Tornulariak

Gizakiek antzinatik erabili dute tornua beren oinarrizko beharrak asetzeko beharrezkoak zituzten tresna edo elementuak egiteko, eta, beste lehengai batzuen artean, egurra lantzeko. Torneatzeko erabilitako oinarrizko baliabideek etengabeko bilakaera izan dute. Hasiera batean erabiltzen zen tramankuluak pieza edo tresna arku baten laguntzaz biraka jartzen zuen; gaur egun, berriz, zenbakizko kontrola duten tornu konplexuak erabiltzen dira.

Tresna horien erabiltzen espezializatu diren artisauak tornulariak ditugu. Antxon Aguirre Sorondok adierazten duenez, “aulkietako kinkilariak, Gaztelako fustero izenekoen kide izan litezkeenak, taldeka ibiltzen ziren Ingalaterrako basoetan zehar eta baserri eremuetako biztanleei aulkietako hanka nahiz bizkarraldeak torneatzea eskaintzen zieten. Horretarako erreminta gutxi erabiltzen zituzten: kirten motzeko aizkorak (opaitzurrarena bezalakoxea) eta kirten luzekoak, palotea, zerra, zur zizel batzuk eta pedalei eraginda funtzionatzen zuen tornu txiki bat, garraiatzeko egokia”.

Gure herrialdean, eta oro har basoa garatzeko klimatologia-baldintza egokiak dituzten eremuetan, Kantauri itsasoko ertza kasu, egurra tornuan lantzeko lanbidea garrantzitsua izan da oso, eta horretan ziharduten artisauek eskualde bakoitzaren eskariari egokitutako produktuak lantzen zituzten.