Trebetasuna eta eskarmentua

Garai guztietan onartu izan da, horrelako erlojuak egitea oso lan zaila dela.  Dagoeneko XVIII. mendean adierazi zen (1): “Lanbide guztiek dute bere arte edo trebetasuna. Kantariek bere trebetasuna behar dute, harginek bere trebetasuna behar dute, gramatikariek beren trebetasuna behar dute, baita aritmetikariek ere. Beste lanbide guztiek, baita sukaldariek ere, beren trebetasuna behar dute, baina erlojugileek ez daukate trebetasunik, eta beraiek inork baino gehiago behar dute trebetasun hori, erlojugintza gizakiek egiten duten lan zailenetako bat baita".

Halaber, jakintza teorikoen alde azaltzen ziren honakoa adieraztean: "Erlojugintza sekretuetan oinarritzen da, eta ez da erraza horiek jakitea libururik eta maisurik gabe. Esan beharra daukat, abilezia eta lan-gogo handiarekin jakintza horren zati bat lor daitekeela; baina denbora eta eskarmentu handia behar da, eta hori ez da komenigarria erlojugintzan”.

Urte askotan, maisu erlojugileak “mekanikako aristokratatzat" jo izan dira. Izan ere, "arte mekanikoaren arlo guztien artean, ez dago erlojugintzak bezainbeste aparailu, eraikuntza, kalkulu eta ikuspegirik duen arlorik. Esan daiteke, erlojugintzan garatu diren aparailu eta mugimenduei esker, lanbide asko sortu eta garatu direla. Hasiera batean, erlojugintza, lan zaila eta fina zena, era artistikoan garatu zela esan daiteke, eta ez era industrialean.

erlojugile artisauak erloju modernoak konpontzen eta mantentzen jarraitzen zuten1960ko hamarkadan, erlojugile artisauak erloju modernoak konpontzen eta mantentzen jarraitzen zuten. (KUTXA fototeka).

Lehen profesionalek gogor lan egin behar izan zuten. Ez zuten kalkulu zehatzik egiten, horren ordez gutxi gorabeherako kalkuluak egiten zituzten; horri erreminta eza gehitu behar zaio. Izan ere, lanerako tresnak bakoitzean asmatu eta egin behar zituzten. Hori guztia kontutan hartuz gero, sekulako lana egiten zutela ikusiko dugu, lanbidearekiko zuten gogoa frogan jartzeko modukoa. Mendetan zehar, ekoizpena lehen aipatutako baldintzetan egiten zenez, oso erloju gutxi egiten ziren. Erloju lantegi handirik ez zegoenez, erlojugile bakoitzak bere ukitua ematen zion erlojuei. Kutsu edo arrasto hori galdu egin zen, XIX. mendean erlojugintza era industrialean antolatzen eta garatzen hasi zenean.

Iraganean, erlojugile baten lantegia zenit-argi batek argitutako gela soil bat besterik ez zen, bertan lan-mahai bat izaten zen, maisuak eta ikastun pare batek lan egiteko modukoa. Ez zen ohikoa lantegi bakar batean hiru edo lau langile aritzea”.

Teknologia-aurrerapenak maisu erlojugileak ordezten hasi ziren poliki-poliki, nahiz eta erloju mekaniko artistiko zaharrak mantendu eta konpontzeko oraindik ere haien jakintza eta trebetasuna beharrezkoa zen.

 

(1) Arte de reloxes de ruedas. P.F. Manuel del Río. 1759