Pregoilariak

Duela gutxi arte, pregoilariek interes orokorreko informazioa eta akordio publikoak jakinarazten zizkieten bizilagunei. Albiste horiek ozenki esaten zituen, danbor errepikek lagunduta. Pregoia ematen zuen ohiko lekuetara iristen zenean (lehenbizi oinez, gero bizikletan, eta azkenik motorrean), ikusmira handia sortzen zen, eta gehienetan, bizilagunak bertara hurreratzen ziren. Esaterako, Markinan, hogeita hamar pregoi-leku zeuden.

Pregoilariek berri emate ofizial bat egin behar zuenean, danbor joaldi luzeagoa eta gartsuagoa egiten zuten, eta horrez gain, txapela kentzen zuten. Iragarki komertzialak ematerakoan (aldez aurretik ordaindu behar ziren, eta “patata kiloa horrenbestean, zapatak edo fruta salgai” eta abar ozen esaten zuten), ez zen hori gertatzen. Titiriteroak herrira iristen zirenean edo zerbait galtzen zenean ere horren berri eman behar zuten. Bigarren kasuan, galdutako gauzak itzularazteko “sarituko da” esaten zuten berriaren bukaeran.

Langile horiek ez zuten inoiz soldata ona irabazi. Iraganeko dokumentuetan horri buruzko kexa ugari daude jasota. Besteak beste 1895ean, Elgoibarreko pregoilariak udalari diru-laguntza eskatu zion, “azken aldian pregoi gutxi ematen baitziren, eta premia biziko gaiak gero eta garestiagoak baitzeuden”.

Pregoilariek beste lanak ere egiten zituzten, askotan udaletxerako. Idatzizko bandoak eta prentsa hedatu zirenean, pregoilariak gutxitzen joan ziren, azkenean desagertu arte. Europako hiri batzuetan, esaterako Londresen, pregoilari publikoaren ohorezko irudia gorde da.