Produkzio baliabideak

Cesarren lantegia 200 m2 inguruko pabilioi batean dago, Kareaga II industrialdean; eremu horretatik 35 m2 egiten dituen produktuak erakusteko erabiltzen ditu. Beste elementu batzuen artean, propanozko labe bat du, bere ustez kea eta kedarrak saihesten baititu horrela, eta soldagailuak, gabi txiki bat, konpresoreak, xaflak mozteko plasma-makina bat, zulatzeko makina zutabedun bat, esmerilagailuak, trontzatzeko makinak eta zintazerra bat. Eskuzko lanabesak ere badauzka (disko-makinak, daratuluak, tornuzilak), eta baita horrelako lantegi batean berezkoak diren tresna asko eta asko ere.

 

Materialak eta egiten dituen produktuak

Eskulangileak, ahal duen neurrian, burdina zaharra erabiltzen du, hau da, botatako eraikin zaharretatik datorrena. Normalean aitaren bidez erosten du, oso ezaguna baita hau Lizarra inguruan eta dagoeneko urte asko baitaramatza material mota hau erosten.

Cesar bezeroak eskatua ematen saiatzen da beti; normalean, izan ere, ideia definitu samar bat izaten du hark, eta horregatik bezeroaren eta eskulangilearen arteko halako “itun” bat eskatzen du. Edonola ere, egiten dituen objektuen originaltasuna bilatzen du beti Cesarrek. Gehien egiten dituen objektuen artean apaingarriak nabarmentzen dira, hala nola eguzki-loreak, farolak, liburuak eustekoak edo botilategiak. Zaharberritze-lanetara bideratuak ere aipatu behar dira (burdineriak, bandak, aldabak, iltzeak), edota argiztapenarekin lotuak (lanparak, ezarkinak), altzariak berak ere ahanzteke (aulkiak, apalak, zutikako esekigailuak, hau da, logeletan arropa jartzekoak, mahaiak, bankuak). Burdin sareak eta balkoiak ere garrantzitsuak dira.

lantegianEskulangilea bere lantegian. (Argazkia: C. U.).