Industrializazioa

XIX. mende bukaeran, Euskal Herriko teilagintza eta adreilugintzan berrikuntza ugari erabiltzen hasi ziren. Ondorioz, poliki-poliki usadiozko metodoak alde batera utzi ziren, eta makinak erabiltzen hasi ziren bai buztina bahetzeko nahiz nahasteko baita buztinari forma emateko ere. Horrez gain, labeak industria-ikuspegiaren arabera egiten hasi ziren. Labe horiei esker, ekoizpen askoz ere handiagoak eskuratzen ziren, eta erregaia ere aurreztea lortu zen, egurraren ordez harrikatza erabiltzen baitzen.

Arregi sendiak berrikuntza horiek 1922an sartu zituen lantegian. Buztina lantegiraino eramateko 1 metro kubo edukierako bagoiak erabiltzen ziren. Bagoi horiek errail gainean mugitzen ziren, tobera batera iritsi arte. Bertatik hiru harrizko gurpil zituen errota batera isurtzen zen buztina, eta harrizko gurpil haiek, ardatz baten inguruan biratzen zuten heinean, buztina txikitzen zuten. Jarraian txiki-txiki eginda zegoen buztina, zinta garraiatzaile baten bitartez, nahasteko makinara eta ijezteko makinara garraiatzen zen. Makina haietara iristean, buztina urarekin nahasten zen, jarraian, bi arrabolen artetik pasa ondoren, zentimetro bateko xaflak egiten ziren.

Beste zinta garraiatzaile batek orea buztin-opilak egiteko makina batetik pasatzen zuen, hau da, teila forma edo adreilu forma zuen aho batetik pasatzen zen, horrela pieza bat edo bestea lortzeko. Jarraian, makina ebakitzaileak horrela lortutako buztin-opilaedo buztinezko pieza nahi zen luzera mozten zuen. Bi eragiketa horien artean, husteko makina batek oreak zuen airea kentzen zuen. Teileriako gaur egungo jabeak, Luzio Arregik, dioenaren arabera, buztina buztin-opilak egiteko makinatik ateratzen zenean, harekin korapiloak ere egin omen zitezkeen, "goma bezalaxe uzten baitzuen". Makina guztiak egurrezko txirrikez eta larruzko uhalez osatutako mekanismoaren bidez zebiltzan.

Piezak lehortzeko, lehenbizi teilape baten azpian jartzen ziren, apaletan, 24 orduz. Horrez gain, lehortegi bat ere bazeukaten, labetik ateratzerakoan adreiluak botatzen zuten beroa mantentzen zuena. Adreiluak eta teilak egosteko labe jarraitua, Hofman motakoa, ezarri zuten. Labe hark 45 metroko tximinia zuen. Labeak adreiluzko bi tunel paralelo zituen, lurzoru gainean eraikitakoak. Bi tunelek 42 metro luzera zituzten, eta hasiera eta bukaeran elkartuta zeuden.

Goiko aldean, tarteka zulo batzuk zituzten, bertatik ikatza bota eta sua handitzeko. Kanpoko hormetan ate asko zeuden adreilu nahiz teilak sartu eta ateratzeko. Labea konpartimentu askotan banatu zitekeen, paperezko konporta edo uhateak erabiliz. Aldi berean konpartimentu horietako batean gertatzen zen errekuntza, baina sua konpartimentu batetik bestera zabaltzen zen poliki-poliki, eguneko 10 metro inguru.

Beharrezko airea errekuntza gertatzen zen kontrako konpartimentutik sartzen zen. Tunelaren erdia igarotzen zuen, dagoeneko egosita zegoen materialez betetako konpartimentuetatik pasaz. Handik pasatzean egositako materiala hozten laguntzen zuen, errekuntza gertatzen ari zen konpartimentura iritsi arte. Handik aurrera, tunelean aurrera egiten zuen, baina kasu horretan, materiala hoztu ordez, oraindik erre gabeko materiala berotzen laguntzen zuen, azkenik tximiniatik atera arte.

Teileria hartan 40 langile edukitzera iritsi ziren. Gehienak Asturiarrak izaten ziren eta udaberri hasieratik uda bukaera arte egiten zuten lan, usadioz bezalaxe, lan gehiena aire zabalean egiten baitzen.

Sistema hura 1970ko hamarkada arte egon zen martxan. Hamarkada hartako krisiaren ondorioz, Euskal Herrian 40 teileria baino gehiago itxi ziren.

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Luzio Arregieri (Bergarako Arregi Teileria), jarduera horri buruzko aditu bikaina izanik, lan hau egiteko informazio baliagarri ugari eman baitigu.