Telefonistak

Urrunean daudenekin harremanetan jartzeko, iraganean era askotako sistemak erabili zituen gizakiak. Horien artean, garrantzitsuenak aldez aurretik zehaztutako esanahia zuten seinaleak ziren (kea, zuziak, banderak, kanpaiak eta soinuak edo hotsak, besteak beste). XVIII. mende bukaeran, telegrafia optiko erregularra agertu zenean, aurrerakuntza handiak egin ziren komunikabideetan.

Espainian, lehen linea telegrafikoa, militarrek bakarrik erabili zezaketena, 1831an ezarri zen Madrid, Aranjuez eta La Granja artean. Jose Zufiaurreren arabera1, 1835ean, Gasteizen telegrafia-estazio bat ezarri zuten, bandera eta banderatxo seinale bidezkoa, Katedral zaharreko Santa Maria dorrean. Horrela, Miranda de Ebrotik iristen zen linea osatu eta, Herrerako mendatea zeharkatuz, Villarcayo-Iruña linearekin elkartzen zen. Hala eta guztiz ere, egunez bakarrik erabili zitekeenez, handik gutxira gauez ere erabili zitekeen sistema bat ezarri zuten. 1844ean, Jose Maria Mathe gipuzkoar ingeniariari Madril-Irun linea egitea eskatu zitzaion, eta aipatutako linea hori 1846ko urriaren 2an zabaldu zen. Ordudanik mende eta erdi baino gehiago igaro bada ere, Arabako lautadan, oraindik telegrafo optiko erregular haren zutabe edo zutoinak ikus daitezke.

DorreaTelegrafo optiko erregularraren lehen dorrea.
Euskal herrikoa araban, armion eta quintanilla artean zegoen kokatuta, eta madrildik zetozen albisteak jasotzen zituen. (jose zufiaurrek utzitakoa).

Baina benetako iraultza Alexandre Graham Bell eskoziarrak asmatutako telefonoa izan zen: izan ere, asmakizun horrekin XIX. mendeko azken herenean ahotsa distantzian helaraztea lortu zen. Telefonoa oso azkar hedatu zen, eta Suezia izan zen asmakizun hura ezarri zuen Europako lehen herrialdeetako bat. Espainiako legegileek (1882/08/18ko Errege Dekretuaren bitartez), ikusi zuten telefonoak ezarri eta ustiatzeko jarduera kontzesio bitartez osatutako ekimen pribatua izan behar zela. Handik bi urtera, iritziz aldatu zuen eta sektoreko esklusiba gorde zuen, horretarako telegrafoetako langileez baliatuz 1886 arte (ekainaren 13ko Errege Dekretua eta urriaren 5eko Araudiaren bitartez) ez zen “telefono-sarearen zerbitzua zaindu eta ikuskatzeko" agindua eman.

Telefonoari esker, industria eta lanbide ugari azaldu ziren: lineak berak ezartzeko espezialistetatik hasi, telefono lineak ezartzeko behar ziren lehengaiak erauzten zituztenetik pasa eta telefono-aparailuak egiten zituztenetaraino.

Lanbide berri haien artean telefonisten lana azpimarratu behar dugu. Izan ere, hasiera-hasieratik emakumeek bakarrik egin zuten lan hori, emakumeentzakoa zela uste baitzen.