Eginkizunak

Gaur egun praktika ikasketak egitea derrigorrezkoa da 500 GT-tik gorako ontziak maneiatzeko edota, tonajea edonolakoa izanik, merkantzia arriskutsuak garraiatzen dituztenak gidatzeko. Derrigortasun horretatik salbuetsita daude (PEC ziurtagiria) ferry-ak, betiere ibilbide bera eta sarri egiten dutenak badira. Estatuaren itsasontziek portuko pilotuen zerbitzua erabil dezakete, baina horiek salbuetsita daude zerbitzuari dagozkion tarifak ordaintzetik.

Portuko Agintaritza arduratzen da pilotuei amarratzeko agiria emateaz. Horretan zehazten dira portura sartzeko aurreikusita dauden ontzien zerrenda. Nolanahi ere, porturatu behar diren ontziek aldez aurretik jakinarazten die praktikoei, berariazko frekuentziatik, zer ordutan iritsiko diren portura. Horrela, jardunean dauden itsas portuko pilotuek egoki diren aginduak ematen dizkie elkartuko diren lekuaz eta amarratzeko tokiaz, hala nola orduaz eta egin beharreko guztietaz.

Ura ukitzeaz batera puzten den igeri-jaka jantzita joaten dira pilotuak bere zerbitzua eskatu duten ontzietara (garai batean, zerbitzu hori Nazioarteko Seinale Kodeko G banderarekin eskatzen zuten) pilotuen berariazko txalupetan. Bilbon oraindik orain txalupa horiei "baporeak" deitzen diete. Txalupa horiek gidatzen dituzten patroiek (P hizkiz edo Pilot hitzarekin bereizten dira) irratiz komunikatzen dira porturatu behar duten itsasontziko arduradunekin. Leku batzuetan pilotuak helikopteroz joaten dira portura etortzekoa den ontzira.

Pilotuaren txalupa portura datorren ontziaren kostara jartzen da, egoerak eskatzen duen abiaduran. Hala, bi ontziek, datorrena eta pilotuarena, ibilbide bera hartzen dute, eta horrela daudenean, abiadura berean eta elkarren kostara, ontzitik zintzilikatzen den eskailera, pilotu eskailera deitzen zaionera, hurbiltzen da pilotua ontzira igotzeko. Une horretan, G bandera kendu eta I hizkidun bandera jarri behar izaten da txalupan.

Pilotuaren eskailera prestatzea eta pilotua ontziratzeko operazioek arreta eta kontu handiz ibiltzea eskatzen dute, bai ontziko eskifaiako kideen aldetik bai pilotuaren txalupan doazenen aldetik. Portuko pilotua ontzira igotzeko beste sistema batzuekin saiatu izan badira ere, hala nola, igogailu mekanikoak, era askotako altxagailuak, eta abar, oraindik ez da lortu betiko eskailerak eman duen zerbitzua hobetzea. Hain garrantzitsua den lanbide honetan praktika onak zorroztasunez zaindu eta gordetzearren, IMPA eta EMPAk, itsas portuetako pilotuen nazioarteko erakundeek, segurtasun kanpainak antolatzen dituzte sarri, ontzietako pilotuen eskailerak eta ontzira igotzeko eta ontzitik irteteko jardunbideak ikuskatzeko.

Pilotuen txalupa ontzi baten ondoan.Pilotuen txalupa ontzi baten ondoan.

Rafael SopeñaRafael Sopeña portuko pilotua ontzi baten eskailerara saltatu eta igotzeko prest.

Pilotuak ontzira igo behar direneko unea arrisku handikoa izaten da, batez ere tonaje handiko itsasontzietara edo lastadunetara igo behar direnean eta une horretan ekaitzak jotzen badu. Istripuak asko izan dira holako egoeratan batzuetan gainera heriotza eta guztikoak. Pasaian, heriotzarik gertatu ez bada ere, 13 istripu izan dira 1970-1990 bitartekoan eskailera dela eta ez dela. Horietako bost pilotua txalupa gainera erortzean gertatu dira, lau ontzia eta txaluparen artean harrapatuta eta beste lau kasutan pilotua uretara erori izan da.

Horrek guztiak Nazioarteko Itsasketa Erakundeak (OMI) eskaileren egokierari (egurrak margo gabe, lokarriak abakazkoak, eta abar) ematen dion arreta zuritzen du. Pilotua ontzira igotzen denean, berak eta kapitainak elkarri eskua ematen dioten unea sinbolismoz betea gertatzen da, biek elkarrekin egin behar duten lanaren arriskutsuagatik.

Praktikoak edo pilotuak adierazten dio kapitainari ibilbide egokia, ontzia amarratzeko lekura arte erabili behar duen abiadura eta bidea erakutsiz, eta premiazko maniobrak eginez kaian sartzeraino edota egin beharrekoak eginda gero itsaso zabalera irteteraino. Batzuetan atoiontzi bat baino gehiago erabili behar izaten da ontziaren tamaina eta sakonerak hala eskatzen dutelako, edo egin beharreko maniobrak eta haizearen indarrak eskatzen dutelako edota korronteak eta mareak agintzen dutelako. Kasu batzuetan, Pasaian adibidez, itsasontziak handiak direnean, bi pilotu aritzen dira gidatze lanetan: bata ontzian joaten da, eta bestea atoiontzian eta txalupa batean.

Atoiontzi horiek koordinatzea pilotuen erantzukizuna izan ohi da, eta eskarmentu handia behar izaten da horretarako. Atoiontziek gidatzen dute porturatzen edo portutik irteten ari den ontzia, eta amarratzeko ere maniobra bereziak egin behar izaten dituzte.

Bilboko itsasadar eta portuko pilotatze lanak arautzen dituen Erregelamenduko 15. artikuluak, 1884ko apirilaren 1ekoak, honako zera agintzen zuen: “pilotuak txukuntasunez jantziko dira eta ehun urdin koloreko burukoa eramango dute bisera zuzenarekin eta metalezko aingura batekin beste langileengandik ondo bereizteko moduan". Eta, pilotuen janzkerari buruz 1958ko uztaileko Dekretuak agintzen zuenaren arabera: “Lanean ari direnean pilotuek ehun urdin koloreko trajea jantziko dute jaka zeharkatuarekin, botoiak pasta beltzekoak eta burukoa ehun urdin kolorekoa, Armadan arauz erabiltzen denaren modukoa; uhalak txarol beltzezkoak eta botoiak pasta beltzezkoak, eta horietan bi aingura metalezkoak zeharkatuta urre kolorekoak".

Alabaina, batez ere azken hamarraldietan, Bizkaiko itsasertzean zehar arropa informalak janzten dituzte pilotuek, eta ia beti arroparen gainetik segurtasun ekipamenduak eramaten dituzte, hala nola ur eta haizetik babestekoak. Nolanahi ere, portu batzuetan, ohiko ezaugarri batzuekin jarraitzen dute, adibidez, Gijonen gorra tradizionala erabiltzen dute.

Agustin OlaizolaAgustin Olaizola pilotua eskailerari heldu eta ontzira igotzen hasteko prest.

Rafael SopeñaRafael Sopeña eskaileran gora.