Sarraigileak eta armagileak

Sarrailagintza eta giltzarrapogintza (XV. mendean asmatua) eskualde geografiko jakin batean bildu izan ohi da, ez Euskal Herrian bakarrik (Debagoienean tradizio handia izan da arma zurien fabrikazioan), baizik eta Erresuma Batua eta Alemania bezalako herrialdeetan ere bai. Lanbide horri buruz ari garela, aipagarria da Juan San Martinek jasotako esaera eibartarra: “Eibarren be eitxen dirá ate-morrolluak baña Mondraokuak fama gei-xao dake" (Eibarren ere egiten dira ate-morroiloak, baina Arrasatekoek ospe handiagoa dute).

Metxaren giltza edo txinparta giltza terminoak ikusita, hau da, su-armetan tiro egiteko erabiltzen ziren sistemak, argi dago armagilearen lanbideak sarrailagilearenarekin zerikusi handia izan zuela. Horrela, 1597. urtean, Mateo de Bicuña arrasatearrak, “sarrailak, giltzak eta arkabuzetarako moldeak egiten zituen maisuak", konpromisoa hartu zuen Cristobal de Bizcayari bost urteko ikastaldian “sarrailak, giltzak, arkabuzetarako moldeak eta lanbideari dagozkion bestelako lanak erakusteko" (Oñatiko Artxibo Historikoa, 2338 paper-sorta, 32. orria). Balentziako gremioetan ere zehazten zen “armagileen gremio edo ofizial-elkartea arma zuriei zegokiena” zela, “eskopetagileak sarrailagileen gremioaren adar batekoak baitziren".

XIV. mendean, lehenengo su-armak agertu zirenean, mekanismo txikiak egiteko zuten eskarmentua zela eta, seguru asko sarrailagileak izan ziren lehenbiziko tiro-mekanismoak egin zituztenak. Hala ere, aipatu behar dugu, handik aurrera, armagintza industriak indar handia hartu zuela Debaertainean.

Egiten zituzten produktuak eta jarraitzen zituzten lan-prozesuak oso antzekoak zirenez, bi jardueretan erabiltzen ziren tresnak nahiz baliabideak antzekoak zirela pentsa genezake.

 

José Antonio Azpiazuk utzitakoa.