Teilaginak

Buztin masilla bat behar bezala landu eta egosi ondoren eskuratutako zeramika-teilak erabiltzen lehenak Erromatarrak izan ziren, eta horiek sartu zituzten Iberiar Penintsulan. Garai luze batean horrelako teilak erabiltzeari utzi zitzaion, eta Arabiarrak izan ziren berriz ere material hori erabiltzen hasi zirenak, baina kasu horretan forma kurbatua edo barkillo-erakoa ematen zieten teilei. Gaur egun ere, zeramika-teilen ohiko forma horrelakoa da. Halaber, totxo edo trikoteak ere Arabiarrei esker hedatu ziren. Aipatu berri ditugun bi material horiek Ebroko ibarretik iparralderantz hedatu zituzten.

XIV. mendetik aurrera, teilak nekazarien bordak egiteko erabiltzen hasi ziren. Borda horiek solairu bakar batekoak izaten ziren, errektangeluarrak. Horrez gain, sortu berri ziren hiribilduetako etxeak egiteko (1) ere erabili ziren. Hala ere, teilak ez ziren etxeetako teilatuak egiteko beti erabiltzen. Izan ere, Telletxea izeneko etxeek argi erakusten dute, garai batean behintzat, teilak bereziak edo ezohizkoak zirela (2).

Egoera hain aldagarriak izanik ere, teilaginen lanbidea, duela hamarkada gutxi arte erabat artisaua izan zena, lan ziztrin eta iraingarritzat jotzen zen, eta Euskal Herrian oso teilagin gutxi zegoen. Hori zela eta, beste lekuetatik ekarri behar izaten ziren. Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoari eta teila nahiz adreilu eskari handiari esker, egoera hura hobetzea lortu zen.

 

(1) Alberto Santana. Baserria. Bertan Bilduma, 4.zenbakia. Gipuzkoako Foru Aldundia
(2) Julio Caro Baraja. Los Vascos.  Itsmo argitaletxea, Fundamentos bilduma