PRODUKZIO PROZESUA

Lanean ari diren zahatogile gutxi horiek “Moneo” Covarrubias enpresari erosten dizkiote ahuntz-larru onduak; enpresa horrexek hornitzen zituen erroldatutako azken zahatogileak ere. Zahatogileak, antzina, larruak ontzera ere iristen ziren. Larru horrek iletsua izan behar du, eta horrexen mendean dago, neurri handi batean, zahatoaren kalitatea. Ondoren, larruak kamara frigorifiko modernoetan sartzen dira. Beraz, dagoeneko desagertu dira garai bateko mantentze arazoak.

Hurrengo eginkizuna landare-gaiz ondutako larrua moztea da; horrek ile pixka bat dauka alde batetik, eta larru leun eta taninoaren eraginagatik marroixka bat bestetik. Pieza bakar batetik zahato bat baino gehiago ateratzen da, kasurik onenean sei izan baitaitezke (bi litroko pare bat, litro eta erdiko bi); dena den, larruak akatsak izaten ditu, eta horregatik ezin izaten da osorik erabili. Larrua mozteko zur mehe edo kartoizko txantiloiak erabiltzen dira.

TailerraTailerra

Fabrikazio prozesuaren hurrengo fasean, txantiloia larruaren gainean jarri (ilea beherantz) eta jostunek erabiltzen dituzten bezalako guraizeekin moztu egiten da larrua, zentimetroko tartea lagata betiere. Ondoren ilea mozten da, ilearen norabideari jarraiki, zeukan luzeraren erdikoa utziz, pazientzia asko eskatzen duen eginkizuna inolaz ere. Zahatoa biguntzeko ur ez beroegian sartzen da, lauzpasei ordutan, zahatoa mahai gainean zabaldu eta zimur guztiak kendu ahal izatearren.

Segidan, ilea kanpoalderantz dela, larrua josten da, altzairu olioztatuzko orratzak eta zahatoa finkatzeko listaria erabiliz horretan. Aldi berean begiteak jartzen zaizkio, horietatik zehar igaroko baita sorbaldan eramatea ahalbidetuko duen soka ohiz gorria. Zahatoa josteko, gero eta gehiago erabiltzen da larrua josteko makina elektrikoa. Horren ondotik zahatoari buelta eman behar zaio, ile aldea barnealderantz eta, kontrakoa, larru leuna, kanpoaldean gera daitezen. Horretarako, zahatoa puztuta eta ongi bustita zutela makila batez jotzen zuten. Eskulangile batzuek berriro biguntzen eta, azkenean, lehortu egiten zituzten.

Bikea gai bigun eta beltxexka da, zahato barnea irazgaizteko erabiltzen dena bera. Zenbait bike mota daude, eta garai batean zahatogileek berek prestatzen zuten. Egiten duen iragazte lana aipatu behar da. Gaur egun eskulangintzako zahatogileek bike birjina erosten dute merkatuan, eta olioarekin nahastu ondoren (5 kg bike eta litro bat olio) berotu, eta nahasketa hori zahato barruan isurtzen dute, inbutu bat erabilita. Barnealdea ondo inpregnatu ondoren, soberakoa kanpora isurtzen da, zahatoa honda dezakeen pikorrik egitea saihestearren; segidan eskulangileak berriro bustitzen du zahatoa ur berotan, eta behin betiko forma ematen dio.

Azken eginbeharrekoa zahatoari ahoa jartzea da; bi zentimetro inguru izaten ditu lodi, eta gehienez hiru zentimetroko diametroa, eta hariz lotzen zaio zahatoari, edateko inguruan; ixteko tapoia, berriz, kordoi gorri batez lotzen zaio larruari. Lehenbiziko ahokoak zurezkoak izaten ziren, eta XX. mendearen erdialdean hezurrezkoek ordezkatu zituzten. Gero goma gogorrezkoak etorri ziren, eta azkenean bakelitazkoak; azken hauen abantaila nagusiak aldatzeko aukera eta higienea dira. Azkenean eskuilatze leun bat eman, apainduraren bat gehitu ukitzeko unean atsegina izan dadin, eta lixatu egiten da.

Lan hau idazteko oso baliogarria izan zaigu Antxon Aguirre Sorondoren “El último botero alavés” lana, Juan Garmendia Larrañagaren “El botero” lana bezalaxe.

ZahatoaZahatoa