Artisaua

Lehen Unzuetarra gaztainondoaren egurraz saskiak egiten Meltxor Unzueta Campanaga izan zen. Meltxor Bizkaiko Iurreta herrian jaio zen, Orozketa auzoko Matxorri baserrian. Hainbat lanetan aritu ondoren, azkenean saskigile lanbidearen alde egin zuen. Horretarako, Velez izeneko maisua izan zuen maisu lagun. Lehen urratsak “teilape” batean eman bazituen ere, bere lantegia zabalduko zuen Durangon, 1927. urtean gutxi gora-behera, eta bertara ekarri zituen lanera bere seme-alaba guztiak –sei mutil eta lau neska–, eta bakoitza zeregin zehatz batean aritzeko.

Gizon prestua izaki, Bizkaiko meatzeetarako eskaera handiari erantzuna egokia ematen jakin (egunean ehun saski egiten zituzten), eta lantegi-biltegi bat ireki zuen Gallartan. Bertan jarri ziren emaztea eta bi seme zaharrenak, eta guztion ahaleginaz, jardunean ibili zen 1930. urtetik gerra zibila iritsi arte. Meategietarako saskiak ziren, bagoiak betetzeko erabiltzen zirenak, eta palakada baten neurria hartzen zuten. Horretaz gain, arraia eramateko saskiak ere egiten zituzten, baita astoen ekipamendurako saskiak ere, kopuru txikiago batean. Meatzetako nagusiek “zintzo eta langile” oroitzen dituzte Unzuetarrak, kalitate handiko produktuen hornitzaileak.

Duela urte gutxira arte hainbat anai aritu dira Durangoko saskigintzan. Baina, gaur egun, Juan Unzueta Solaegik (1924ko urriaren 21ean, Bizkaiko Garai herrian jaioa) bakarrik jarraitzen du.

Juan UnzuetaJuan Unzueta artisau maisua. (Argazkia: Javier Carballo).

Lehen mailako ikasketak burutu ondoren, etxeko lantegian hasi zen ofizioa ikasten. Goizeko zortzietan hasi eta gaueko hamarrak arte aritzen zen lanean, beti aitaren agintaritza zorrozpean. Pixkanaka, saskigintzaren atal ezberdinak menperatzen joan zen Juan.

Hirurogeita hamar urtez saskigile aritu ondoren, Juan Unzueta maisu da produktu askoren elaborazioan; saski arruntenetik, apaingarri gisa erabiltzen diren saskietara arte.

Lanerako duen ahalmenaz gain, egin dituen berrikuntzak kontuan izan behar dira: bai diseinu, bai elaborazio teknika berritzaileekin, goitik behera aldatu du saskigintzaren mundua. Behin baino gehiagotan ere ikastaroak eman ditu.

Saskigile lanbidean, eta, batez ere gaztainondoaren zumitzak lantzeko teknikan arrakasta izateko, bi baldintza dira beharrezko, Juan Unzuetaren hitzetan. Alde batetik, ondo egina dagoen lanarekin pozik egotea, eta bestetik, esperientzia berak eman dezakeen abilezi berezia.