Produktuak eta prozesua

Musika, beste giza jarduera guztiak bezala, garaian garaiko lehentasunetara egokituz joan da. Alabaina, garai errenazentistan eta barrokoan (XVI. mendea eta batez ere XVII.a, eta baita XVIII.a ere) konposatzen eta jotzen zuten musika, bere teknika, soinu bitxi eta tresna bereziez, gaur egun arte mantendu da, eta musikariek jotzen segitzen dute; gaur egun “antzinako musika” esaten diogu.

Anderren jarduera tresna horiek egitera eta zaharberritzera bideratuta dago; izan ere kalte handiak jasaten dituzte behar bezala zaindu ezean. Anderren lanbideari luthier esaten zaio, eta antzina biolero. Ezinbesteko trebetasunaz eta ezaguerez gain, jarduera honek derrigorrezkoa du tresna hauen funtzionamendua eta lortu behar diren soinuak ezagutzea. Zaharberritze-lana arrakastaz burutzeko, historia ere ezagutu behar da, batez ere antzina tresnak egiteko erabiltzen zituzten teknikak.

Anderrek egiten dituen tresnen artean viola da gamba edo arku-bihuelak, kontrabaxuak eta txelo barrokoak eta liroiak nabarmentzen dira.

Viola da gamba edo arku-bihuela bat egiteko prozesua

 

Viola da gamba edo arku-bihuela bat egiteko prozesua

Viola da gamba edo arku-bihuela garai errenazentista eta barrokoko musika tresnetako bat da. XIV. eta XV. mendeen artean agertu zen, eta arkuaren teknika hari pultsatuzko tresnetan aplikatu izanaren emaitzatzat jotzen da. Bere lehen metodoak 1543an argitaratu zituzten. Giza ahotsa imitatzeko ahalegina egiten duen tresna honi dagokionez hainbat eskola dira, “frantsesa”, “ingelesa” eta “italiarra”; eta dauden barietateen artean, nabarmenena baxu deitua da (besteak tenorea eta sopranoa dira).

Bezeroak modelo eta hari kopuru jakin bat, 5 eta 7 bitarteko bat, aukeratzen duenean, lehenbiziko lana DMzko txantiloi bat egitea da, hurrena azpialdea egin ahal izateko; pieza hau txantiloiaren gainean markatu, eta ondoren moztu egiten da. Pieza barnealderantz tolestu behar da, eta erdian zurezko xafla bat itsatsi behar zaio, arimari eusteko, eta azpialdean tako bat, uztai edo saihetsak itsastearren. Azpialdea “ohe” baten gainean jartzen da. Bestetik, uztaiak edo saihetsak egin behar dira, astigar-zurez, eta ondoren lanabes berotu batez tolestu, ertzetan zehar azpialdeari itsasten segitzeko. Era berean giderra egin behar da, eta horrek hamar bat orduko lana eskatzen dio eskulangileari, betiere apainduraren konplexutasunaren arabera; giderra azpialdeari eta saihetsei itsatsi behar die, sarjentak erabiliz horretarako.

Ohol harmonikoa ere, gorosti-zurez eta zazpi piezaz osatua berau, egin behar da, forma egokia emanez betiere. Tolestu ahal izateko lurruna erabil daiteke, edo bi piezatatik abiatuta landu bestela. Barrenaldean barra harmoniko bat itsasten da. Ondoren, C formako bi zulo egiten dira, nahiz batzuetan S edo F formakoak izaten diren. Pauso hauen ondotik, viola da gambaren goiko partean itsasten da tapa. Batidore edo diapasoia egiteko ebano-zura erabiltzen da (historian zehar hainbat fruta-arbolaren zura ere erabili izan da); behar duen kurba emateko landu egin behar da, eta gero giderrari itsatsi behar zaio. Taparen eta azpialdearen inguru osoa lantzen segitzen da, hain zuzen hau piezan sartzearren.

Hurrena, biola garbitzen, lixatzen eta leuntzen da, eta poro-estalgarri bat ematen zaio, bai zuringoz, animalia-kolaz, liho-olioz edo mineralen batez. Segidan bernizatzea dator, eta ondoren muntatzea, hau da, larakoak eta zubitoa ipintzea eta doitzea, eta beheko aldean kako bat jartzea eskulangileak egina duen kordalari eusteko; amaitzeko zubia eta arima egin behar dira, eta hariak jarri.

 

Merkatua eta etorkizuna

Ander Arroitajauregiren kasuan, beste eskulangile askorenean bezala, egiten dituen musika-tresnen merkaturatzea ez da bereziki eraginkorra; izan ere, bere denbora gehiena musika-tresnak aztertzen eta egiten ematen du. Lanbide honek eskatzen duen espezializazio maila handiaren eta eskulangilearen irudi onaren eraginez, bezeroek produktuak eskatzen dituztenean batez ere aurretik eskatu zituztenek eramandako inpresio onak bultzatuta egiten dute. Azpimarratzekoa da euskal eta espainiar merkatuez gain besteak beste Suitza, Holanda eta Amerikatik ere eskaerak hartzen dituela.

Gero eta lehia gogorragoa du, baina, esaterako Charlie Ogle enpresarena, ezen jatorriz iparramerikarra den enpresa honek Txinan finkatu eta azken honetan egindako tresnak eskaintzen ditu. Horrelako enpresek internet erabiltzen dute, eta eskatua etxean bertan entregatzen dute, mendebaldeko herrialdeetan eskuz egindako instrumentuek baino askoz kalitate eta prezio baxuago batzuez.