Sesmako espartzuginen sindikatua

Sindikatua 1914ko udan sortu zen, Eliza Katolikoak gizarte eta nekazari erakundeei, uneoro bere zaintzapean zituen horiei, eman bultzada eta laguntzari esker. Helburu orokor zabalagoak bazituen ere, erakunde horren xedea espartzua hirugarrenei erostea, bazkideei saltzea, eta bazkideei produktu eginak erostea eta hauek merkaturatzea zen. Honek guztiak mamizko aldaketak ekarri zituen lehengo egoerarekiko.

Bost hamarkada baino gehiagotan zehar, Sindikatuak lan handia egin zuen espartzuginentzat, baina hauek bezala, ez zuen behar kemena izan XX. mendeko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko aldaketa sozio-ekonomikoei aurre egin ahal izateko.

Abian jarritako lehen jarduera “salmenta atala” izan zen. Sindikatuak prezioak finkatzen zituen, eta bazkideek egiten eta beste eskatzaile batzuei saltzerik ez zuten produktuak erosten zituen, hain zuzen ondoren Errioxa, Nafarroa, Burgos eta Arabako Nekazari Sindikatu eta Nekazari Kutxei eskaintzeko, horiexek baitziren bezero behinenak; osterantzean, handizkariekin ere aritzen ziren, eta txikizkako salmenta ere jorratzen zuten inguruko herri garrantzitsuenetako dendariekin. Eta Sindikatua zen, halaber, bazkideek egin behar zituzten produktu motak eta kopuruak arautzen zituena, garaian garaiko eskariaren arabera.

Julen ZabaletaJulen Zabaleta iruteko prestaturik dagoen espartzuari eusten.

Sindikatua lanean hasteak gora eragin zion espartzuginen kopuruari, eta Sesmako espartzuagak ahitzea ere ekarri zuen. Behar adina lehengai edukitzeko, Sindikatuak espartzu kopuru handiak erosten zituen inguruko herrietan, Bardeetan, eta Aragoin, eta bere bazkideei helarazten zien gero. Are gehiago, espartzua lantzeko faseetako batzuk mekanizatzera iritsi ziren.

 

Gure eskerrona Tomas Goikoa Martinezi, lan hau posible egin duten informazioengatik.

 

Bibliografia nagusia

  • Diccionario geográfico estadístico-histórico de España y las posesiones de Ultramar por Pascual Madoz Navarra. Madril 1847.
  • Altadill, Julio. Geografía General del País Vasco-Navarro dirigida por Francisco Carreras y Candi. Bartzelona. Nafarroako probintzia.
  • Sagasti Lacalle, Mª José. El esparto en Sesma. Sesmako Udala (Nafarroa) 2002.