Somara

1930eko hamarkada hasieran, Alberditarren lantegiak honako sailak zituen: forja-atala, mekanika-atala (trokelaketa lantegia, bertan bost espezialista aritzen ziren jardunean), eta 20 langile baino gehiago zituen leunketa-atala. Horrez gain, bainuen departamentua, bidalketa biltegia eta administrazio-zerbitzua zituzten.

Labanen kirtenak egiteko, modelo batzuetan, behintzat, xaflarekin batera forjatzen ziren. Beste modelo batzuetan, Debako Reinerren erosten zituzten bakelitazko kirtenak jartzen zitzaizkien. Halaber, aluminiozko kirtendun labanak ere egiten zituzten. Kirten horiek egiteko, aluminioa urtu eta molde batean isurtzen zuten, eta molde hartan bertan altzairuzko xaflaren mutur bat sartzen zuten. Egurrezko kirtenak Eibarko Moisés Ibañezi erosten zizkioten.

Ohikoena somara lan egitea zen (egindako labana bakoitzeko diru-kopuru bat kobratzea). Leuntzaileen kasuan, 1932 edo 1933 aldera, ehun laban bakoitzeko 5 pezeta irabazten zituzten, eta ehun sardexka bakoitzeko 2,50 pezeta. Zortzi orduko lanegun batean, eskarmentu handiko profesional batek 9 pezeta inguru irabazten zituen, eta eskarmentu gutxiago zutenek, berriz, 8 pezeta inguru. 1936an, eguneko 12 pezeta irabazten zituzten.

Pieza bakoitzeko prezioak langileak afiliatutako sindikatuekin hitzartzen ziren, eta lan beragatik prezio ezberdinak hitzartzera iritsi ziren. Soraluzen, (kanoi) lantegia zen beti erreferentzia. 1934 edo 1935 aldera, lehen mailako ofizial batek eguneko 12 pezeta irabazten zituen, bigarren mailakoak baino bi pezeta gehiago. Hirugarren mailako ofizialek, berriz, 9,25 pezeta irabazten zituen eguneko. Peoi espezialistak 8,75 pezeta irabazten zituen.

Deba ibaiaDeba ibaia, Soraluzetik igarotzen den lekuan. Ibaiak ez zuen energia bakarrik sortzeko balio izan, estropadak eta bestelako kirol ekintzak ere egiten baitziren bertan. Horren adibide argazki hau, 1960ko hamarkada erdialdekoa (Juan Manuel Berruetak utzitakoa).