Teknologia-berrikuntzak

1925 inguruan, AEB-tan erortze libreko forja-mailua erosi zuten. Soraluzetar zaharrenek gogoan dute ingude oina tren-geltokitik Alberditarren lantegiraino eramateko izan ziren arazoak. Izan ere, piezak 13.000 kg pisatzen zituen, idiek tiratuta garraiatu behar zen, geltokia Soraluzeko goiko aldean zegoen, eta lantegira iristeko herriko kale nagusiak iragan behar izan ziren.

Makina berriari esker, labana forjatuak egiten hasi ziren, xafla eta kirtena estanpazio bidez eginez. Horretarako 8, 9 eta 10 milimetroko hagaxkak hartu, muturrak fuel-oliozko labe batean berotzen ziren, eta jarraian, hotzean arbastatzen ziren. Forjatu baino lehen, hagaxkak gabian luzatzen ziren.

Garai hartan, Ingalaterran labanak arbastatu eta ahoa mehetzeko bi makina pare erosi zituzten. Makina horiek erostea teknologia-berrikuntza garrantzitsua izan zen, eta inguruko lantegietan teknika bera erabiltzen hasi ziren, betiere beren produktuetara egokituta. Labanak mahai baten gainean jartzen ziren, eta mahaiak bere ardatzean biratzen zuen eraztun formako harri urratzaile bat ukitzen zuen. Mahaia mugitzean, harriak labanaren xafla arbastatzen zuen, eta nahi zen ahoa egiten zion. Makinak, simetrikoak zirenez, binaka erabiltzen ziren. Bakoitzak xaflaren aurpegi bat arbastatzen zuen, eta gehienetan emakumeek maneiatzen zituzten. Harrien neurri bereziak zirela eta, makinak lantegian bertan eraiki behar izaten ziren.

Garai hartan leuntzeko makina bat ere jarri zuten lantegian. Makina horrek aldez aurre zeuden bi polea zituen, eta horien artean labana sartzen zen, bertikalean.  Makinari eragiten zitzaionean, poleak elkartu eta aldi berean labanaren bi aurpegiak leuntzen zituzten.

1932tik aurrera, altzairu herdoilgaitza erabiltzen hasi ziren (ordura arte karbono-altzairua bakarrik erabiltzen zen). Altzairu hori Alemaniatik inportatzen zen, zumitz ijetzizko zerrendetan. Zerrenda horiek albo bat bestea baino finagoa izaten zuten, labanaren ahoa errazago egin ahal izateko.

Nahiz eta horrenbeste teknologia-berrikuntza izan, materialen kalitatea betiko moduan egiaztatzen zen: labanak limoietan sartu eta herdoiltzen ziren ikusita.