Tolosako armagintza

Arrasate, Bergara eta Bilbo ezpatagintzako eta beste armagintzako gune garrantzitsuak izan arren; Tolosa eta eskualde osoa ere ezpatagintzako gune garrantzitsua izan zen. Bertan artisau ugarik egin zuten lan, eta beren sutegietan era guztietako arma zuriak egiten zituzten. Jarduera horren garrantzia eta bailaran izan zuen pisua garai hartako dokumentuetan agertzen da islatuta, non jarduera horren garapenaren gorabeherak azaltzen diren.

1577an, errege-agindu batek Tolosan egindako arma guztiak Plasenciara eramatea agindu zuen, han Lopez de Helio zuzendariak aztertzeko. Armek ez bazuten azterketa hori pasatzen, ezin ziren saldu ere egin.

Horrek sortutako garraio kostuak eta berandutzea zela eta, urte hartako Batzar Nagusietan kexa bat aurkeztea erabaki zuten. Batzar Nagusietan beharrezko kudeaketak egin ondoren, Tolosan egiten zen edozein ezpata aho Gipuzkoan eta Erresuman saldu edo lantzeko baimena lortu zuten, horretarako ezpatek azterketa pasa beharrik gabe.

Nafarroako Eugi herrian, 1536. urtetik Errege Errementari bat zegoen. Bertan, Frantziako mugatik gertu zegoenez, armak eta munizioak egiten ziren. Baina materiala eta garraioa oso garestia zenez, eta bestalde Milango armagileak (armerolak) bertan lanean hastearen ondorioz kexak sortu zirenez, Espainiako Koroak lantegia beste leku batera eraman nahi izan zuen. Gorabehera ugariren ondoren, lantegia Tolosan jartzea erabaki zuten, Udalak erraztasun ugari eman zizkielako (eraikina eta instalazioak egitea) eta jarduera hori bailaran oso errotuta zegoelako.

1630ean, lanak amaitu zirenean, Eugiko armagileak, batzuk jatorri italiarrekoak, beren familiak eta erremintak hartuta, Tolosara joan ziren. Horrela gauzak, Errege Lantegia martxan jarri zen. Bertan “arma zuriak, ezpatak, baionetak eta zaldi nahiz zaldunentzako era guztietako armadurak” egiten ziren. (1) Lantegi horretako zuzendaria Erregeak aukeratzen zuen, eta Plasenciako lantegiaren zuzendaria ere bazen aldi berean. Lantegia 1760an itxi zen, bere produktuen eskari ezagatik.

Garai hartako dokumentuen arabera, 1720. urtean Errege Lantegian zazpi maisu forjari, bi ofizial zorrogile, sei apaingile eta lau harri-lantzaile ari ziren lanean (2). Denen artean 16.325 baioneta egin zituzten, “azterketa pasatakoak eta Erregearen zigiluarekin markatutakoak”, bakoitza 3/4 laurdeneko kobrezko txanponetan saltzen zena. Irabaziak honela banatzen ziren:

  • Maisuei, baioneta bakoitza forjatzeagatik. 20/4
  • Harri-lantzaile bakoitzari, baioneta bakoitza harriz lantzeagatik  3/4
  • Apaingileei pieza bakoitzari distira emateagatik. 3/4
  • Zorrogileei zorro eta kantera  bakoitza egiteagatik 5/4
     

Beraz, baioneta bakoitzeko 3/4 gurpil hidraulikoak konpondu eta harri-lanketarako izaten zen, baita armagileak eta beren familiak zaintzen dituen mediku edo zirujauren "soldata eta bisitak" ordaintzeko ere.

Halaber, maisu bakoitzak, "zalditeriko alfanje bakoitzagatik, kako eta zorroduna, bederatzi erreal eta lau laurdeneko kobrezko txanpon" irabazten zituen, eta “infanteriako ezpata bakoitzeko, harriz landutakoa eta apaindutakoa, sei erreal eta laurdeneko kobrezko txanpon bat” irabazten zuen.

1735ean, hamazazpi artisauk egiten zuten lan Errege Armategian (3), eta 1760an hamaseik: hamar “maisu baionetagile”, zortzi Tolosar eta bi Alegiar, eta sei "harri-lantzaile, baioneta horiek leuntzeko(4).

Guztira hileko 1200 baioneta egiteko konpromisoa hartu zuten, eta dirudienez eman zitzaien ereduaren arabera, kobrezko 8 erreal eta laurdenean “amolatzeko makina hidraulikoak errekatik aski urik jasotzen badu”.

 

(1) Pablo Gorosabel. Bosquejo de las antigüedades, Gobierno y otras cosas notables de la Villa de Tolosa. 2. edizioa. Tolosako Udala, 1956

(2) Juan Garmendia Larrañaga. Gremios, Oficios y Cofradías en el País Vasco. C.A.P. 1979. Declaración de los armeros de Tolosa. 192.orrialdea

(3) Juan Garmendia Larrañaga. Lehen aipatutako obra.

(4) Juan Garmendia Larrañaga. Lehen aipatutako obra.