Trenean bizitzen

Mandatariek trenez bidaiatzen zuten, eta horretarako urte osorako abonuak erosten zituzten, ahal zutenean, behintzat. Lanaldiak astean sei egunekoak izaten ziren, eta askotan amai ezinak, duela berrogeita hamar edo hirurogei urte zeuden baldintzak kontuan izanik. Donostiatik Bilbora lau ordutik gora irauten zuen bidaiak eta Arrasatetik Donostiara (Maltzagako trenez aldatzearekin) eta Donostiatik Arrasatera, sei bat ordu. Deba Garaia ondo ezagutzen duen batek dioskunez "hamazazpi urtetan (1940tik 1957ra) trena behin baino ez zen iritsi bere orduan Arrasatera". Oñatira bagoaz, are okerrago, trena bi aldiz aldatu behar baitzen (San Prudentzio eta Maltzaga).

Mandatarientzat trena aldatzea (Maltzagan, esateko, edota trenetik autobusera aldatzea) oso lan neketsua izan ohi zen. Sarritan oso denbora gutxi izaten zuten pakete guztiak tren batetik bestera aldatzeko, eta bidaia bakoitzean hala egin behar izaten zuten. Baina, benetako amesgaiztoa trenetan ohiz eta usu gertatzen ziren matxurak izaten ziren. Holako egoeratan tren batetik laguntzera zetorren trenera eraman behar izaten zituzten pakete guztiak. Lapurretak eta galtzeak ere sarri gertatzen ziren, eta horiek galerak handiak eragiten zituzten bai mandatariarentzat bai bezeroarentzat, orduan ez baitzegoen asegururik gertaera horiei aurre egiteko, eta mandatariek ere ez zuten horren premiarik ikusten.

Gerra zibila izan zenean, estraperloa etorri zen, hau da, agintariek bahitutako artikuluen komertzioa edota leku batetik bestera eramatea. Delitu hori asko zaintzen zen, gehiegi gaur egungo irizpideetarako. Trenaren ibilbidearen edozein lekutan sartzen zen polizia eta bidaiarik eta batez ere paketeak arakatzen hasten zen, mandatariak ez zekiela barruan zer zihoan. Egoera horretan ez zen harritzekoa mandatariak batzuetan egoera horren biktima gertatzea. Horren harira, honela esan zigun eskarmentu handiko mantari batek: "geure diru sarrerak areagotzeko ahal genuena egiten genuen", gainera, gai batzuk, hala nola, kafea, usain handia zuten eta berehala antzematen zuten hori. Tabakoaren trafikoa ere zaintzen zuten, baita jaki batzuk ere: irina, arrautzak, patatak...

Pedro Leturia GallasteguiPedro Leturia Gallastegui Arrasateko mandataria (1903/1958).

Mandatariek kobratzen zituzten prezioak distantziaren arabera kobratzen ziren, baita paketearen tamainaren arabera ere. Arrasate eta Oñatitik Donostiara bidalitako kartazal batek pezeta bat inguru balio zuen 1940an, eta 3 pezeta inguru hamar urte geroago. Eskarmentuko mandatari batek adierazi digunez, "kartazal asko eraman eta ekartzen genituen aldi guztietan".

Trenaren barruan mandatariek beren leku berezia izaten zuten, gehienak behintzat. Azken hurreneko bagoian elkartzen ziren, azken bagoia konboia ixten zuena izaten zelako. Horrek aukera ematen zien zamalanak errazago egiteko, batez ere trenez aldatzeak egiterakoan. Tren berean elkartzen ziren mandatariak elkarrizketa eta lagun arteko solasaldietan entretenitzen ziren, edota egunkariak irakurtzen, baita puntu egiten ere. Batzuetan, gazteek gehienbat, beste bidaiari batzuekin hitz egiten aritzen ziren: ikasleak, bidaiari-saltzaileak, etxetik kanpo lan egiten zituzten langileak, eta abar.

Iragan mendeko hirurogeikoan, trenez bidaiatzen zuten mandatariak furgoneta eta kamioietan ari ziren mandatariek egiten zieten konpetentziaren eraginak nabarmentzen hasi ziren. Mandatari berri horiek erabat hedatu ziren ondoko urteetan. Hasiera batean, ibilgailu horiek hiri barruan baino ez ziren ibiltzen, eta kanpora joan behar zirenean trena erabiltzen zuten merkeago ateratzen zitzaielako. Baina geroago, mandatari helduenek urteetan egin zuten lana uzten hasi ziren eta gazteenek beste lanbide batzuk bilatzen hasi ziren. Holako egoeratan beti gertatzen den bezala, berrogeita hamar urtetik gorakoak izan ziren kaltetuenak.

Treneko mandatariek egiten zuten lanak, etxez etxe paketeak eramatearena, ez da inondik ere desagertu, areagotu baizik; baina gaur egun lan hori enpresa espezializatuek egiten dute, antzina egiten zuten bezala baina baliabide eragingarriagoz eta erabiltzailearentzat garestiagoz. Egia esan, batez ere gerra osteko gabezia ekonomikoa arintzen lagundu zuen lanbidea desagertu da. Oraindik bizirik dirauten mandatariek oroitzapen ona dute bere lanbideaz, baina jakin badakite iragan garaiek ez dutela itzulerarik.

Mandatari gazteaMandatari gaztea Donostiako kaleetan zehar bizikletan, 1965-1970ko bitartekoan (Kutxako fototeka).

 

Berriemaile nagusiak

  • Pepita Iriondo Lizarzaburu (1915)
  • Luciano Itxaso Soler (1923)
  • Juan Leturia Arrate (1927)
  • Conchita Unanue Egaña (1930)