Produktua

Díez aita-semeak egiten dituzten labanak lau piezez osatzen dira: kirtena, xafla, eraztuna (kirtena eta xafla lotzen dituen eraztuna edo zirgilo metalikoa) eta ardatza edo errematxea.

Kirtena ohiz ezpelez egindakoa izaten da, ezpela izatez oso egur gogorra delako eta egokia lantzeko. Batzuetan, bezeroak hala eskatzen duenean, orein adarrekin edo bestelako materialez ere egiten dira kirtenak. Xafla altzairuzkoa izaten da eta eraztuna altzairu herdoilgaitzezkoa eta distiraduna. Egurrezko kirtenei maiz artekak egiten dizkiete azalean apaindura gisa irudi geometrikoak marraztuz; irudi horiek gero maiz pintura gorri edo beltzez margotzen dituzte; hala pintura arteken ildoetan sartzen da irudiak nabarmenaraziz. Horrela ateratzen diren irudi apaingarri horiek, inguruko beste eskulangileek egiten dituztenen antzekoak direnez, eskualde hartako bereizgarritzat edo ezaugarritzat jotzen dira.

Labana guztiak desberdinak dira, horiek egur zatiaren arabera egiten dituztelako, hau da, lehenbizi egurra aukeratzen dute eta horren tamaina eta formaren arabera xafla egiten dute, betiere aldez aurretik aukeratu eta prestatu duten kirtenari doiturik. Labana osatzen duten atal guztiak: kirtena, xafla eta eraztuna elkarren formari lotuta daude, bata bestearen arabera egiten dira, ezin dira beraz labana bateko piezak beste bat osatzeko erabili.