Prozesua

Karmelek tailerrean ditu lanerako behar dituen baliabideak, hala nola mahaiak, labeak, pintzelak, disolbatzaileak, margoak eta lakak, baita txantiloiak, liburuak eta aldizkari espezializatuak ere. Horretaz gain, dekoratzen ari den beirazko objektuak uzteko biltegia ere badu. Lanerako behar dituen oinarrizko osagaiak bere inguruneko merkatuan erosten ditu, baina, zenbait laka erosi ahal izateko merkatari estatubatuarrengana jo behar izaten du.

Ekoizteko prozesuarekin hasteko beirazko objektuak apaintzeko erabili nahi duen marrazkia edo motiboa marrazten du. Erosleak bere nahiak zein diren zehatz-mehatz baldin badaki, zenbait aspektu baino ez dira zehaztu behar; horrela ez den kasuetan, urtetan zehar bildu dituen diseinuak bezeroen eskura jartzen ditu artisauak, eta gero horien gustuen arabera moldatzen ditu.

 

Karmele Lópezek margotutako beirazko objektuak Karmele Lópezek margotutako beirazko objektuak.

Karmele López, bere tailerrean lanean Karmele López, bere tailerrean lanean.

Marrazkia eginda, apaindu nahi den beira garbitu egin behar da. Arreta handiz egin beharreko lana da hori, eta horretarako, amoniakoa erabiliz egon litekeen edozein solido edo substantzia koipetsu kentzen da.

Jarraian eredua edo txantiloia lortu behar da, hau da neurrira egokitutako erreprodukzioa. Paper txuri batean edo landare-paperean aukeratutako diseinuaren kopia egiten da, kalkoa erabiliz edo esku hutsez. Marrazkia edo motiboa beirazko objektura pasatzea da ondorengo fasea, eta horretarako bere gainean kalkatzeko papera jartzen da, eta horren gainean txantiloia. Txantiloiaren gainetik arkatzez edo boligrafoz markatzen da, marrazkia beiraren gainean geratzea lortzeko. Eredua erabili gabe, hau da, esku hutsez ere marraztu daiteke landu beharreko piezaren gainean.

Behin gauzakiaren ingerada marrazturik, beiraren gainean kolore guztiak bereizteko berun edo kobre xaflak erabiltzen dira, gustuen arabera. Pintzelekin marraztutako xafla horiek izango dira, azken batean, tonalitateen banaketa egokia mugatuko dutenak.

Teknologia berriek beste teknika berri bat ekarri dute, erretxina aplikatzea, hain zuzen ere. Oso koloretsua da, baina arreta bereziz erabili beharreko teknika da, markatzen dituen erliebeak ongi zehaztu behar baitira. Hainbat koloretan merkaturatzen da, hala nola beltza, urre eta zilar koloreak eta nakar-kolore batzuk.

Giro-tenperaturan lehortzeko prozesua luzea da, inoiz ez hiru egunetik beherakoa. Dena den, hainbat laka eta pinturek labean 200º inguruko tenperaturan lehortzea onartzen dute.

Margotutako beirazko ia objektu guztiak garbitzeko ezin da produktu kimikorik erabili. Horiek garbitzeko egokiena da ur eta xaboiez bustitako belaki bat erabiltzea. Objektua labean tratatu bada, badago ontzi-garbigailuan sartzea.

Beiratea