Prozesua

Saskiak egiteak oso bereak diren baldintzak jartzen ditu. Jarraian, labur bada ere, “asto otzariak” astoaren ekipamendurako erabiltzen den saskiaren lanketa azalduko dugu.

Gaztainondoak artisauaren lantegira iristen diren unean, zatirik meheena buruz behera jarriz zutik uzten ditu. Hiru edo lau hilabetez hantxe utzi ondoren, Juan Unzuetak dioen bezala, “materiala batzea lortzen dugu”. Gehiegi gogortu badira, artisauaren esperientziaren arabera eta hala iritzi badu, ur putzu batean sartuko ditu, eta ur gainean ez geratzeko, harri batzuk ipintzen dizkie gainean. Horrela bigundu egingo dira. Egurrari malgutasun gehiago emateko, putzutik atera eta labean berotzea izango da hurrengo pausoa. Horretarako, alde lodia sartuko da lehenbizi, alde mehea ondoren. Behar duten denbora artisau berak neurtuko du “begiz”.

Zumitza “ateratzea” izango da hurrengo betebeharra, hau da, tira fin batzuk ateratzen hastea. Lan hori burutzeko, eskuz orrazten du Juanek materiala, aulkian edo “astoan”, eta otarraren lodiera zein izango den kontuan hartuz beti ere. Astoen ekipamendurako egiten diren saskiek gutxi gorabehera 1,5 mm-ko lodiera izaten dute. Ondoren “landu” egiten du, eta lehen eskuz egiten bazen ere, gaur egun makinaz egiten da. Hori amaitu eta, artisauak, eskuz eta nahi duen neurrira egokituko du zumitzaren kanpo-neurria; malgutasun handiagoa lortu ahal izateko, uretan sartuko ditu. Saskia muntatu beharra dator jarraian. Lehenengo zama handiena eutsiko duen azpialdea prestatzen du, eta hori da, zalantzarik gabe, prozesu guztiak duen momenturik latzena.

Azpialdetik goiko zatira doazen zumitzak tolestu ondoren, buelta guztia “josten” du. Horretarako, azpialdetik datozen zumitzekin kateatuko ditu. Behin “carola” edo otarraren goialdea ixten duen uztaia egin eta ezarri ondoren, behealdeko zumitzak uztai horretan lotuko dira. Saskia erabiltzeko prest dago. Arestian aipatu bezala, bezeroak hala nahi badu, otar hori intxaur-tintan sartuko da. Lehortu ondoren, bernizatu egingo da pistola bidez, akabera emateko.

Obtención de flejesZumitza eskuratzeko lanaren urratsak. (Argazkia: Javier Carballo).

Introducción de la cesta en nogalinaSaskia tindategian murgiltzen, berniza eman aurretik.(Argazkia: Javier Carballo).