Teknika

Litografia ura eta tinta koipetsuen arteko ukapenean oinarritzen da, baita bi elementu horien arteko atxikiduran ere.

Lehenbizi irudia harri zehatz batean kopiatzen zen eskuz. Harri hori porotsua izan behar zen (harri litografikoa), eta gainazala oso ondo leunduta egon behar zen, irudia ondo kopiatu ahal izateko. Irudia kopiatzeko tinta koipetsuak erabiltzen zituzten, harrira oso ondo itsasten baitziren, eta aldi berean, ura uxatzen baitzuten.

Bi sistema erabiltzen ziren irudia harri gainean kopiatzeko: lehenengo sisteman, irudia egiteko harria beranekin lantzea zen, eta ildoetan tinta sartzea.

Bigarren sisteman, harri gainean arkatz berezi batekin (arkatz litografikoa) edo luma batekin zabaltzen zuten tinta. Marrazkilari eta artistek nahiago zuten bigarren teknika, horrela marrazkiak zuzenean harri gainean irudikatzen baitzituzten, eta horrela ez zuten grabatu beharrik, ez baitzuten lan hori menderatzen.

Irudia inprimatu nahi zenean, lehenbizi harriaren gainazala urez bustitzen zen, ura marraztu gabeko gainazaleko poroetan sartzeko (eta tintaren ondorioz, marraztutako poroetan ez sartzeko). Jarraian, inprimatzeko tinta koipetsua zabaltzen zen harriaren gainazal osoan. Tinta koipetsu hori, aldez aurretik tinta zegoen aldeetan itsatsita geratzen zen (elkarren artean erakartzen direlako), eta ura zegoen aldeetan, berriz, ez zen itsasten.  Gero, paper orri bat jartzen zen harri gainean, eta nahikoa zen gainean presio pixka bat egitea irudiaren kopia fidel bat lortzeko. Inprimaketa sistema hori oso azkarra zen, gainera, harria ez zen higatzen eta inprimaketa asko egin zitezkeen harri berarekin.

Hala ere, harriak ezaugarri bereziak izan behar zituen. Alde batetik, porotsua izan behar zuen, ura xurgatzeko modukoa, baina aldi berean ale xehekoa, koipea atxikitzeko modukoa. Harri erabilienak kare-harriak ziren, eta gutxienez 5 cm-ko lodiera izaten zuten prentsaren presioa jasateko. Hala ere, lodiera hori harria harrobitik nola ateratzen zen araberakoa izaten zen. Irudia grabatu ordez marrazteko, harria zink-xaflek ordezkatu zuten, lortzen errazagoak baitziren.

Baina lan zailena irudia harri gainean behar bezala marraztea zen, bai marraztuta edo beranekin eskuz grabatuta. Izan ere, batez ere bigarren kasuan, ildo asko egin behar ziren, eta nahiz ez ziren oso sakonak izaten, oso zehatzak izan behar ziren.

Harri gaineko litografia–grabatuak egiteko behar ziren mahia, babesa, gurpila eta lumakHarri gaineko litografia–grabatuak egiteko behar ziren mahia, babesa, gurpila eta lumak.