Telegrafia optikotik haririk gabeko telegrafia elektrikora

Sistema optiko baten bidez historian lehenbizi igorritako telegrama frantziar Konbentzioan jaso zen 1794ko Thermidorreko 2an, errepublikar armadak austriar armadaren kontra izan zuen garaipena iragarriz. Baina telegrafia optikoak, Frantzian izan ezik, ez zuen garrantzi handirik izan komunikazioen arloan. Espainian oso berandu sartu zen eta gainera inoiz ere ez zen egon gizartearen zerbitzuan, monarkiaren eta militarren zerbitzuan baizik.

José Zufiaurrek (1) jakinarazten digunez, “1835ean Gasteizen telegrafo estazio bat jarri zuten katedral zaharreko Santa Maria dorrean bandera eta banderatxoekin seinaleak egiteko. Dorre horrek osatzen zuen Miranda de Ebrotik Herrerako mendatean zehar luzatzen zen linea, gero Villarcayo-Iruñeakoarekin lotzen zena, alegia. Jakina, sistema hori egunez baino ezin zenez erabili, beste sistema bat erabili zuten gauetan".

M. Ciriquiain-Gaiztarrok bere Monografía histórica de la M.N. Villa y puerto de Portugalete monografia historikoan zera adierazten du telegrafo optikoa Bizkaian sartzeari dagokionez: 1840an telegrafo estazio bat jarri zuten Bilbon. Horretarako plataforma bat eraiki zuten bere txabola eta guzti hareatzako etxerantz, ibai gainean. Hiru masta zituen. Lana Bilboko Merkataritzako Juntak –junta horrek ordeztu zuen Kontsulatua– egin zuen, Goicoechea arkitektoak egindako proiektuaren arabera. Udalak baldintza batekin eman zuen plataforma eraikitzeko baimena: "Herriko artilleriari –gerraren kezka– oztoporik ez zaio egingo da, bestela ez da baimenik emango".

Aipagarriak dira, halaber, iparraldeko armada liberalak gerra karlistan elkarri lotuta ezarri zituen bi linea finkoak. Bata, Gasteiztik Iruñera zihoan eta bestea hortik Lizarrara, hor zirkulu erdi bat eginez. Linea horiek lau urtez egon ziren funtzionatzen.

Hainbat saio eta proiektu abian jartzeko ahaleginak egin ondoren, XIX. mendeko berrogeiko hamarkadan hasi ziren helmen luzeko lehen lineak jartzen. Lehena, Gaztelakoa izena zuena, 1846ko urriaren 2an hasi zen funtzionatzen. Berrogeita hamabi dorre zituen eta Madril eta Frantziako muga elkartzen zituen. Linea horrek Valladolid, Burgos, Gasteiz eta Donostia zeharkatzen zituen. Ia mende erdi igaro ondoren, oraindik ikusteko moduan daude Arabako lautadan zehar telegrafo optiko erregular hartako dorreen oinak. Askoz ere lehenago, 1823an, Paris eta Baiona lotzen zituen linea bat jarri zuten.

Telegrafia optikorako dorreaTelegrafia optikorako dorrea, Miranda de Ebrotik zetorren linean. Hori ondoren Villarcayo-Iruñekoarekin lotzen zen. José Zufiaurrek utzitakoa.

Faustino BodasFaustino Bodas (1921) telegrafista. Javier Carballoren argazkia.

Dorrezainek ez zekiten zer esanahi zuten zeinuek; horiek dorretik ikusten zutena, aurreko edo atzeko dorrean zegoenari luzatu baino ez zuten egiten. Zeinuen interpretazioa linearen ibilbideko gune garrantzitsuetan egon ohi ziren arduradun militarrek baino ez zuten egiten.

Gure herrialdean telegrafia optikoak ez zuen bizi luzea egin, informazioa elektrizitatearen bidez bidaltzeko aukerak aurkitu zirenean. Azken sistema hori azkar hedatu zen, eta 1855ean abian zen jada Madril-Irun lotzen zituen 613 km-ko linea. Bederatzi urte geroago, 1863an, jada 10.000 km-ko linea eta ia 200 estazio zeuden abian. Eta 1919an 32.500 km eta 1.500 estazio. Lehenbizi era erradialean zabaldu ziren, eta ondoren etorri ziren zeharkako komunikazio sarea osatzen zuten linean. Horiek guztiak premia zibilen zerbitzura jarri zirenez, modu esanguratsuan lagundu zuten garapen ekonomiko eta sozialean.

Espainian haririk gabeko telegrafia XX. mendearen lehen hamarkadan ezarri zen, Irratitelegrafiaren Zerbitzuari buruzko oinarri eta araudiaren 1908ko urtarrilaren 24ko Dekretuaren bidez. Era berean, itsasketa alorrean ere komunikazio sistema hori erabiltzen hasi ziren.

Euskal Herria lehena izan zen komunikazio telegrafikoak abian jartzen, hein handi batean Europako mendebaldearekin lotzeko linea Frantziatik zetorrelako eta merkataritza itsasketak garrantzi handia zuelako.

TransmisorManipulatzailea edo transmititzailea. Haririk gabeko telegrafian erabilitako argotazko "txitxarra". Julen Zabaletaren marrazkia.

 

(1) José Zufiaurre. "Torres de telégrafo". Anuario de Eusko-Folklore 1987. 34. liburukia, 153-177 orrialdeak.