Saltzaile nabarmenak

Batzuk Euskal Herrikoak ziren, baina gehienak galiziarrak eta gaztelarrak izaten ziren. Deba ibaiaren arroko herri eta baserrietan bi izan ziren saltzaile ibiltari ezagunenak: Eibarko Loyola, atorra jantzita, inguruetan ibiltzen zen zaldi batek tiratutako bi gurpileko gurdian, olana batez estalia; eta jatorri galiziarreko “Coro”, Elgoibarren bizi zena, panazko trajea eta bota handiak jantzita ibiltzen zen, eta salgaiak sorbalda gainean eramaten zituen, fardel batean bilduta eta oihalak neurtzeko makilarekin lotuta.

Beste saltzaile ezagun bat Andrés Anta izan zen. Zamoran jaiotako saltzaile hau 1950. urtean hasi zen lanbide honetan lanean, 14 urte zituela. Tolosa zuen abiapuntu, eta han erosten zituen salgai jartzen zituen produktuak, beste hainbat saltzailek bezala, eta denak Oria ibaiaren arroa eta Nafarroako inguruko eremuetan barrena ibiltzen ziren.

Askotan hainbat egunetarako ateratzen zen. Berastegiraino autobusa hartzen zuen, eta handik oinez abiatzen zen, fardela bizkarrean hartuta, baserriak bisitatzera, Leitza eta Areso alderantz. Buelta, berriz, Elduaien eta Berrobitik egiten zuen. Beste batzuetan, Goizuetara joaten zen, eta merkantzia garraiatzeko asto bat alokatu ondoren eremu horretan eta Aranon aritzen zen saltzen. Goizueta eta Arano artean dagoen Arranbideko bentan hartzen zuen ostatu. 1950. urtean 20 pezeta ordaintzen zuen lo egiteagatik eta 12,50 jateagatik. Oñati ere era berean bisitatzen zuen, errepidean gora Arantzazu aldera joanda, eta Zegama Otzaurte eta Mutiloa Zerain ere bai.

Denboraldi batean aste osorako joaten zen Azpeitira, autobusez. Han ostatu batean instalatzen zen eta handik abiatuta inguruko herrietan jarduten zuen lanean. Larunbatero Tolosara itzultzen zen hurrengo astean banatu beharreko merkantzia eskuratzera eta lortutako eskaerak prestatzera.

ContrabandistasKontrabandistak Pirineoak zeharkatzen.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte beti eskura kobratzen zuen, baina data horretatik aurrera hainbat hilabetetan ordaintzeko aukera eskaini behar izan zuen. Horrek likidezia kendu zion eta bere egoera ekonomikoa zaildu egin zuen. Hamarkada bat beranduago, zenbait kasutan kobratzeko zailtasunak izaten hasi zen. Egoera hori urteen poderioz pixkanaka gero eta ohikoagoa bihurtu zen.

Gogoan du lanean hasi zen garaian, zenbaitetan, beste saltzaile batzuekin batera oihal urdina, “Bergarako mahoia”, pasa zuela Frantziara Zugarramurdi eta Dantzarineako mugetatik. Elizondon astoak hartu eta horien gainean pasatzen zuten oihala. Artikulu hau oso estimatua zen mugaz beste aldean, eta saltzaile frantziarrei saltzen zieten.

Andres Antaren iritziz, hiri eremuetan zaila zen saltzea, balizko bezeroek nahiago izaten zutelako bertako dendetan erosi. Gogoan du lagun batzuek ongi irabazten zutela, beste batzuek, berriz, ez hain ongi. 1974. urtean lanbidea utzi eta industrian bilatu zuen lana, gero eta zailagoa egiten baitzitzaion saltzea.

XX. mendeko hirurogeiko hamarkada inguruan motorizazioa iritsi zen eta bideak motordun ibilgailuekin nolabait ibiltzeko moduan irekita, saltzaileak ibilgailuak erabiltzen hasi ziren. Ondorioz, egin beharreko ahalegin fisikoa askoz txikiagoa zen eta artikulu mota gehiago eta kopuru handiagoan eraman zitezkeen. Hala eta guztiz ere, baserri eremuetan bizi zen jendea handik ateratzen hasi zen eta aldi berean geratzen zirenentzat gero eta errazagoa zen hiri eremuetara iristea eta hirian bertan erosketak egitea. Hortaz, saltzaile ibiltariek baserrietan zuten merkatua murrizten joan zen, ez zen saltzaile ibiltari berririk sortu eta lehendik zeudenak adinean aurrera zihoazen neurrian pixkanaka lanbidea uzten joan ziren.

Azken saltzaile ibiltarietako bat Agustín Pérez izan da. 1922. urtean jaio zen Galizian, eta lanbide honetan 13 urte zituela hasi zen. Lanbidea Arrasaten zituen senitarteko batzuen etxean ikasi zuen, horiek arropa eta oihalak saltzen zituzten saltzaile ibiltariak zirelako. Adin horretan baserriz baserri ibiltzen zen maleta txikia eta ogitarteko bat hartuta. Goizean goiz atera eta ilunabarrean itzultzen zen etxera.

