Postariak

Postariek ohiz oso ondo zehaztuta eduki dituzte beren zereginak, eta erregimen zorrotzari lotuta egon dira. Esandakoaren adibide da diziplina arautegian aurreikusita zegoela postariak militarizatzeko (kabo maila) aukera kasu batzuetan, adibidez, grebak izaten zirenetan.

Postarien ordainsariak antzeko prestakuntzako langileenak baino txikiagoak ziren; hala ere, oposizioak edo azterketak gainditzen bazituzten eta funtzionario maila lortu, lanpostua betiko izaten zuten. Dena den, duela bost edo sei hamarraldi lanpostua finkoa izatearen zirkunstantzia hori ez zen gehiegi baloratzen soldatak txikiak zirelako. Beteranoek gogorarazten dutenez, "postetxe"an lan egiten hasi zirenean, lanean ari zirenek honela esaten zietela: "ez duzue pentsatuko, ba, hemendik biziko zaretenik; beste zerbait bilatuko beharko duzue hemengo soldataren gehigarri". Hala eta guztiz ere, postetxeetan ohiz postarien familiakoak kontratatzen zituzten.

Gure herrialdean, 1950-1960 bitartean, postetxeetan bete gabe zeuden lanpostuak betetzeko gehitu ziren langile etorkin askok lan hori utzi eta beste lanbide batzuetara jo zuten, lan egiteko beste aukera batzuk zeuden eskualdeetan. Alabaina, bere lanpostuan jarraitu zuten postariek eginkizun garrantzitsua bete zuten gizartean. Korrespondentzia jaso behar zutenekin izaten zituen harreman pertsonalen bidez beste inork baino hobeto ezagutzen zituzten herritar bakoitzaren berezitasunak batez ere herri txikietan, baina beti erakusten zuten diskrezio handia.

Sarri postari eta posta-hartzaileen arteko harreman hori maitasun harreman bihurtzen zen, edota ezkontzeko bide izaten zen. Adineko pertsona askorentzat ere postariak informazio bide eta iturri izaten ziren, batez ere bakarrik bizi zirenentzat edo kalera ezin zirenentzat.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan bazirudien posta desagertu egingo zela beste komunikabide batzuen ondorioz, batez ere telex eta faxaren ondorioz. Baina postak egoera berrietara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du beti, azken hamarkadetan hedapen handia izan duten produktu berritzaileak eskainiz. Gaur egun estatu espainolean hamar mila arreta gune daude, ia bost mila milioi posta bidalketa egiten dira eta guztira hirurogeita hamar mila lagunek lan egiten dute. Posta elektronikoa da azken erronka.