Produkzio prozesua

Miren Mendiboure Ohategarayk behar dituen beirak masan koloreztatutako “Murano” motako xaflatan erosten ditu. Oro har, hornitzaileak  alemaniarrak dira. Xaflak 0’8 x 1’8 metrokoak izaten dira. Ohiko beste hornitzaile bat Estatu Batuetan du. Kasu horretan, produktua artisau-lan handiagokoa da eta 50 x 80 cm-ko piezatan eskuratzen ditu.

Sopletearen teknika erabiltzen duenean,  beira hagatxoetan erosten du Italian.

Prozesuari hasiera emateko, landu beharreko piezaren diseinua egin behar da. Hori da prozesuaren zatirik sortzaileena, batez ere artisauak forma eta koloreak aukeratzen dituen kasuetan, eta hori maiz gertatzen da Mirenen kasuan. Gainera, diseinua oso garrantzitsua da, arestian aipatu dugun kanpoko konpetentzia dela eta. Lan honek diseinuaren oinarrizko ezaguerak izatea eskatzen du baita dekorazioan dauden azken joeren eboluzioari etengabeko arreta eskaintzea ere.

Diseinua edo marrazkia paper baten gainean egiten da eskala errealean, eta paper hori beirazko piezak markatzeko eta mozteko eredua izango da. Pieza horiek aldez aurretik aukeratzen dira kolore eta tonalitateen arabera. Ebaketa egiteko diamantezko punta duen tresna erabiltzen da, eta aliketak, ebaketa errazago irekitzeko eta beira zatiak bereizteko.

Miren Mendiboure

Pieza

Diversas piezas

Jarraian, garbiketa sakona egiten da, eskuz edo garbigailuan, egon litekeen edozein zikinkeria kentzeko, batez ere ebakitzeko erabilitako olioak sortutakoak; izan ere, horrela egin ezean, labean sartzean orbanak aterako dira. Bukatzeko, lana aldez aurretik erabakitako diseinuaren arabera muntatzen da, piezak elkarri itsatsita. Horretarako, zianoakrilato motako itsasgarria erabiltzen da, ondorengo urtze prozesuan ez baitu arrastorik uzten. Piezak ez badira behar bezala lotu, ertzak esmeril-makina elektrikoarekin leuntzen dira.

Ondorengo lana “fusing”a edo urtzea da. Prozesu hori labean egiten da. Laberatzeko zikloan oso garrantzitsua da tenperatura eta denboraren arteko konbinazio egokia lortzea. Pieza labe barruan sartzen da, eta beira labearen oinarrian itsatsita gera ez dadin azpian hauts bereizle bat jartzen zaio.

800-850ºC-rainoko tenperatura har dezake labeak, eta laberatzeko zikloak 10 ordu inguru iraun dezake, beiraren tamaina, lodiera eta mota nolakoak. Berotzeko prozesua bukatuta, hozteko faseak hasten dira. Lehenengo fasea nahikoa azkarra da eta beira epel jarri arte irauten du (beiraren barruko tentsioak desagertzen diren tenperatura). Jarraian, suberaketa izeneko prozesuari ekin behar zaio. Oso motel egin beharreko lana da; izan ere, azkarregi eginez gero talka termikoa gerta daiteke eta ondorioz, piezak hausteko arriskua dago. Hozte-kurba piezaren lodiera eta tamainaren araberakoa da. Lan horren emaitza pieza fusionatua da.

Piezei bolumena emateko, Termoformatua izeneko teknika erabiltzen da, “fusing” teknikaren lan osagarria. Lan horren bidez pieza moldeatu egiten da, “fusing”aren antzeko tratamendu termikoa emanez, baina tenperatura baxuagoak erabiltzen dira (700-750ºC). Behar dituen moldeak Miren Mendibourek berak egiten ditu gehienetan zeramika-zuntz erregogorra erabiliz, baina zenbaitetan merkatuan erosten ditu.

Proceso productivo

Azkenik, adierazi beharra dago lana eraberritzeko grinak bultzatu duela Miren Mendiboure Ohategaray beirarekin egiten dituen lanetarako diseinu berrien bila ibiltzera eta kobrea eta zilarra bezalako material berriak erabiltzen hastera.

 

Kontsultatutako bibliografia nagusia

  • Aguirre Sorondo, Antxon. Euskonews 267. zenbakia, 2004ko irailaren 10/24.