Telegrafistak

Faustino Bodas Arcaniz (Altsasu, 1921) 1944an sartu zen telegrafoetako funtzionarioen gorputzean lehiaketa batzuk egin ondoren. Azterketetan ortografia eta geografia ondo jakitea eskatzen zen, baita matematika eta mekanografia ere. Frantsesa eta ingelera jakitea aukerakoak ziren. Ahozko eta idatzizko probak Madrilen egiten ziren, eta bi egun irauten zuten. Azterketa gainditu ondoren, hiru hileko ikasketak egiten zituzten Telegrafiako Eskola Ofizialean. Horretan, gehienbat gailu batzuk erabiltzen eta Morse hizkuntza ikasten zuten.

Garai hartan ohikoa zenez, Bilbo izan zen bere lehen destinoa (destino hau zigortzat jotzen zen); hor bi urtez egon zen, eta ondoren Harora bidali zuten, eta Haron jardun du 35 urtez. Buru kategoria lortzean, Donostiara bidali zuten (4 urte), eta 65 urte betetzerakoan derrigorrezko erretiroa hartu zuen "zerbitzuan berrogeita lau urte egin ondoren".

Telegrafista lanbidea aukeratzerakoan zerikusi handia izan zuen enpresa publiko batean lan egiten zuen bere aita "alanbreru"ak. Faustinok uste du bere lanbidea "segurua" zela eta gainera baimena ematen zuela lanpostua gordez hamar urteko eszedentzia hartzeko, eta horrek aldi berean aukera ematen zuela errentagarriagoa izan zitekeen beste lanbideren bat bilatzeko. Bere seme Gerardok 53 urte dauzka eta familiako tradizioa jarraitu du, duela 32 urtetik Zestoako Posta eta Telegrafoetako burua delako.

Telegrafista

Telegrafista

Julen Zabaletak marraztutako telegrafistak.

Telegrafistaren funtsezko eginkizuna telegramaren testua harrerako leihatilan hartzea zen, eta batzuetan, sarritan ez esatearren, berak idazten zuen testua, edota berak eta bulegoko arduradunak. Testua aztertu eta hitzak neurtu ondoren, kobratu egiten zen, telegrama nolakoa izan: arrunta edo presakoa. Ondoren, mezua bidaltzera jotzen zuen, eta horretarako, manipulagailu bat erabiltzen zuten: palanka mugikor bat malguki batekin, hori zapaldu eta korronte bat bidaltzen zen lineara; mezuak Morse hizkuntzan bidaltzeko, korronte horri bidea ematen zion palanka denbora gehiagoan edo gutxiagoan zapaltzen zuten, eta horrela mezua osatu arte. Ondoren, bezeroari ziurtagiri bat ematen zitzaion, mezua bidali izana zuritzeko.

Bulegoetan beste gailu bat izaten zuten mezuak hartzeko. Horrek egun osoan jarduten zuen funtzionatzen, eta ohiz elektroiman bat izaten zen, linea bidez bidalitako korrontea hartzen zuenean, tintadun gurpiltxo bat mugitzen zuen eta horrek marrak eta puntuak markatzen zituen erloju mekanismo batez mugitzen zen paperezko zinta batean. Morse hizkuntzan idatzitako mezua jaso ondoren, hitzezko hizkuntzara itzultzen zen eskuz, hartzaileari emateko. Jakina, hori guztia egiten "telegramaz bestelako bideak erabilita mezua bidali eta xedeko lekuan jasotzeraino egingo zukeen denbora baino askoz ere azkarrago jasotzen zen mezua".

Telegrafo bulegorik ez zegoen lekuren batera bidaltzen zenean mezua, xedeko lekutik gertuen zegoen herrira bidaltzen zen, eta hortik telefonoz helarazten zen mezua hartzailea bizi zen lekuraino. Hor, bertako langile batek jasotzen zuen mezua paperean eta hartzaileari helarazten zion, betiere hartzaile horrek mezuaren gastua onartu eta kitatu ondoren.

Denborak aurrera eginahala diru bidalketek garrantzia hartuz joan ziren: telegrafo bidezko posta igorpenak. Horretarako, aldez aurretik bidaltzaileak hartzaileak jaso behar zuen dirua sartzen zuen posta bulegoan, eta horrek hartzailea bizi zeneko bulegora jakinarazten zuen diru sartua zegoela. Bulego hartzailea arduratzen zen ordainketa egiteaz, betiere gastuak kendu ondoren.

Bulego bakoitzeko mezuak bidaltzeko eta jasotzeko gailuen kopurua, bulego bakoitzeko lanarena arabera erabakitzen zen. Urteak joan urteak etorri, gailu horiek ere garatuz eta automatizatuz joan ziren, telegrafistaren lana erraztuz.

Lan istripuaLan istripua. Marrazkian New Yorkeko telegrafoetako etxezainak izandako lan istripua. L`ilustration 1890eko azaroaren 22, 2.491 zk.a, 441. orrialdea.

Bulegoetako buruek, aparatu bakoitzaren eguneroko adierazpena betetzeaz gain, zor-hartzekoak egokitu behar izaten zituzten eta emaitza probintziako zentralera bidali, banku igorpenaren bidez.

