Oso lan gogorra

Lehen aipatu dugun bezala, tren-makina gidatzea oso lan gogorra zen, batez ere neguan. Sugilearen lana bereziki gogorra zen, galdararen su aurrean egiten baitzuen lan, bide estuko trenbideetan eguneko 4 tona ikatz palaz haitzatuz, eta bide zabalekoetan, eguneko 11 tona ikatz palaz haitzatuz.

Tren-gidariek eta sugileek etxetik urruti egiten zuten lan. Lanaldiak izugarri luzeak izaten ziren, eguneko 12 eta 14 ordu artekoak. Ezin izaten zuten tren-makinatik atera, eta bertan egin behar izaten zituzten otorduak. Horrez gain, etengabeko ordutegi aldaketak ere jasan behar izaten zituzten. Askotan etxetik kanpo egin behar izaten zuten lo, trenbide-konpainiek jarritako lekuetan. Kasu horietan 8 orduko etena izaten zuten. Izarak etxetik eraman behar izaten zituzten, larruzko zorretan bilduta, ez zikintzeko.

Hutsarteetan, sugileak eta tren-gidariak makinan bertan otordua prestatzen zuten. Horretarako horma bikoitzeko eltze berezi bat erabiltzen zuten. Erdiko zuloan prestatu nahi zen janaria jartzen zen, eta galdarari lotuta zegoen hodi baten bitartez, bi hormen artean ur-lurruna sartzen zen. Lurrunaren beroari esker janariak egosi egiten ziren. Prozedura hura gogoan dutenen esanetan, oso gisatu goxoak ateratzen ziren, askotan geltokietako langileek ere nahi izaten baitzituzten. Askotan, galdaratik ateratako xafla bat erabiltzen zuten sardinak tren-makinan bertan erretzeko.

XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako trenak askotan hondatu eta berandutzen ziren. Horren ondorioz, trenbideetako langileek lana zein ordutan bukatuko zuten ez zekitenez, etxetik irtetean gehienetan janariz betetako saski bat eramaten zuten.

ZaintzaileaTrenbide zaintzaileek trenak igaro behar zuen ibilbidea egoera onean zegoela egiaztatzen zuten.

LangileakFerrocarriles Vascongadoseko langileak, 1918an. (Argazkia Kutxa Fototeka).

Gehienetan, tren-gidariek eta sugileek nahiko soldata eskasa irabazten zuten. Hala ere, ordu asko lan egiten zutenez, eta horrez gain, sariak ere jasotzen zituztenez (horien artean lehen aipatutakoa, erregaia aurrezteagatik, eta baita olio gutxi erabili edo ordutegiak betetzeagatik jasotzen zirenak), azkenean garai hartan ohikoa zen soldata eskuratzen zuten. Era berean, berandutzeagatik edo matxurak izateagatik zigorrak ere jasotzen zituzten, makina behar bezala zaintzen ez zutelako.

Horren ondorioz, tren-gidari izateko funtsezkoa izaten zen sakeleko-erlojua izatea, kate batekin lotuta eramaten zutena. Hasiera batean langileek beren poltsikotik ordaindu behar izaten zuten erlojua, eta hori erosteko gutxi gorabehera hiru hilabeteko soldata behar izaten zuten. Aurrerago, Gobernuaren agindu baten arabera, trenbide-konpainia guztietan, tren-gidari bakoitzari sakela-erloju bat ematen zitzaien, enpresaren anagrama eta izenarekin. Lanaldi bakoitzaren bukaeran, tren-gidariek erlojua itzuli behar izaten zuten.

Euskal Herriko trenbideak elektrifikatzen hasi zirenean (lehenak, 1929an, Altsasutik Irunerainoko linean eta Bilbotik Donostiarainoko linean), poliki-poliki sugile eta tren-gidariak desagertzen joan ziren. Horrez gain, tren-gidarien lan-baldintzak nabarmen hobetu ziren: lanaldi eta ordutegi finkoak izaten hasi ziren, gehienetan zortzi ordukoak, eta ondorioz makinan denbora gutxiago igarotzen zuten.

1960ko hamarkadan, oraindik martxan zebiltzan lurrunezko tren-makinetan fuel-olioa erabiltzen hasi ziren ikatzaren ordez, eta lurrunezko makinak behin betirako 1975ean desagertu ziren.

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Juanjo Olaizolari, Trenbidearen historian aditua baita eta lan hau egiteko informazio ugari eman baitigu.