Berrogeiko hamarkadan Mutrikun kokatu zen, eta ikasitako lanbidearekin jarraitu zuen bere kasa; izan ere, beste lan batzuetan baino diru-sarrera handiagoak lortzen zituen, “lantegian gutxi irabazten zen eta, gainera, garai hartan janaria garestia zen”.

Mutrikutik aterata, baserriz baserri ibiltzen zen, Usurbil, Bergara eta Lekeitiok mugatutako eremu batean. Trenez eta “La Esperanza” konpainiako autobusetan joaten zen, eta jarraian oinez, bi maletak hartuta, esku bakoitzean bat, bi astero errepikatzen zituen ibilbide finkoak egiten zituen. Lansaioa bukatuta egunero etxera itzultzen zen.

Hasierako urteetan, maletez gain bizkarrean egurrezko kutxa bat ere eramaten zuen. Kutxak tiradera txikiak zituen, eta barruan botoiez eta hariez gain, beste hainbat gauza eramaten zituen, hala nola guraizeak, labanak, bizarra mozteko tresnak, arrosarioak eta inoiz bitxiren bat edo beste. Azkenean, artikulu horiek saltzeari utzi eta ehunak saltzen hasi zen, jarduera hori errentagarriagoa zen eta.

Hasieran Bilboko biltegi batean erosten zituen artikuluak, eta beranduago Debako batean. Pixkanaka bezero kopuru polita lortuz joan zen.

Haren iritziz, baserritarra mesfidatia izaten zen hasieran, baina bisitan joaten zitzaion saltzailea leiala irudituz gero, ireki eta konfiantza eskaintzen zitzaion. Denboraren poderioz bezeroak ezagutzen joan zen, haien gustu eta beharrak ezagutu zituen, eta neurri handietan espezializatu zen; izan ere baserri giroan gorpuzkera sendoko jende ugari dago, eta baserritarrek ez zuten erraz aurkitzen behar zuten neurriko arropa. Agustin Perezek egunero bisitatzen zituen baserritarren neurriak ezagutzen zituen, eta horregatik, aldez aurretik biltegian aukeratzen zituen arropak, bisitan joaten zenean eraman ahal izateko.

Eskatzen zioten produkturen bat ez bazuen, gogoan hartu eta bilatu egiten zuen ondorengo bisitan saldu ahal izateko. Ehunekin ere gauza bera egiten zuen. Bere bezeroek erakusgai batean aukeratzen zituzten behar zituzten oihalak, eta maindire eta mantelen kasuan, neurriak hartu eta horiek josten zituzten emakumeei eramateko ardura hartzen zuen. Jarraian baserrietara eramaten zituen.

Beti oihal oneko eta ongi egindako artikuluak eramaten saiatzen zen. Ez zituen inoiz bezeroak engainatzen eta harreman on eta serioa mantentzen zuen haiekin. Baserriren batera hiru edo lau bisita egindakoan ez bazuen ezer saltzea lortzen, ez zen gehiago hara joaten eta beste baserriren batean ahalegintzen zen. Denborarekin gero eta ezagunagoa izan zen eta bezero fidelen konfiantza lortu zuen. Bezeroak ongi zaintzen saiatzen zen.

Prezioak finkoak izaten ziren, gutxi gorabehera dendetan saldutako produktuen antzeko prezioak izaten ziren. Ez zegoen traturik eta eskura ordaindu behar izaten zen. Baina salbuespenak egiten zituen, esaterako ezkontzera zihoan neska baten “arreoa” prestatu behar zenean. Orduan kopurua handia izaten zen, eta horrelako kasuetan ordainketa beranduago egiteko aukera ematen zuen.

Produktuak euskaraz erakutsi eta bezeroei saltzeko adinako maila bazuen.

10 baserri baino gehiago bisitatzeko asfaltatu gabeko pistetatik egunero 15 kilometro oinez eta zamatuta egin arren, ez zitzaion lanbide neketsua iruditzen. Batzuetan erori eta istripuren bat edo beste ere izan zuen, zorionez ondorio txarrik gabeak. Batzuetan baserrira bueltan zihoan emakumearen astoaren gainean zamatzen zituen salgaiak. Beste batzuetan emakumeak zerbait behar izaten zuen eta errepidean itxaroten zion.

Horrela, inguruak eta bideak ezagutu zituen, eta bere ibilbideetan maiz sendagilearekin elkartzen zen hura baserriren batera edo gaixoren bat bisitatzera joaten zenean.

Saltzaile ibiltariaSaltzaile ibiltaria. (Fototeka Kutxa).

