Prozesua eta Etorkizuna

Gogoratu behar da lutheria, edo harizko musika-tresnak egiteko artea, XVI. mendearen hasieran abiatu zela; XVII. mendetik aurrera ia-ia mundu osora zabaldu zen eta jarduera honetan espezializatutako eskulangileek bere elkarteak eratu zituzten. Gainera hainbat adituk, esaterako Gasparo da Salok, Amatitarrek edo Guarneritarrek eta, batez ere Antonio Stradivarik, Cremonako eskolako burua berau inolako zalantzarik gabe, gainditu ezindako perfekzio mailak lortu zituzten. Espainian ere izan ziren luthierrak, baina sekula ezin izan ziren alderatu europarrekin; eta gauza bera esan dezakegu Euskal Herriari buruz ere.

Arturo Andradek beti izan du musikarako joera nabarmen bat, biolinerako joera zehazki, eta gazte-gaztetatik izan du musika-tresna hori jotzeko ilusioa. Familian ere bazituen aurrekariak, bere aita, Julio, saxofonista izan baitzen Ritmo orkestra ezagunean.

2005ean, hainbat prestakuntza ikastarotara joan ondoren, lehen biolina egitea erabaki zuen. Hurrengo urtean amaitu zuen, eta harrezkero lutheria tokia irabazten joan da eskulangilearen jardueran, halako moduan ezen, gaur egun, goizetan eskulturan aritzen baita, eta arratsaldeetan hari igurtzizko tresnak, hau da, biolinak, biolak eta biolontxeloak, egiten.

 

Biolontxelo bat egiteko prozesua

Biolontxeloaren jatorria, 1530 ingurukoa, Italian dago, eta sorburutik beretik bilakaera etengabea izan du gaur egun arte. Tresna hau jotzeko, arku bat harien kontra igurzten da, tresna bera lurrean oinarrituta dugula; horretarako, XIX. mendeaz geroztik burdinazko pieza bat jartzen zaio, pika deitu bat (lehen zurezkoa zen), eta musikariaren belaunen artean eusten zaio, bi hutsune ditu eta propio. XX. mendearen hasiera arte oso emakume gutxik jotzen zuen tresna hau, hartu beharreko jarrerari itsusi samar irizten zioten eta andreentzat.

Biolontxelo baten zatiak hari igurtzizko beste tresnen zati berberak dira ia-ia. Erresonantzia-kaxak goiko tapa bat dauka, azpia esaten zaion beste bat, eta hauek biak lotzen eta ixten dituen zurezko zerrenda bat; horrela espazio huts bat sortzen da, eta honetan jartzen dira bai barra harmonikoa, bibrazioak kontrolatzeko eta banatzeko, eta tapa biak erdialdetik lotzen dituen arima, biolontxeloa hariekin batera erresonantzian sar dadin ahalbidetzen duena bera. Goiko tapan, soinua ateratzen den efe formako bi zulo dauzka.

Harizko musika-tresnak egiteko erabiltzen den zura funtsezkoa da tresnaren kalitatera begira. Horregatik, luthierrek oso ongi ezagutzen dituzte zur motak. Biolin, biola eta biolontxeloen fabrikazioa industrializatuta badago ere -batez ere Asiaren hego-ekialdeko herrialdeetan-, horien kalitatea oso urrun dago eskuz egindakoek lortzen dutenetik.

Biolontxelo bat egiteko, hauxe da biolinaren familiako baxua eta, diotenez, beronek du giza ahotsaren antz handieneko soinua, funtsezkoa da parte edo zati bakoitza nola egiten den; eta kola ematea eta azken muntaketa ere garrantzitsuak dira, bernizatzea eta azken ukituak bezalaxe.

Gure artista/eskulangileak Errumaniako zura erabiltzen du, Reghin eskualdekoa, honetan tresnagintzak tradizio handia baitu, eta jarduera aktiboan ari diren eskulangile ugari halaber. Egin beharreko biolontxelo bakoitzeko, astigar eta izeizko sei pieza jasotzen ditu; hauek, aurrez, seizazpi bat hilabete eman dituzte lehortzen, horretarako propio prestatutako instalazio beti ongi aireztatu batzuetan, eta Arturok beste bost urtez edukitzen ditu, tenperatura eta hezetasun konstanteko giro batean, azkenean giro-tenperaturara egokitzearren bere lantegira eramaten dituen arte.

