SAREGINAK

Ingurasareko arrantzarako aparailua sare-laukizuzen handi bat izaten da; horren bidez ontziak inguratu egiten ditu arrain-sardak. Beheko aldeak, horretan dago sarea bertikalean hedatzea ziurtatzeko lasta, zerraren eraztun edo kankamo batzuk dauzka, eta horietatik zehar zerra edo agarretakoa igarotzen delarik aukera ematen dute aparailua azpialdean itxi eta arraina barruan harrapatzeko. Goiko parteak ur azalean hesi bat eratzen duten flotagailuak dauzka.

Sare bat osatzen duten oinarrizko elementuak mailak, sare-atalak, arlingak, sare-buruak, bira-muturrak eta azpiko armadura dira. Hainbat arrantza aparailu daude, mota eta neurri desberdinekoak, horiek erabiliko dituzten ontzietara eta aurreikusten den arrantzara egokituak.

AZTIren arabera, 2005ean 70 ontzik erabiltzen zituzten, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar portutan banatuta.

Ingurasareak kostatik 50 miliako tarteraino egiten den baxurako arrantzan erabiltzen dira, eta batez ere antxoa, sardina, txitxarroa, berdela eta beste espezie pelagiko batzuk harrapatzeko; dena den, horiez gain tunidoen arrantzaldian erabiliko den karnata bizia, sardina txikia eta abar, hartzeko erabiltzen dira.

Neurriak aldatu egin daitezke, eta 500 metro luze eta 80 metro garai har ditzake. Normalean ontziek hiru sare mota erabiltzen dituzte:

  • Udaberrikoa, batez ere antxoatan erabiltzeko.
  • Udakoa, karnata bizia hartzeko, eta
  • “harritarako” sareak, hondo zikin eta sakonera txikikoetan arrantzan aritzeko.

Sareak, baina, arrantzan erabiltzen diren lanabes nagusietakoak, hondatu egiten dira erabileraren indarrez, eta horrenbestez konpondu egin behar dira, ontzian bertan kalteak oso handiak ez direnean, baina lehorrean bestelako kasu guztietan, eta eginkizun horietan aritzen direnak sareginak dira, emakumezkoak, lan horretan adituak diren eskulangileak; eta sare berriak ere egiten dituzte, beharrak horretara eramanez gero.

Sareak konpontzen. (Ondarroako museoak emandako argazkia)Sareak konpontzen. (Ondarroako museoak emandako argazkia)

Lan tradizionala da, familiakoa, amek alaba edo emakumezko hurbileko senideei erakutsia, eta denboran oso irregularra, ezen antxoa edo berdela hartzeko sasoian pilatu egiten da lana, eta gero, arrantza ontziak itsasora ateratzen ez direnean, erabat desagertzen da. Normalean aire librean egindako lana izan da, hau da, gure arrantza portuetako kaietan eguraldiaren gorabehera guztiei aurre egin behar izan diete sareginek. Eskura ditugun azken informazioen arabera, 2011ko martxoaren amaieran guztira 64 saregin ari ziren, artean, lanbide horretan EAEko kostaldean, horietatik 24 Getarian, 15 Hondarribian, 12 Orion, 6 Ondarroan, 4 Lekeition eta 3 Bermeon. Alabaina, oraindik jarduera horretan ari direnen batez besteko adin altua eta atzetik erreleboa hartuko dienik ez egotea arazo larriak dira lanbidearen etorkizunera begira.

Gogoratu behar, dena den, sareginak izan zirela, Ondarroakoak gehienak, besteak beste Zubieta eta Osoro eibartarrei gona-babesak egiten erakutsi zietenak. “Emakumezkoentzako” bizikleten eskaera XX. mendeko berrogeiko urteak aurrera zihoazela hasi zen pisua hartzen. Horien fabrikazioak, garai hartan nagusiki Eibarren eta askoz maila apalago batean Katalunian zertuak, ezinbesteko egin zuen osagarri ikusgarri horiek edukitzea; ‘sare’ ere esaten zieten, eta atzeko gurpilean jartzen ziren, bai apaintzeko bai, batez ere, gonak gurpileko erradioetan kateatzea saihesteko. Ohitura aldaketak, emakumeak prakak erabiltzen hasteak alegia, alferreko bihurtu zuen osagarri hori.

Rufina eta Primitiva “Primi” Irigoien Burgaña ahizpak Getariako bi sare konpontzaile ezagun dira. Hainbat hamarkadatan zehar aritu dira lanbidean, eta oraindik ere segitzen dute horretan. Horiekin hitz egiteko eta lanaren berezitasun batzuk ezagutzeko aukera izan dugu.

Arazo garrantzitsu batzuk

Bi kontu garrantzitsu behintzat aipatu beharko lirateke. Alde batetik, lanbide horretan aritzeak osasunarentzat dituen ondorio kaltegarriak, eta “Itsasoko langileen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian” sartuta ez egotea bestetik.

Lehenari dagokionez, aipatu behar da lesio ohikoenak bizkar eta lepoko kontrakturak eta sorbalda, beso eta eskumuturretako tendinitisak direla, belaunetako desgastearekin batera; pentsatzekoa da, dena den, horiek arindu ahal izango direla, berariaz lan horietarako prestatutako espazio estalietan aritu eta erabiltzen diren bitartekoak (aulkiak, sareei eusteko zutabeak, guraizeak, eskularruak, garraiorako orgak eta jantzi pertsonalak) hobetuz gero. Betiere kolektibo horri aitortuta gaitz profesionalerako eskubidea, noski.

Aipatutako bigarren kontuari dagokionez, normalean autonomo gisa kotizatu behar izaten dute, eta kontua litzateke eskaeraren araberako iraupeneko prestakuntza-ikastaroen bidez Lanbide Heziketako titulazio bat lortzea, hain zuzen profesional gisa agertu ahal izan daitezen indarrean dagoen legediaren arabera. 2012ko urtarrilaren 26an lehenbiziko 61 lanbide-ziurtagiri eman zituzten, “aparailuak egiteko eta mantentzeko” atalean. Lehen aipatu ditugun Rufina eta “Primi” ahizpek Bermeoko Josune Renteria aipatzen dute, Euskadiko Sareginen Elkartearen presidentea, helburu hori lortzerainoko bultzatzaile nekaezin gisa.

Azkenik, sareginen lansaria aipatuko dugu. Lan egindako ordu kopuruaren arabera edo “parteko soldata” izaten da, arrantzaleen kasuan ohikoa den moduan alegia. Lehen kasuan 9/10 € bitarte egoten da ordua, eta bigarrenean harrapatutako arrainaren arabera, eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostua armadoreak hartzen du bere gain.