Usadioz eztia era ibiltarian saldu izan duen ezti-saltzaileaUsadioz eztia era ibiltarian saldu izan duen ezti-saltzailea.

Maiz egiten zituen ibilbideen artean, ondorengoak aipa genitzake:

  • Autobusa hartuta Debaraino joaten zen. Handik ura hornitzeko kanalari jarraituta Lasturrera joaten zen. Hango tabernan bazkaldu ondoren, Itziarra igotzen zen Txapastan barrena eta, azkenik, Debara itzultzeko San Roke ermitara jaisten den bidea hartzen zuen.
  • Urberuagatik (Markina) errepide lokalaren barrena Larruskainera joaten zen. Han bazkaldu ondoren Mutrikura abiatzen zen, Isasi baserritik eta Olatz auzotik pasatuta.
  • Berriatuan autobusetik jaitsi eta La Magdalena ermitara igotzen zen. Iturrino baserria bisitatu ondoren, Amei eta Olatzen barrena Mutrikura itzultzen zen.
  • Lekeitiotik Ondarroara joaten zen, eta bidean hainbat baserri bisitatzen zituen Oletan, Milloi gainan eta Berriatuan. Zenbaitetan Asterrika aldera desbideratzen zen.
  • Mendarotik abiatuta Ospasen barrena Arno mendira igotzen zen, Arnoate mendi-leporaino, eta handik Mutrikura jaisten zen.
  • Trenez Zarautza joaten zen. Handik Meagaseko gainaldera igotzen zen eta handik Artadiko San Miguelera jotzen zuen. Jarraian Zumaiara jaisten zen eta trena hartzen zuen etxera itzultzeko.
  • Aizarnazabaldik aterata Oikiara jotzen zuen, Zumaian bukatzeko.
  • Orion barrena, Igeldora daraman bidetik igota, Bentetarako bidea hartzen zuen eta jarraian Usurbila jaisten zen.

1963. urtean Seat 600 ibilgailua erosi zuen. Urte askotan zehar lanerako tresna garrantzitsua izan zuen, eta hari esker ibilaldi luzeak saihestu ahal izan zituen. Gainera, egunean bisitatzen zuen baserri kopurua handitzeko aukera eman zion. Ordurako baserri askotako sarbidea ona zen, eta nahiz eta zenbaitetan bide eskasak izan bazegoen baserrietaraino ibilgailuz iristea. Ibilgailu mota hori ongi ibiltzen zen bide eta aldapa haietan, goraino zamatuta joateagatik ikuseremu txikia bazuen ere. Saltzaile honen ustez, beste ibilgailu mota batekin ezin izango zen era horretan ibili.

Baserri giroan lanbide bera zuten beste saltzaile batzuk ezagutu zituen, eta jatorri galiziarra zuten beste batzuk ere bai. Horiek guztiak pixkanaka lanbidea uzten hasi ziren, adinarengatik edo saltzeko aukera gero eta txikiagoa zelako bestela. Izan ere, baserri eremuetako biztanleak gero eta errazago joaten ziren hirietara. 1980. urte aldera eremu horretan ziharduen saltzaile ibiltari bakarra zen.

Hala eta guztiz ere, ohiturak aldatu arren salmenta kopurua mantendu zuen. Horren arrazoia izan liteke, bere ustez, bezeroek behar zituzten artikuluak etxean bertan eta aldizka eskaintzen ziela, haientzat abantaila handikoa.

Horretaz gain, ezaguna zen oso, eta bezero zintzoak zituen, urte askotan lan egin ondoren bere artikuluetan konfiantza handia zuten bezeroak. Era berean, baserrietan ohituta zeuden etxean artikuluan jasotzen, eta saltzaile ibiltaria etxera joanez gero ez zuten hirietara horien bila joateko inolako beharrik.

65 urte bete ondoren murriztu egin zuen lan erritmoa. Goizean baino ez zen bezeroengana joaten, egunero 3, 4 edo 5 baserritara. 1999. urtean behin-betiko utzi zuen lanbidea. Ia bi hamarkadatan zehar saltzaile ibiltari bakarra izan zen.

Lanean aritu zen urte guztietan izan zituen diru-sarrerekin familia aurrera ateratzea lortu zuen. Oroimen ona du lanbideaz eta bizimoduaz, gustukoa batzuen jendearekin harremanetan egotea, batez ere bere erosleekin. Horietako asko laguntzat zituen. Lehendabiziko urteetan oinez ibili behar izan arren, ez ziren beretzat urte neketsuak izan, are gehiago, gaur egun duen osasun ona garai hartan egindako ahalegin fisikoaren ondorio izan daitekeela dio.

Botijo-saltzaileakBotijo-saltzaileak: era ibiltarian burutu den beste jarduera bat.

 

Berri-emaile nagusiak

  • Agustín Pérez Fernández (Mutriku)
  • Andrés Anta Moran (Deba)