Telefonoen linea-jartzaileak

Gipuzkoako telefono sarea, Donostiakoa izan ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena izan zen 1950. urtera arte, 1908an lortutako kontzesio bati esker. Telefono sarea jartzea 1910ean amaitu zuten bi urtez instalatzen jardun ondoren. Inbertsioa 1.113.000 pezetakoa izan zen eta kapataz baten ardurapean aritu ziren 7 laguneko 6 taldek jarri zuten. Instalazioa osatzeko, besteak beste, 7.000 kg burdina galbanizatu behar izan zuten, egurrezko 10.000 poste inguru, 107.000 isolagailu eta gutxi gorabehera 21.000 langa.

Telefono linea mantentzeko bi talde behar izaten ziren 1931-1936ko bitartean; bakoitza 10 lagunekoa eta kapataza edo langileburua. Horiek gehienbat linea berriak jarri, matxuratuak konpondu eta behar bezala funtzionatzeko moduan mantentzeaz arduratzen ziren. Horretarako, hari hautsiak konpontzen zituzten, poste berriak jarri eta airetiko edo lurpeko kableak jartzen.

Getariako Pedro Ituarte telefono lineak jartzen espezialista izan zen. Berak dioskunez, Gipuzkoa osoan lan egiten zuten langileak bildu ziren lan honetara, herri guztietakoak. Bizikletaz joaten omen ziren etxetik lan egin behar zuten lekuraino edo ingururaino; etxetik gehiegi urrutiratzen baziren, sarritan gertatzen zena, han inguruko herriren bateko ostatuan lo egiten eta jaten zuten. Bizikletan bertan eramaten zituzten lanerako erremintak eta taldeko beste langile batzuei banatzekoak zirenak: palanka, burruntzi bat zuloetatik lurra ateratzeko, pala, pikotxa eta holakoak; konponketak egiteko haria ere eramaten zuten sorbalda gainean.

Telefono lineak ohiz bide eta errepideak jarraituz jartzen zituzten, lana eta mantentzea errazteko. Linea berri bat jartzeko premia zenean, kamioi batek eramaten zuen eta banatzen, lanerako behar zen materiala (egurrezko posteak, langak, isolagailuak eta haria). Ohiz horiek guztiak baserrietan biltzen ziren, behar zenean linea jartzen ari ziren lekura eramateko; garraio hori baserritarrek egiten zuten, betiere aurretik hitzartutako diruaren trukean. Aipatu beharrekoa da baserritarrekin beti izan duten harreman ona.

Posteak ohiz Norvegiako pinuak izaten ziren, 8 eta 10 metroko garaierakoak; eta horiek jartzeko, energia elektrikoaren garraiorako linea-jartzaileek erabiltzen zuten antzeko teknikaz baliatzen ziren.

Telefonoak

Bitxia gertatzen da tinkatutako lineari gezi egokia emateko erabiltzen zuten komunikazio sistema; langile bat geziaren azpian jartzen zen eta besteei txistuz ematen zizkien aginduak: txistu bat haria tiratzeko; bi gelditzeko; hiru lasaitzeko, eta beste txistu berezi bat, aurrekoen nahasketa, atzera egiteko.

Kable lodiak, 80 pare hariz osatutakoak, inguruko baserriren batean kontratatutako idi pare batez tinkatzen ziren.

Linean matxuraren bat gertatzen bazen, langileek bizikletaz jarraitzen zuten linea harik eta matxura aurkitu arte; ohiz bizikletan bertan eramaten zituzten konponketarako materiala eta erremintak: haria eta eskuko erreminta batzuk.

Linearen bat lur azpitik eraman behar zutenean, erreten bat egiten zuten 40 x 80 cm-koa, eta zorua karesnez berdintzen zuten; ondoren, gomazko tutu batzuk jartzen zituzten egurrezko urkila batzuekin eutsiz, eta gainean, ondoz ondo, zementuz egindako letxada bat eta hormigoia botatzen zuten. Hormigoia lehortzen zenean, gomazko tutuak ateratzen zituzten nahiko erraz, eta telefono lineak sartzeko zuloa gelditzen zen.

Lineak zentralera lotzeko lana langile espezializatuek egiten zuten; horiek arduratzen ziren, berebat, herrietan telefonoak jartzeaz eta konponketak egiteaz.

Hogeita hamarreko hamarraldian, Foru Aldundiaren taldeetako langileek 9 edo 10 pezeta kobratzen zuten egunean; langileen kontura izaten ziren, ordea, ostatua eta janariak etxetik kanpoan zirenean; hori gutxi gorabehera 3,50 eta 4 pezeta inguru izaten zen eguneko. Garai berean, inguruko industrian ari zen langile batek 5 edo 6 pezeta irabazten zuen egunean.