Baliabideak

Eraikin nagusiena 8 metro diru luzeran eta 4 metro zabaleran. Bertan saskiak edo otarrak egiten dira, eta, horretarako, 3 x 1 m-ko labe bat dago lantegiaren hegal batean. Labe hori zuraren txirbil eta egur-hondakinez elikatzen da. Tailerretik gertu, 8 x 5 m-tako lantegi zaharra dago, labe eta guzti. Gaur egun, prozesu guztiaren azken emaitza bertan gorde eta erakusketak antolatzen dituzte.

Egungo lantegian, lehentasunezko lekua lau hanketako “asto” edo aulkiak hartzen du. Artisauak gaztainondoaren zumitza bertan orrazten du, nahi duen neurri eta lodiera eman arte. Bi makina baino ez daude: lixatzailea eta kalibratzailea. Lanabesen artean, berriz, aihotza edo altzairuzko hortza, mailu baten laguntzaz kolpatu ondoren makila irekitzeko erabiltzen dena, “aziak” edo bi kirtenetako xafla, “astoan” lana egiteko erabilia izaten dena, eta kolpatzeko mailuez gain, puntzoiak, hargin-mailuak eta molde izenez ezagutzen diren egurrezko egitura sinpleak ere aurki ditzakegu. Juanek antzinako moduan zorrozten ditu lanabesak: harearri hondakinak egur baten gainera bota ondoren, bere gorputzaren eta paretako sartune baten erdian jarri eta harriz landu behar duen zatia estutzen du. Harrigarria da lortzen duen mozte-kalitate maila bikaina.

Lantegitik gertu gaztainondo-makilak biguntzeko erabiltzen duen ur putzu bat dago. Lana soberan zen garaietan, 5 x 2,5 metrotako bost putzu erabili izan zituztela oroitzen du Juan Unzuetak. Deigarria da bertan duten intxaur-tinta gordetegia, bezeroek hala eskatuta saskiak bertan sartzeko.

Berea benetako artisau-lana da, ez dudarik egin.

Lan honetarako aproposak izan daitezkeen gaztainondoak biltzea oso garrantzitsua da. Juan Unzuetak ez du gaztainadirik izan eta mendietako nagusiekin tratuak eginez lortzen zuen behar zuen materiala, kiloka erosiz; Deba Goiena, Leintz Gatzaga eta Arrasate inguruko eremuetan batik bat. Egurraren sekretu guztiak ezagutzen dituen artisau honek, urtero lanerako behar dituen gaztainondo zuzenak eskuratzen ditu, neguan moztuak, ilbeheran beti. Ordea, hurrondoa, haritza edo lizarra, besteak beste, ez dira material aproposegiak otarrak egiteko.