Transhumantzia

Oso gaztetatik, 1950eko hamarkada hasieratik, bere familiarekin batera ardi-zaintzan aritzen zen. Aipagarria da Idiazabaldik Morgara (Bizkaia) egiten zuten transhumantzia. Bertan bost hilabete inguru pasa ondoren, handik Urbiara joaten ziren, han beste bost hilabete inguru pasata gero, betiere klima eta bazkaren arabera, handik berriz ere Idiazabalera itzultzen ziren.

Idiziabaldik azaroan irteten ziren, eta lau egunetan Morgara iristen ziren: lehen egunean, Udamaraino iristen ziren; bigarrenean, Kampazarrera; hirugarrenenan, Muniketara (Durango pasatuta); azken egunean, Morgara iritsi arte. Morgatik Urbiara apirilean joaten ziren gehienetan, eta bidaia hiru egunetan egiten saiatzen ziren. Morgatik Muniketara joaten ziren. Han gaua pasa eta gero, bigarren egunean Kanpazarren gelditzen ziren, hirugarrenean Urbiara heltzeko, edo batzuetan Arantzazura bakarrik. Horregatik, batzuetan gauez ere bidaiatu behar izaten zuten. Pilarreko Amaren egunaren inguruan Idiazabalera itzultzeko bidaiari ekiten zioten, eta bertan gutxi gorabehera hilabete eta erdi egoten ziren.

Lan horretan familia osoa aritzen zen (gurasoak eta bi seme), eta Domingok "zaldiaren ipurtaldean, hari ondo helduta" bidaiatzen zuela ondo gogoratzen du. Artaldea 300 ardi ingurukoa zen, nahiz eta batzuetan 500eko artaldera iritsi ziren. Morgan, hutsik zeuden baserrietan bizi ziren, eta Urbian berriz txaboletan.

Oraindik oso gazte zela, hamabi urte zituela, etxez etxe gazta freskoa saltzen hasi zen: Orbea bizikleta batean ibiltzen zen, atzealdean parrila handi bat zeukala eta gainean gaztaz betetako saski bat.  Morga inguruetan barrena ibiltzen zen, eta batzuetan Mungiara eta Galdakaora ere iritsi zen. Aldapak igotzeko egin behar zuen indarra ondo gogoratzen du oraindik. Lan baldintzak asko hobetu zitzaizkion hamasei urterekin 4 abiadurako L1 scooter Lambretta bat erosi ziotenean.

Domingo Goiburu UrrestarazuBasta bat egiteko azken pausoak, Domingo Goiburu Urrestarazuk eginak. (Argazkia Javier Carballo).