Telefonistak

Bi telefono aparatuen artean komunikazioa ezartzeko, eskuzko zentraletan pertsona bat egon behar zen lanean. Izan ere, abonatu bakoitza linea baten bidez lotuta zegoen koadro konmutadorera. Horri esker bi linea elkar lotu zitezkeen, eta lineak koadro ezberdinetan zeudenean, lotura-lineak erabiltzen ziren bi abonatuak lotzeko. Lan horiek guztiak telefonistek egiten zituzten.

Telefonista lanpostu bat eskuratzeko azterketa batzuk gainditu behar ziren (gainditzen gero eta zailagoak zirenak). Bertan gazteleraz eta euskaraz irakurketa eta idazketa probak egin behar zituzten; eta horrez gain, oinarrizko aritmetikako lau arauekin problemak ebatzi behar zituzten eta zenbakien burubide menderatzen zutela frogatu behar zuten. Denbora aurrera joan hala, geografiari buruzko ezagutzak ere eskatzen zizkieten. Gipuzkoako Errege Probintzian egin zen lehen deialdian (1909), aurkeztu ziren 102 emakumeetatik 69-k bakarrik gainditu zuten azterketa. Telefono-sarea, zerbitzuak, abonatuak eta urrutiko deiak gero eta ugariagoak zirenez, 11 urtetan 190 langile izatera pasa ziren.

Telefonista larakoz betetako koadro baten aurrean egoten zen eserita, belarrietan entzungailuak jarrita. Abonatu zehatz bati zegokion “txapa borobil txiki bat erortzen zenean” hura deika ari zela esan nahi zuen. Telefonistak bezeroak nahi zuena jakin ondoren (“jarri ez dakit nongo ez dakit norekin”), tiket edo txartel bat betetzen zuen eskaria eta orduarekin. Jarraian, eskarien orden zehatzaren arabera, komunikazioak ezartzen zituzten abonatuen artean. Lana konplexuagoa izaten zen eskatutako konexioa hiriartekoa edo probintziartekoa bazen. Nazioarteko deiak ia abenturak izaten ziren. 1924. urtean, Gipuzkoan 5.922 nazioarteko dei egin ziren.

Deiak hiru minutu baino gehiago irauten bazuen, telefonistak abonatua ohartarazten zuen (betiere honek kontrakoa eskatzen ez bazuen). Sei minutu igarotzean berriz ere ohartarazten zuen, horrela hiru minuturo.

Hiri barneko deietan ez zen tiketik betetzen, zerbitzua doakoa zelako. Izan ere, arduradunak tiket haiek jasotzen zituen, eta haiekin konpainiaren zerbitzuak erabilitako abonatuentzako fakturak egiten ziren.

Telegrafia- eta telefonema-zerbitzuak ere telefonisten erantzukizuna izaten zen. Telefonistak bezeroek eskatutako oharrak idazten zituen, beste lankide bati pasatzen zizkion, eta hark hartzailearen etxera eramaten zuen. Baserrietarako arduradun berezi bat zegoen, telefonemak jaso eta baserrietara eramaten zituena. Igorleari prezioa jakinarazten zitzaion (entrega-zerbitzua barne), eta horrek baieztatu egin behar izaten zuen. Arduradun berezi hark, mezuaren presaren eta eguraldiaren arabera 1 eta 3 pezeta bitartean kobra zitzakeen. Telefonemak garraio-kostua ordainduta edo iristean ordaintzekoa izan zezakeen. Gehienetan garraioa ordainduta izaten zuten, bigarren kasuan hartzaileak mezua ordaintzea ukatu baitzezakeen.

Atzerapenak oso ohikoak izaten ziren, eta askotan ordu batzuetakoak izatera iristen ziren (izan ere, eskaria sarearen kapazitatea baino askoz handiagoa zen). Abonatuek erreklamazio ugari egiten zituztenez, eta askotan haserretzera iristen zirenez, garai hartako telefonistek, pazientzia handia izateaz gain, bezeroekin tratatzeko ahalmen handia izan behar zuten.

Telefonistek abonatuen arteko elkarrizketak entzuteko aukera zutenez, beren lanarekin zerikusia zuen edozein gaian sekretu profesionala gorde behar zuten. Herri txikietan eta mintzalekuetan (ehun baino gehiago zeuden: 22 EuskoTreneko sareko geltokietan eta beste bat Lasarteko hipodromoan, “lasterketa-garaian irekita egoten zena”), telefonistek independentzia handia bazuten ere, Donostia, Ibarra, Eibar, Bergara eta bestelako gune garrantzitsuetan, arduradunek zerbitzua antolatzeaz gain, denak ondo funtzionatzen zuela bermatzen zuten, eta horrek langileak askoz ere kontrolatuagoak egoten zirela esan nahi zuen. Telefonistek txanda asko egiten zituzten lanerako, eta deskantsu denbora laburrak izan arren, hien lana nahiko gogorra zen.

Gizartean estimu handia zitzaien, eta soldata, CTNE-ko telefonistena baino apalagoa izan arren, antzeko lanetan irabazten zena baino handiagoa zen. 1930eko hamarkada hasieran, arduradunek hileko 300 pezeta irabazten zuten, bigarren mailako telefonistek hileko 250 pezeta eta hirugarren mailakoek (abonaturik gabeko mintzalekuetan), 150 pezeta. Telefonoa automatizatzen joan zen heinean, eskuzko zentralak desagertzen joan ziren, eta horrekin batera telefonistak. Oraindik bizirik dauden telefonistek oso oroimen ona dute beren laneko garaiari buruz eta duela lau hamarkada arte egindako lanari buruz

 

El teléfono automático en Guipúzcoa al alcance de todos. Ignacio Maria Echaide. Gipuzkoako Foru Aldundia. 1925