Egin behar duen biolontxelo modeloa aukeratu ondoren, azpia egiten hasten da, Errumaniatik heldutako neurri egokiko astigarrezko sei piezetako biri kola emanez; hauei presioa jarri behar zaie, sarjenta bidez, eta gutxienez astebete egin behar dute horrela. Ingerada lantzen segitzen da hurrena, kanpoko kurba egiteko patroi italiar, alemaniar edo frantsesei jarraiki. Ondoren barnealdea lantzen da, lodiera desberdinak emanez zenbait puntutan; hauek neurtzeko konparazio-erloju bat erabiltzen da.

Goiko tapa izei zurez egiten da, eta horretarako azpiarekin egindako gauza bera egiten da, hau da, hasteko Errumaniatik heldutako piezetatik biri kola ematen zaie, prozesu berdinari jarraiki, baina aldea zera da, honetan bi zulo egin behar direla inguratzeko zerra batez; zulo horiek efeak dira, efe letraren forma baitute, eta bertatik ateratzen da kanpora soinua. Azpiak, goiko taparekin eta biak lotzen dituen zur-zerrendarekin, kutxa huts bat sortzen du, eta horren barruan jartzen da ondoren, kola emanda, bibrazioak kontrolatzeko eta banatzeko balio duen egitura bat. Angeluetako euskarriak Errumaniatik heldutako izei zura moztuz eta landuz egin ondoren, eskulangileak horiei kola eman eta eraikitzen ari den biolontxeloaren moldeari eransten dizkio.

Produkzio prozesuaProdukzio prozesuaren hainbat pauso. (Argazkia: Julen Zabaleta).

“Uztaiak” edo zerrenda, hots, musika-tresna inguratzen duten piezak egiteko, Errumaniako astigarrezko pieza bat hartzen da; honetatik, eta esku-zerra batez, sei pieza ateratzen dira. Hurrena busti, eta burdina bero batez behar den kurba ematen zaie, moldea baliatuz horretarako.

Uztaiak eta angeluetako euskarriak baditugunean, moldean muntatu eta azpialdean eta tapan itsasten dira, kolaz, biolontxeloari berezkoa duen forma ahurra eta ganbila emanez, eta zati bakoitzean behar den lodiera mantenduz; azken honetarako neurketak konparazio-erloju batez egiten dira.

Azpia eta uztaiak arrain-kolaz itsatsi, eta orduan moldetik ateratzen dira, tapa edo azpialdea gubia bidez amaitzeko eta konparazio-erlojuz neurtzeko. Segidan, tapa eta uztaiak biolontxeloaren kaxan lotzen segitzen da, arrain-kolak erabiliz atzera.

Astigarrezko giderra eraikitzeko Errumaniatik iritsitako piezetako batetik abiatu behar da; hau arbastatu egiten da, behar adina, eta landu egiten da hurrena, lau gubia eta bi trintxa lau erabiliz biolontxeloa egin duen eskulangilea identifikatzen duen barraskilo edo kiribildura egiteko; eta ondoren giderra kaxa gainean jartzen da. Azkeneko lanak lixatzea eta bernizatzea dira; hau pintzel batez egin daiteke, baina Arturo Andradek purtzupiltxoz egiten du.

Amaitzeko, ebanoa jarri eta larakoak eta haria doitzen dira, hauek ere gure artista/eskulangileak eginak baitira, eta ondoren arima, biolontxeloaren azpialdea eta goiko tapa erdi parean lotzen dituen zurezko zeharkako hagaxka alegia, hain zuzen musika-tresnak kaxa barruan sar dezan erresonantzia.

Instrumentuaren tonua eskulangileak erabilitako zuraren eta emandako lodieren araberakoa da.

 

Etorkizuna

Biolontxelo batek hirurogeita bederatzi pieza dauzka, biolin batek bezala baina handiagoak, eta eskuz egiteko 320 eta 350 lanordu inguru behar dira; prezioa aldatu egiten da, batetik hamarrera, fabrikazio industrialekoa edo eskuz egina den.

Euskal Herrian musikak gizartean duen garrantzia handia bada ere, batez ere Asiaren hego-ekialdeko herrialdeen lehia oso handia da, prezioan beste ezertan oinarritzen ez den arren. Eta alemaniarren eta ingelesen lehia ere kontuan hartzekoa da, munduko inguru aipatu haietan finkatu diren enpresen aldetik datorrena batik bat.

Hari instrumentuak konpontzea eta zaharberritzea ere jarduera garrantzitsua da, musika-tresna horiei era askotako faktore ugarik eragiten diete eta.