Trufa-laborantza

Lurra landuz trufak lortzea da trufa-laborantzaren helburu. Behar diren landaketak egiten dira, lurra prest egon dadin. Baldintza konkretu batzuk bete behar dira helburu hori lortu ahal izateko.

Trufa landatzeko eremuak ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu: lur, klima, topografia eta landaredi egokiak hain zuzen. Sail horrek aurretik trufa naturala eman izana ere baliotsua izango da. Lur horren ezaugarriak kontuan izanda, zaila izaten da beste produktu batzuk bertan landatzea. Beharbada horregatik esaten da trufak lur pobreenetatik jatetxe garestienetara salto zuzenean egiten duela.

Aurretik egon diren landaketetarako makinek utzi duten lurrotza apurtu behar da aurrena, lurra berriro prest egon dadin. Horretarako, belarri-goldea erabiliko da, drainatzea eta lurraren aireztapena erraztuz. Lur horretan noizbait zuhaitzak egon badira, sustraiak kendu beharko dira. Landatze garaia baino lehenago egingo da lur prestaketa eta eguraldia lehor denean, hezetasunak lurra opildu baitezake. Ondoren, gainaldea berdindu eta sendotu behar da.

Nafarroako trufa-laborantzan erabili ohi diren hiru espezietatik bat aukeratzea (batez ere zurbeltza, baina baita haritza eta hurritza ere, azken hori kopuru askoz txikiagoan bada ere), klimatologiaren arabera egin ohi da askotan, baina baita trufa-laborariaren esperientziari eta ezagutzari kasu eginez ere. Egun, landare mikokizkurrak, hau da, onddoaren mizelioaren eta landareen sustraien arteko elkartrukerako prestatuta dauden landareak saltzen dituzten hazitegi ugariek, eskaintzen duten horren kalitatea bermatzen dute, eta iraganean gertatzen ez zen zerbait zen hori. Lur-motaren arabera, Azaroa eta Martxoa bitartean egingo da landaketa. Horretarako, landarea hartuko duen zuloa prestatzen da, eta sustraiak busti ondoren hor sartuko da, lurrari estutuz eta erro-lurduna apurtu gabe. 200-250 landare inguru landatzen dira hektarean bakoitzeko, eta 7 x 7 metroko eremu batean.

Landaketak belar txarrak kentzea eskatuko du, eta, batez ere, ureztaketa, urtean zeharreko klimatologiaren araberakoa izan ohi dena. Izan ere, Javierren hitzetan “uda lehorra bada eta urik ematen ez badiezue, trufarik gabe geratu zara”. Zuhaitzak kimatzea ere beharrezko da.

Eta aurretik esplikatu berri ditugun urrats horiek guztiak ondo betez gero ere, sekula ez da jakiten trufa-baratzeak bere fruituak noiz emango dituen (izan daitezke lau, sei edo zortzi urte), ezta emango ote dituen ere.

Gure informazioaren arabera, Europan boilur beltzaren bataz besteko produkzioa urtean 60 tonakoa omen da. Espainian 40 tona lortzea produkzio handi bat lortzea dela uste da, 25 tona badira produkzioa ertaina dela esango da, eta produkzio txikia 10 tona baino ez badira urtean. Nafarroan dena da trufaren laborantzaren aldeko ahalegina, batez ere 1989az geroztik, eta batez ere I.T.G Agrícola delakoaren gidaritzapean. Lehenbiziko zuhaitz mikorrizak 1990ean landatu ziren Lizarrako "Tierra Estella"-n, trufa naturalaren presentzia izan zuten eremuetan. Harez geroztik, 30 hektarea eta 10.000 landare haiek fruituak ematen jarraitzen dute.