Segagintza

Talleres Rugui

Segagintza (xaflak bakarrik) ere, garrantzi handiko jarduera izan zen Azpeitiako Roman Uzin lantegian.

Sega xaflak egiteko altzairuzko jantak erabiltzen zituzten. Piezak berotu ondoren, bi gabi mekanikoek hainbat aldiz kolpatuta, materiala zabaldu, luzatu eta okertzen zuten. Gabia bat eszentrikoa zen, eta  bestea, baleztazkoa; biak Roman Uzinek berak egindakoak (edo moldatutakoak).

Langileek altzairu pieza tenazekin heldu eta bi gabien artean jartzen zuten, eta behar bezala mugitzen joaten ziren, forma egokia hartu arte. Jarraian pieza langilearen iritzira berotzen zuten, suberatzeko; eta gero azkar oliotan sartzen zuten, hozteko.

Altzairua gogortzeko sistema horrek, inolako kontrolik ez zuenez, askotan arazoak sortu zizkien. Izan ere, batzuetan ez zuten nahi adinako gogortasuna lortzen, eta beste batzuetan, berriz, aho gogorregiak egiten zituzten. Azken kasuan, segari kolperen bat emanez gero, xafla, edo puska bat, erraz puskatzen zen. Azkenik, sega-xaflak urez hoztutako harearrizko gurpil birakari batzuekin zorrozten ziren.

Lantegi horretan, 1930 inguruan, 25 langile ari ziren lanean, bi txandatan banatuta. Eguneko 100 sega-aho inguruko ekoizpena zuten. Segak egiteko trebetasun eta eskarmentu handia behar zen, eta horregatik, langile asko ofizialak ziren, su eta gar aritzen zirenak lanean.

Sega modelo eta tamaina desberdinak egiten zituzten, eta gehienetan hortza zorroztu gabe saltzen ziren. Lan hori espezialistek egiten zuten, lantegiarekin zerikusirik ez zutenak, besteak beste Zarauzko Barrentzuk edo Asteasukoek.  Artisau horiek eskariaren arabera zorrozten zituzten segak, beti bezeroak nahi zuen bezala.

Artisau horiek ingurukoak izaten ziren, gehienetan, baserritarrak; eta lanbidea ez zien inork erakusten, eskarmentu bidez ikasten zuten. Horietako batzuk beren errementeria jarri zuten, adibidez Urrestillako Erreuste, orain dela urte gutxi arte jardunean aritu zena.

 

Patrizio Etxeverria

Euskal Herrian erabiltzen ziren sega asko Europako beste herrialdeetatik inportatzen ziren. Inportatuko segen artean, ezagunenak Acier Diamon etxekoak ziren. Baina Patrizio Etxeberria, Legazpin segak egin eta merkaturatzeko sistema berriak garatzen hasi zenean, joera hori aldatu egin zen.

Patrizio Etxeberria, lanbidez errementaria zenak, 1908an, 26 urte zituela, Segura, Etxeberria eta Konpainia enpresa sortu zuen Legazpin, “nekazaritza, meatzaritza eta lanbideetarako erreminta forjatuak egiteko”. Lehen tresnak forma eta tamaina ugaritako aitzurrak, obretarako eta meategietarako hondeaitzurrak, sardeak, eskuareak, pikotxak, mazoak, igeltsero-mailuak, mailuak, sutegiko mailuak eta bestelakoak izan ziren.

1919an enpresa banandu eta oso azkar handitu zen. Bellota markapean, produktuek izugarrizko ospea lortu zuten Espainia osoan. 1931n, 500 langile baino gehiago zituen enpresak, eta 1966an, 3000 baino gehiago.

Sortzaileak, garai hartan ohikoa zen bezala, enpresa gertu-gertutik zuzentzen zuen, eta berehala lantegi integral bihurtu zen: altzairua egitetik hasita produktuak erabat amaitzeraino, eta aldi berean, produktu aukera ere handitu zuten. 1931n, zerealak eta belarra mozteko segak eta garo mozteko otasegak (motzagoak) egiten hasi ziren, denak forma eta tamaina ezberdinetakoak, 460 eta 860 mm arteko luzerakoak, 600 eta 1200 gr arteko pisua zutenak.   1970eko hamarkadan, enpresa nazioartean zabaltzen hasi zen, batez ere Hegoamerikan.

Hasiera batean Austriako teknologia erabili zuten segak egiteko. Bi teknikari etorri ziren Austriatik bertatik, eta horretarako beharrezkoak ziren makinak inportatu zituzten. Makina horiek gela berezi batean jarri ziren, eta gela hori segak bakarrik egiteko erabili zen.

Garai hartan, sega asko erabiltzen ziren. Izan ere, nekazaritzak oraindik garrantzi handia zuen, eta horretan jende asko jarduten zen oraindik. Gainera, sektorea ez zegoen batere mekanizatuta, eta lan gehienak oraindik eskuzko erremintekin egiten ziren. Bellotako gainontzeko erremintek bezala, segek ere ospe handia lortu zuten, kalitate eta errendimendu handikoak baitziren. Hori zela eta, Legazpian egindako erremintek Espainia osoko kontsumoaren zati handi bat hornitzen zuten.

Segak 59 urtetan, metodo, teknika eta makina berberak erabiliz egin ziren, inolako aldaketarik gabe, 1990ean segak egiteari utzi zioten arte.

Gaur egun Europako oso enpresa gutxik jarraitzen dute igitaiak eta segak egiten, eta horien artean aipagarriena Austriako Sonnleithner Gmbh & Co Kg. enpresa da, 1846an sortua.