Vicente Calvo Cuesta (Barakaldo 1933) 14 urte zituela hasi zen lanean 1947an telegrafo bulegoan, Bilboko janari denda batean zuen lana utzi ondoren. 1993an hartu zuen erretiroa 46 urtez lan egin ondoren "beti nire herria zerbitzatzen". Bulego horretan izan zuen lehen eginkizuna telegramak, "pepe"ak, banatzea izan zen; laster "afizioz" Morse hizkuntza ikasten hasi zen "sirimiriak interferentziak eragiten zituen egunetan". Orduko garai haietan bere bulegoak Lutxana, Burza, Gurutzeta eta Retuertoko premiak ere artatzen zituenez, oinez joaten zen herri horietara joan behar izaten zenean, ahal zuenean tranbian ere ibiltzen bazen ere. Geroxeago bizikleta bat eskuratu zioten banaketa lanetarako. Telegrafoa geroz eta gehiago erabiltzen zenez, langile banatzaile gehiago hartu behar izan ziren. Hala, langile bakar bat zegoen bulegoan 1983. urtean 4 izatera iritsi ziren.

Telegrafista laguntzaile oposizioetara aurkeztu zen 1958an Valladoliden, eta sei hilabete geroago Madrilen egin ziren beste batzuetara, kalifikazio hobeak lortzeko. Handik zortzi urtera, 1964. urtearen hondarretan, Barakaldoko telegrafo zuzendaritzako buru izatea lortu zuen, orduan hutsik baitzegoen. Kontuan izan behar da garai hartan langile gaituak leku batetik bestera bidaltzen zituztela sortutako bulego berriak abian jartzeko. Buruzagitza horretan jardun zuen, 1981ean Posta eta Telegrafoak bateratu zituzten arte. Bi gorputz horiek elkartzerakoan zuzendari lanak beste bati eman zizkioten zerbitzuan antzinatasun handiagoa zeukalako.

Urteak igaro ahala tresneria eta gailuak hobetuz joan ziren. Garai horretan Barakaldoko bulegoan gailu bat zeukaten mezuak bidaltzeko eta jasotzeko; hori palankaren posizioa aldatuz lortzen zuten. Hala bi lanak aparailu berean egiten zituzten palanka posizioz aldatuz. Siemens etxeko teletipo bat ere bazuten. Etendura elektrikoak gertatzen zirenean, eta sarri gertatzen ziren, ohiz 9 edo 12 ordukoak izaten ziren, telegrafoa baino ezin izaten zuten erabili, horrek Feri etxeko 60 pilako bateria batekin funtzionatzen baitzuen. Hori garbitu eta erregularki betetzeaz etxezainak arduratzen ziren.

Posta banatzaileen gabonetako zorion txartelaPosta banatzaileen gabonetako zorion txartela. (Manuel Zaragozak utzitakoa).

TelegramaGipuzkoako Foru Aldundiaren telefono zerbitzuak bidalitako telegrama. (Manuel Zaragozak utzitakoa).

Harreman onak izaten zituzten zerbitzuko erabiltzaileekin. Sarri telegrama hartu behar zutenak "urduri jartzen ziren, zeren ohiz notizia txarrak, hala nola familiakoen edo lagunen heriotzak, telegrama bidez ematen ziren jakitera, orduan oraindik ez zirelako asko etxeetan instalatutako telefonoak".

Hirurogeiko hamarraldian, urtean joan urteak etorri, eskualdeko industriaren garapena nabarmen areagotu zen, eta horrekin bat telegrafo erabiltzaileak ere modu nabarmenean gehitu ziren. Hala, larunbat eta igandeetan beren etxekoei asteko diru irabazia bidali (igorpenak) nahi zuten langile etorkinen ilarak eratzen ziren. Soldadutzan ziren etxekoei ere usu egiten zitzaizkien diru igorpenak.

Eskualdeko beste hainbat eta hainbat enpresek ere zerbitzu hau erabiltzen zuten, hala nola Bizkaiko Labe Garaiak (hilean 100 bidalketa inguru; jasotzeak, ordea, gutxiago izaten ziren) eta Nabalak, garai hartan ez zegoelako telegrama bulegorik Sestaon.

Hiru telegrafo linea ateratzen ziren Bilbotik Barakaldora arte (312 izenekoa), hortik beste batzuetara banatzeko. Beste bigarren bat Portugaletera (217 izenekoa) bideratzen zen eta hirugarren bat (129a) Santurtzira. Hala ere, "alanbreruak" Bizkaiko hiriburuan zuten egoitza.

Gauza txarren artean, Vicentek gogoratzen duenez, berak zuzentzen zuen telegrafo bulegoan izandako gertaera bat aipatzen du, orduan pistola mehatxupean 400.000 pezetako lapurreta egin baitzuten.

Telegrafista lanak, beste askok bezala, badu eragina urte askotan lanbide berean lan egiten duten langileen bizitzeko moduan eta izaeran. Vicente Calvo, erretiroa hartu eta denbora luze batean, hatz erakuslea mugitzen aritzen zen telegrafo-manipulatzaile zenean Morse hizkuntza transmititzeko mugitzen zuen moduan. Orain bi nobela idatzi dituen arrean, ez dago ahaztuta bere bulegoaz, eta ohiz joaten da Barakaldon bere lantokia izan zen bulegora.

langile talde batCorreos y Telégrafos-etako langile talde bat 1918. urtean. (Manuel Zaragozak utzitakoa).