Sareak muntatzea eta konpontzea

Muntatzea

Ingurasareak normalean bost sare-atal mota izaten ditu, 135 inguru eginez aparailuko, eta ontzi bakoitzak bi unitate eramaten ditu.  Berri bat egin behar dutenean, osagai guztiak garai batean Huelvan egon zen enpresa portugaldar bati eskatzen dizkiote, baina merkatuan badira beste hornitzaile batzuk ere.

Aparailurako osagai guztiak eskuratu dituztenean, muntatzeari ekiten diote. Horretarako trebeki erabili behar dira lanabesak, orratz eta guraizetatik hasi eta sareari eusteko zutaberaino helduz.  Lan hori behar bezala egiteko, eskarmentu luzea ezinbestekoa du sareginak.

Konponketak

Sareek behar duten konponketak horretara eramanez gero, sareginak ontzira igotzen dira, eta bertan egiten dute beharrezko konponketa.

Normalean, sarea ontzitik lehorrera jaitsi ondoren, kamioi batez leku egokira eramaten da aparailua, han sarea zabaldu eta konpondu beharreko alderdiak, hausturak sarritan, ikustearren. Aulki txiki eta jarrera deserosoetan eserita, erabat eskuzkoa den lanari ekiten diote, behar duten alderdiak josiz, arrantzarako sare egokia lortu arte. Gaur egun, eta lehenago jada aipatu dugun moduan, laneko baldintzak nabarmen hobetu dira, portu batzuetan behintzat. Lanen bat, aparailuaren goiko partean doazen flotagailuak jartzea esaterako, arrantzaleek berek egiten dute.

Sareak konpontzen. (Argazkia: Javier Carballo)Sareak konpontzen. (Argazkia: Javier Carballo)

Sareginen lana mekanizatzeko ahaleginek ez dute atarramentu onik izan; horretan zerikusia du, halaber, lan  honetan ari direnek jasotzen duten lansari txikiak.

Rufina eta “Primi” Irigoien ahizpek diotenez, aldaketa garrantzitsuak ikusi dituzte ingurasareetan eta horiek prestatzeko edo konpontzeko jardueretan.

Antzina sareek oso balio ekonomiko handia zeukaten, halako neurrian ezen ondare-ondasun gisa sar zitezkeen ezkondu behar zuen neska baten ezkonsarian: 1644an Katalina Segurak, Domingo Ierobiren alarguna berau, alaba Katalina ezkondu ondoren sardinak hartzeko zazpi sare eman zizkion Joanes Lertxundiri: bi txiki berri (18 eta 14 dukatekoak hurrenez hurren), beste handi bat (11 duk.), bi “somalla” (12na dukat), “somalla larga entrallada” deitzen zion bat (15 dukat) eta beste “somalla entrallada” bat (9 dukat).

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)

“Rastra” esaten zietenek, dragek, kostu handiagoa zuten; txalupako sareak ziren, aparailu guztiez hornituak, arraina gazitzeko tina eta guztikoak. Horrelakoak erosteko eta ustiatzeko, arrantzaleek elkarteak eratzen zituzten, esaterako 1834an Jose Mª Claesens, Miguel Antonio Telletxea eta Juan Jose Olaizola oriotarrek Getariako Jose Antonio Aizpururekin sortua.