzen.

El Pobal burdinolaren egitura gure herrian izan diren gainontzeko burdinolen antzekoa da.

Eraikin garaia, harriz egindako hormaduna; teilatuan egurrezko egitura, teilaz estalia. Ibaian gora zegoen harlanduz egindako presa; hortik, ubide baten bidez, urak eraikin nagusiari atxikitako askara edo andelera bideratzen ziren. Funtzionatzen egon zen azken urteetan (1958) segundoko 220 litroko ur aprobetxamendurako baimena zuen.

Askaren azpian zeuden egurrez egindako gurpil hidraulikoak edo azelinak egurrezko ardatz lodiei loturik. Gabia mugitzen zuenak hamabi pala leun zituen. Funtzionatzen aritu zen azken urteetan, lehengo egurrezko ardatz zaharraren ordez beste bat jarri zioten metalikoa.

Biraketa mugimendua eraikinaren barrura jada aipatu den ardatzaren bidez sartzen zen; horren gainean egurrezko zilindro edo danbor bat jartzen zen, uztai edo zirrindola metalikoz indartuta eta horiek ondo lotuta, beren eta egurraren artean sartutako ziri eta janta metalikoz. Danbor horretan burdinazko espeka batzuk ("malobrero"ak) sartzen ziren hortzak edo mazukariak eratuz. Horiek, danborrarekin batera biratuz gora eta behera mugitzen zuten gabia, horren ertzean zuen kirten edo enbor lodia espeketara iristen zelako. Gabitik danborrera arteko enbor lodi hori ohiz akazia egurrez egina izaten zen. Horrek erdialdera zulo bat izaten zuen eta hor ardatz antzeko zerbait ondo loturik, eta pixka bat atzeraka desplazatuta zeuden bi ertzetan erro bana.

Gurpil hidraulikoaGurpil hidraulikoa eta gabia mugitzen ardatza.

Enborraren beste muturrean jartzen zen gabi-mailuak 300 kg inguru pisatzen zuen, eta danborraren eraginez gora eta behera mugitzean altzairurtuz egindako ingudean kolpatzen zuen; ingudea egurrezko oinarri baten gainean oinarritzen zen.

Gabiaren ondoan egon bide zen forjatu beharreko materiala berotzeko labea. Berrogeiko hamarkadan egur-ikatzezko labe zaharra errekuntza-ganberako labe batez ordezkatu zuten; hori metalezkoa zen eta hormak adreilu erregogorrezkoak; erregaia, fuel-olioa.

Haizea sartzeko txandaka funtzionatzen zuten bi zilindro (putz-egileak) erabiltzen zituzten. Zilindro horiek, izatez, hiru harriz egindako bi zutabe angeluzuzenen barruan zulatutako hutsuneak ziren eta 50 cm inguruko diametroa zuten. Barruan egurrezko pistoi bat mugitzen zuten gora eta behera haizea botaz; horretarako, zilindroek balbula batzuk (txinboak) zituzten pistoiaren eta harrizko hormen artean larruzko disko batzuekin ondo doituta.

Burdinolaren barrualdeaBurdinolaren barrualdea, 1950 inguruan. Ezkerrean Angel Pérez Ibarrondo piezak gozatzen Antonio, eskuinean, eta José Mari, bere atzean, anaiekin batera.

El Pobal burdinolan haizea botatzen zuten bi pistoi horiei "barquineras" deitzen zieten. Horiek gabia baino biraketa-abiadura txikiagoz mugitzen zen gurpil hidrauliko batek mugitzen zituen; gurpil hidrauliko horrek bide batez zorroztarri bat ere mugitzen zuen, polea eta larruzko uhalez eratutako sistema baten bidez.

Gabi hidraulikoaren nabe nagusiaren ondoan, eskuz lan egiteko saila zegoen, haren eraikuntza ezaugarri berdinetakoa. Lantegi horrek sutegi handi bat zeukan erdi-erdian lau zuloduna, eta horietako bakoitzean ingude bana. Eraikin horren alboan planta berriko beste bat eraiki zuten eta hor indar hidraulikoz mugitzen zen gari errota bat. Burdinolan lan egiten zutenek ere eraikinean bertan zuten etxea, eta bertan ziren, halaber, ikaztegiak.

Berrogeiko hamarraldian 20 zaldi-potentziako turbina bat jarri zuten indar hidraulikoaren instalazioak aprobetxatuz alternadore bat mugitu eta elektrizitatea sortzeko. Instalazio hori erabili zuten, era berean, gari errotaren harriak mugitzeko, ardatz eta engranaje berezi batzuen bidez.

Mailu baten izenen zerrendaMailu baten izenen zerrenda. (Julen Zabaletaren marrazkia).

Burdinola alokatzean jabeak makineria eta lanabes guztiekin ematen zion instalazioa alokatzaileari, eta horrek guzti-guztiak itzuli behar zituen kontratua amaitzerakoan. 1690. urtean, Simón de la Quadrak, El Pobal alokatu zuenak, honako xehetasunak jaso zituen agiri batean burdinolan zeuden erreminten gainean:

Hauspoaren lau ohol, bere bi kanoi eta bi larru zaharrez, horiek hauspotik askatuta; palanka handi bat; barrika handi batzuk; dos picahos de barquinerados; eskamelak bere nardaka, kabila eta guzti; dos picahos; katea; bi pisu bere bi balantza eta guzti, bata burdina pisatzeko, eta bestea mea pisatzeko, eta balantzako bi pisu kintal banakoak (bata harrizkoa uztaiduna eta bestea, totxoa); toberako burdinazko banda; burdinari oratzeko bi suhatz, beste batzuk txirikin erakoak; kurrika kirten okerrak; bi burdinkatu; kizki batzuk; sartu eta barneratzeko bi palanka; burdinazko bi pikatxoi; burdinazko arrabola bat; borra handi bat; bi taiel; tobera bat; boga; ingudea; hiru uztai kirtendunak"(1).

 

(1) Muskiz. Martina Eguia Calle. Monografías de pueblos de Vizcaya. Bizkaiko Foru Aldundia, 1995.